Inperioa berreraikitzea amets

SESB desegin izana «XX. mendeko hondamendirik handiena» da oraindik ere askorentzat. Batasuneko kide ziren estatu guztiek, ordea, ez dute iritzi bera. Batzuk, Bielorrusia adibidez, Moskuren menpe daude oraindik ere; beste batzuk, baina, Kremlinetik ahalik eta urrunen kokatu dira.

Vladimir Ulianov Lenin-en irudi bat, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
Alex Bustos
Mosku
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun

Moskuk 30 urte eman ditu bere inperioaren amaieratik suspertu nahian. 90eko urteetako Errusia hark arazo dezente izan zituen trantsizio ereduarekin. Gaur egun, Errusiako behe ganberako parlamentariek nahi dute «XX. mendeko hondamendirik handiena» izendatzea Sobietar Batasunaren desegitea, eta mespretxuz begiratzen diote SESB ohiaren aurka egiten dion edonori —haren «izen ona» zikintzeaz akusatuta desegin zuten herenegun Memorial erakundea—.

Nazioarteko harremanei dagokienez, Moskuk bi helburu izan ditu nagusiki: behiala bere estatuak munduan izan zuen itzala berreskuratzea eta bere eragin eremu legitimotzat daukana kontserbatzea, hau da, gertu edukitzea sobietar izandako errepubliketatik sortu ziren herrialde guztiak. Hori lortzeko modua estatuz gaindiko egiturak sortzea da, baina, orain arte, bakar batek ere ez du lortu berriz ere batzea sobietar izandako hamasei herrialdeak. Gaur egun, Moskuk askotariko harremanak ditu: Minskekin osatzen duen tandemetik hasi —atzo bertan iragarri zuten maniobra militarrak egingo dituztela elkarrekin 2022an—, eta Baltikoko herrialdeek duten errezeloraino.

Kontrasteak

Herrialde baltikoek ia-ia ihesi alde egin zuten SESBetik. Ahalik eta gehien urruntzeko, hain zuzen, NATOn eta EBn sartu ziren. Crysis Group think tank-eko analista Oleg Ignatovek dioenez, «Baltikoko estatuek uste dute Errusia mehatxu bat dela beren segurtasunerako, batez ere Letoniak eta Estoniak, non errusiar hiztunen gutxiengo handiak baitaude oraindik». Bielorrusia, berriz, aliatu leiala izan da Moskurentzat, independente bihurtu zenetik bertatik ia. Izan ere, Aleksandr Lukaxenko presidenteak 27 urte daramatza boterean, hein handi batean Errusiak babestuta, agintaldi guztian lehengai merkeak eta interes apaleko kredituak eman baitizkio. Lukaxenkok eta haren erregimenak Errusiaren laguntza behar dute, eta Errusiak eman egin die, baina argi utzita, betiere, ez dela baldintzarik gabeko laguntza bat. Alex Koktxarov arrisku analistaren hitzetan, Bielorrusia eta Errusia hurbileko aliatuak dira arlo politikoan, militarrean eta ekonomikoan.

Ukraina ere Errusiaren alde zegoen hasieran. Bi herrialdeen historia eta hizkuntza hurbilekoak direnez, «senidetzat» hartu izan dute elkar, eta, harreman horren erakusgarri, Ukrainan izan dira zenbait presidente errusiazale, hala nola Leonid Kutxma eta Viktor Ianukovitx. Salbuespen gutxi batzuk gorabehera, dena den, joera hori 2014an bukatu zen betiko, Ukrainak guztiz hautsi baitzuen Errusiarekin zuen harremana, eta hark, ordainetan, Krimeako penintsula okupatu eta babesa eman baitzien errebeldeei Donetsken eta Lugansken. Gaur egun, Errusiak eta Ukrainak harreman zinez tirabiratsua dute: 100.000 soldadu errusiar baino gehiago daude bi herrialdeen arteko mugatik gertu, eta Kiev beldur da Moskuk ez ote dion luze gabe erasoko.

Gainera, Moldaviak ere jarrera aldatu du, eta, orain, gehiago dago Europako Batasunari begira, Errusiari begira baino. Maia Sandu da hango presidentea, eta alderdi liberal eta europazale batekoa da. Kremlini, ordea, ez zitzaion gustatu mendebalderantz lerratze hori, eta Europako herrialde txiki hori estu hartzen hasi zen, mehatxu eginez gas hornidura etengo ziola. Nolanahi ere, azaroan akordio bat egin zuten alde biek.

Kaukaso

Karabakh Garaiko gerran, 1992tik 1994ra alegia, Errusiaren laguntza funtsezkoa izan zen Armeniak irabaz zezan. Lotura hori ez da berria. Urte askoan, bizirik irautearren, Erevanek segurtasun eta eragin trukean ibili behar izan du Errusiarekin.

Kaukasoko herrialdeen artetik, Georgia moldatzen da okerren Moskurekin. 2008an, haren kontra aritu zen gerran, eta galdu egin zuen. Gainera, zenbait estatu aitortu gaberen esku geratu zen haren lurraldearen zati handi bat, eta estatu horiek, Hego Osetia eta Abkhazia, Errusiaren aliatuak dira. Hego Osetiak, hain justu, Errusiara batzeko asmoa iragarri izan du. «Aitortu gabe dauden estatu horiek anexionatuko balitu Moskuk, horrek are gehiago bultzatuko luke Georgia Mendebalderantz, eta Errusia are bakartuago geratuko litzateke», esplikatu du Ignatovek.

Azerbaijan, berriz, erdibidean dago: ez dauka halako tirabirarik Errusiarekin, baina Turkiari ere ez zaio hurbildu. Arzu Geybulla kazetari azeriarrak dioenez, «Bakuren eta Ankararen arteko harremana estrategikoa baino ez da, alde biko lankidetza ekonomikoan aritzeko, onura politikoak lortzeko eta akordioak egiteko pentsatua». Turkia eta Errusia etsai historikoak dira, baina Geybullak zera uste du: «Moskuk ez luke kezkatu behar lankidetza horregatik, kontuan hartuta zer posiziotan dagoen».

Erdialdeko Asian espezializatutako analista Fran Olmosek adierazi duenez, «Tajikistan eta Errusia beti moldatu izan dira ondo», esaterako. Talibanen mehatxuak ez du hobetu Errusiak Duxanberekin duen harremana, ezta inguru horretako beste ezein herrialderekin duena ere.

Kazakhstan, Kirgizistan eta Uzbekistan ere ondo moldatzen dira Errusiarekin, batez ere Kazakhstan eta Kirgizistan. Turkmenistan dago urrunen: politikoki neutroa denez, Estatu Independenteen Erkidegoaren parte baino ez da, nahiz eta, Olmosek dioen bezala, «Errusiak baino ez lukeen militarki defendatuko Turkmenistan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.