Larraitz Ariznabarreta. Boiseko Estatuko Unibertsitateko irakaslea

«Inperioarekiko gurasokeria itzela nabari dut Euskal Herrian»

Aleka bildumako azken lanean parte hartu du Ariznabarretak. Politikaren merkatua aztertu du 'Trumpaturik' atalean .

arantxa elizegi egilegor
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
«Karikatura barregarritzat daukagun Trump horrek asmatu du bere/gure garaia eta hautesleak irakurtzen», ohartarazten du Larraitz Ariznabarretak (Bilbo, 1968), AEBetako 45. presidentearen irudiaz galdetuta. Beste hainbat irakasle eta idazlerekin batera Trump, amesgaizto amerikarra liburuan parte hartu du Ariznabarretak ere, zehazki kontsumo gizarte kapitalistak politikagintzan duen eragina aztertuz.

Nola bizi zenuten Trumpen garaipena AEBetan?

Garaiotan harridura baliatzen da justifikazio moral modura, eta AEBetan jende asko harritu zen, bistan da. Unibertsitatean etsipena eta puntu bateraino lotsa ere zabaldu zen hurrengo egunetako aje antzekoan: «Nik ez diot botorik eman, argi geldi bedi». Hala ere, akademia ez da munduaren erdigunea, eta ezagutzen dut poztu zenik ere. Bestalde, inperioarekiko gurasokeria itzela nabari dut Euskal Herrian, justifika ezina iruditzen zaidan kontzientzia-on xalo bat.

Nola liteke inoiz politikagintzan aritu ez den norbaitek halako arrakasta lortzea?

Politika baztertuta bizi den gizartean, merkatuko bozka-bazkan, nabarmentzeko desberdin izan beharra dago. Beste eskaintzekiko desberdin, eta bitxitasuna eta are xelebrekeria balio positiboak dira alde horretatik. Bere alderdian bertan etsaiak izateak lagundu egin zion.

Hillary Clinton izan beharrean, aurkaria beste norbait izan balitz, emaitza bera litzatekeela uste duzu?

Balizko zientzia fikzioak apenas balio duen politikan; errealitate gordinak agintzen du. Donald Trump da AEBetako presidente, harridura guztien gainetik edo, kasik, haiei esker. Clintonen kontrako botoek zerikusia izan dutela argi da, baina ez da Trumpen garaipena azaltzen duen arrazoi nagusia. Politikari uko egin dion gizarte baten sintoma behinena da Trump.

Trumpen irudiari buruzko zure atalean argi diozu: marketina da gakoa.

Politikaren, letra larriz idatzitako Politikaren, ukapen garaietan bizi gara mendebaldean oro har. Ustez ideologiak baztertu ditugun garaiotan, aurrez finkaturiko pentsamolde homogeneoak dena blaitzen du. Testuinguru horretan, marketinak eta diruaren kudeaketa zorrotzaren promesak balio du.

Karikatura barregarritzat daukagun Trump horrek asmatu du bere/gure garaia eta hautesleak irakurtzen. Garaiok aztertuz baino ez dugu Trump fenomenoa ulertuko.

Ohartzen gara hautesleak zer bozkatzen ari garen aldi bakoitzean?

Artikuluan diodan moduan, telebistako debateek inoiz baino jende gehiago erakarri dute AEBetako hauteskundeetan; hori politika serioarekiko interestzat interpretatzea, ordea, euskal kulturaren tenperatura Durangoko Azokaren berotasunaren arabera neurtzea beste litzateke. Politika ukatu eta kudeaketa erdigunean jartzearen ondorio da hauteskundeen eta alternantziaren sakralizazioa. Horregatik, zera deritzot hauteskundeen emaitzen aurrean harritzeari: mendebaldeko kontzientzia onen zurikeria morala.

Sei hilabete igaro dira Trumpek kargua hartu zuenetik. Han bizi zaren aldetik, nabari duzu haren irudia ahuldu denik?

Azken hilabete hauetan Donald Trumpi botoa eman zioten asko ezagutu ditut; lehen isilik egon ziren asko nabarmendu dira unibertsitateko ikasleen artean, adibidez. Hala ere, egia da Trumpen gobernu-kudeaketaren kontrako ahotsak ere ozenago entzuten direla. Pobre-aberats dikotomia desagertutzat eman nahi izan badute ere, norberaren interesek eta beharrek hor jarraitzen dute gordin.

Haren politiken ondorioak nabari dira egunerokoan?

Inguru hurbilean nabari ditudanak bakarrik aipatzearren, gure unibertsitatean lanean ari den hainbat irakasle atzerritar AEBetatik kanporatuko dituzten beldur dira, bisatu kontuak direla eta. Gainera, ikasle atzerritar gutxiago matrikulatu dira AEBetako unibertsitateetan eta unibertsitateetako gestoreak arduratuta daude, nola ez: atzerritarrek diru sarrera handia dakarte.

Uste duzu Trumpen garaipenak eta batez ere haren politikek mesede egingo dietela demokratei legealdi erdiko bozetan?

Baietz esango nuke: demokratek eta errepublikanoek elkar elikatzen dute hauteskundeetatik eratorritako kudeaketa alternantzia horretan. Jendea kontra mobilizatzea da errazena.

Euskal Herrian ere urte luzez bizi izan zara. Posible ikusten duzu hemen eta inguruan AEBetakoaren antzeko fenomenorik gertatzea?

Euskal Herria ez da beregaina, eta, beraz, ezin konpara dezakegu zorrotz inongo inperiorekin. Hala ere, aurrerago aipatu dudan Politikaren ukapena aspaldi errotu zen gurean ere. Mendebalde osoan gertatzen den fenomenoa da. Besterik da testuinguru bakoitzean ukapen horrek dakarren ondorioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.