Mohamed Nagy Xehata epaileak hil arteko espetxe zigorra ezarri die 230 pertsonari, eta hamar urtekoa 39 adingaberi. Epaia eman aurreko saioetan erretiratu ziren Hend Nafaren eta Ministroen Kontseiluko istiluen epaiketako beste 268 akusatuen abokatuak. Argudiatu zuten epaileak funtsezko frogak ukatu zizkiela, defentsak proposatutako testigantzak baztertu zituela eta banakako froga argirik ez zuela aurkeztu. Egipton ohikoa da akusatuak bertan izan gabe epaitzea, akusatu asko direnean bereziki. Giza eskubideen aldeko elkarteek, tokikoek eta nazioartekoek, onartezintzat jo dute egoera, eta epaiketa «iruzur bat» izan dela salatu du Amnesty Internationalek. Akusatuetatik, 39 adingabeak hamar urteko espetxera zigortu zituzten iragan astean, eta 230 helduak, bizi guztiko espetxera. Hend Nafa horietako bat da.
Nola atxilotu zintuzten?
Larunbat batean, 2011ko abenduaren 17an. Junta Militarraren aurkako manifestazio batean nintzen, iraultzaren helburuak aldarrikatzen. Ministro Kontseiluaren aurreko kanpaldi bat zen. Armadak jo egin ninduen, atxilo hartu, eta biluztu, Zientzia Akademiaren aurrean. Gero, Senatuaren egoitzara eraman ninduten. Torturak sistematikoak ziren. Gela bat prestatu zuten emakumeak torturatzeko. Hamar neska ginen. Jo egin gintuzten, eta sexu gehiegikeriak egin. Gure errua zela zioten bitartean, bideoak grabatu zituzten. Batek uko egin zion gu torturatzeari, eta elektrifikatu egin zuten. Inoiz ikusi dudan gauzarik gogorrena da.
Hor amaitu zen amesgaiztoa?
Ez. Kubry al-Ubako ospitale militarrera eraman gintuzten. Eta gu jotzen jarraitu zuten. Zaurietan puntuak eman zizkiguten, anestesia eta botikarik gabe. Gero, beste ospitale batean, ohera lotu ninduten. Bortitza izan zen tratua. Azkenean, bosgarren barrutiko epaitegira eraman gintuzten, Kairo Berrira.
Zer leporatzen dizute?
Guztira hogei kargu leporatu zizkiguten: armadari harriak eta molotov koktelak jaurtitzea, Zientzia Akademia erretzea, istiluak sortzea, kaosa eragitea, eta erregimena uzkailtzen saiatzea, besteak beste.
Non zinen epaileak zigor epaia eman zuenean?
Hixan Mubarak-en lanean nintzen [arbitrarioki atxilotutakoei legezko laguntza ematen dien gobernuz kanpoko erakunde bat], eta Interneten albisteak ikustean jakin nuen bizi guztiko espetxera zigortu nindutela.
Eta orain, zer egin behar duzu?
Abokatuekin bilduko naiz, ea epaiketa berriro egin dezakegun. Kasazio Auzitegiak zigorra baliogabetzea edo epaiketa berriro egitea, hori da gure asmoa.
Baikor zaude?
Zigor ebazpena kolpe handia izan da. Zinez, ezustekoa izan da, eta ez dut uste zigorra bertan behera utziko dutenik. 25 urtetik bizpahiru urtera jaisteko aukera... aldea handiegia da.
Espetxean sartuko zaituzte?
Oraingoz ez; epaiketa berriro egiteko eskatuko dut. Aske utziko naute, nire kabuz aurkeztuko naizelako Fiskaltzan; hori da egin beharrekoa. Uste izatekoa da epaiketa berriro egiteko eguna jarriko dutela. Baina litekeena da epaileak gu atxilotzeko agintzea ere, epaiketa berrirako eguna jartzean. Kasazio Auzitegiaren zain egon beharra daukagu.
Hend Nafa. Bizi guztiko espetxera zigortua Egipton
«Internetez jakin nuen bizi guztiko zigorra neukala»
Manifestazio batean atxilotu, torturatu, eta sexu gehiegikeriak egin zizkioten poliziek Hend Nafari. Iragan astean bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zieten 230 akusatuetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu