Inpunitate eta isiltasun historia bat: kontatua

Denis Mukwege ginekologo eta 2018ko Bakearen Nobel saridun kongoarrak «justizia» eskatu du Kongoko Errepublika Demokratikoko giza eskubideen urraketen biktimentzat. Baionako Atalante zinema gelan mintzatu da, IFJD Justiziarako eta Demokraziarako Institutu Frankofonoak gonbidatuta.

Denis Mukwege medikua, Jean Pierre Massias jurista eta Thierry Michel filmegilea, asteazken arratsean, Baionako Atalante zineman. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Inposatu diguten ahanzturaren aurka borrokatzea da hau, indiferentziari uko egitea, mundua ezkutatzen saiatzen ari den errealitateak ikusaraztea». Hau hori film bat da, L'empire du silence (Isiltasunaren inperioa) izenekoa, eta komen arteko hitz horiek, Denis Mukwege ginekologo eta 2018ko Bakearen Nobel Sari kongoarrarenak, asteazken arratsean Baionako Atalante zinema gelan jende andanaren aitzinean ahoskaturikoak. Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazkan azken 25 urteotan gertaturiko basakeriak erakusten ditu ia bi orduko dokumentalak; Thierry Michel egileak berak herenegun aitortuta, era «gordinean»: ikusten dira hilketak eta kontatzen dira bortxaketak, mutilazioak; entzuten dira agintarien axolagabekeriazko hitzak, NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkarien ezina. Eta, guzia, Michelen beraren hitzetan, batzuek «infernu» bilakaturiko paisaia «zoragarrietan» —Michel bera deklaratzera deitu du Kinshasako Auzitegiak, film horregatik «plagioa» eta «Kongoko iruditeria ebastea eta bortxatzea» leporatuta—.

IFJD Justiziarako eta Demokraziarako Institutu Frankofonoak gonbidatuta izan zen Mukwege asteazkenean Baionan, eta «justizia» eskatu zuen Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrentzat: «Ezin da bakerik eraiki justiziarik gabe». Azaldu zuenez, izan ere, zigorgabetasun eta isiltasun historia bat izan da bere herrialdearena. Bukavu hiriko Panzi ospitaleko sortzaile eta medikua da Mukwege, eta azaldu zuen 1990eko urteetan gatazka hasi zenean bezalatsu edo okerrago daudela gaur egun: «Hogei urte daramatzat indarkeria sexualak jasaten dituzten andreak artatzen, eta horrek segitu egiten du: hori da zinezko drama». Bortxaketak pairatu dituzten emakumeak sendatzen espezializatutako ospitalean, gainera, aldatu egin zaie lana: «Lehen adinez nagusiak ziren emakumeak artatzen nituen; sekulako basakeriak. Baina gero ikusi genuen umeak eta baita niniak ere erasotzen ari zirela». Horrek galdera bat piztu zion: «Geldi dezakegu hau baldin eta borreroek halako gauzak inpunitate osoz egin baditzakete?».

Ginekologoak Baionan gogoratu zuenez, 2010ean Mapping txostena kaleratu zuten NBEko adituek, zeinetan jasotzen baitira 1993 eta 2003 artean gertaturiko askotariko krimenak. «Horrekin justizia lortu behar genuen». Baina ez zuten helburua erdietsi: «Krimen horien egileak indartsuagoak izan ziren NBE bera baino. Mandatariek ia barkamena eskatu zuten txostena egiteagatik, eta dokumentua oraindik tiradera batean dago». Mukwegek uste du estatuek euren «borondatea inposatzen» diotela NBEri, eta arrazoia argi du: «Herrialdea aberatsa da mineral estrategikoetan. Hori guzia gertatu gabe ezin dugu sakelako telefono eta ordenagailurik izan. Horregatik saiatzen dira egia ezkutatzen».

Frogatzeko ezina

Jean Pierre Massias jurista zein IFJDko kidea eta Michel filmegilea zigorgabetasunari aurre egiteko hainbat pista ematen saiatu ziren solasaldian, Europako hainbat adibide azalduta: erraterako, 36ko gerrako desobiratzeak nola egiten diren. Ordea, Mukwegek zehaztu zuen arazo bat daukatela Kongoko Errepublika Demokratikoan krimen sexualekin: «25 urte geroago, oraindik zaila da frogak lortzea, eta justiziara jotzen duten andreen auziak artxibatzeko arriskua dago. Emakumeek ez dute bigarrenez umiliatuak izan nahi». Mukwegek uste du berez balegokeela indarkeria kasu batzuk frogatzerik: «Ume ugari jaiotzen dira bortxaketen ondorioz, eta borreroak ume horien DNAren bidez atzematen ahalko genituzke». Baina, berriro, arazoa: «Ez da DNA probarik egiten».

Mukwegek kontatu zuen anitzetan galdetzen diola bere buruari Kongoko Errepublika Demokratikoan segitu behar duen. «2012an eraso egin zidatenean ez zuten lortu ni kolpatzea; nire zaindaria hil zuten». Herrialdetik atera zen orduan, baina denbora batera itzuli zen: «Bostonen [AEB] nengoela, gutun bat jaso nuen, landa eremuko emakume batzuek bidalitakoa. Ortziralero barazkiak saltzen hasi ziren nire hegazkin txartela erosteko. Haiek ez dute egunean dolar bat ere bizitzeko!». Eta itzuli egin zen: «Ez nuen hauturik». Emakume horiek «ikaragarriak» direla nabarmendu zuen: «Gizonak ere artatu izan ditut, baina emakumeek harritzen naute gehien, haien erresilientziagatik. Ez dute uzten euren buruak lurra jo dezan. Haien ondoan jarraituko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.