Oraindik ere ez dago argi non dagoen. Atzo goizean Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia Bartzelonan agertu eta jende artean desagertu zenez geroztik, haren bila ari dira Mossos d’Esquadra Kataluniako poliziak. Puigdemont erbestean dela esan du Gonzalo Boye haren abokatuak, goizean Catalunya Radion eman duen elkarrizketan. Jordi Turull JxC Junts Per Catalunyako idazkari nagusia zehatzagoa izan da: Puigdemont Waterloon dagoela esan du RAC1 irratiari emandako elkarrizketa batean. Mossoek ez dituzte sinesgarritzat jo «Puigdemonten ingurukoek» esandakoak, eta esan dute haren bila dabiltzala oraindik, Katalunian jarraitzen duelakoan.
Oraindik ere zalantza asko daude Puigdemonten inguruan. Non dago? Nola egin zuen? Eta batez ere: Zergatik egin zuen? Presidente ohiak berak Waterloon dagoela baieztatu du, eta poliziek ihesari buruzko xehetasunak eman dituzte gaur. Gertatutakoak ezustean harrapatu zituela onartu du Joan Ignasi Elena Kataluniako Barne kontseilariak: «Ez geunden prest, ez genuen aurreikusia herrialde honetako agintari gorena izan zen batek hain jarrera desegokia izanen zuenik. Uste dut gutako inor ez zegoela prest horretarako».
Ikusi gehiago
Aurpegi ilunak izan dira gaur goizean Kataluniako Barne kontseilaritzan. Ekitaldietarako aretoan kazetari anitz ziren kataluniar poliziaren bertsioa aditzeko. Serio eta solemne sartu dira aretoan Elena Barne kontseilaria, Pere Ferrer Poliziako zuzendari nagusia, Eduard Sallent Mossos d’Esquadrako komisario burua, eta goi karguren bat duten beste bederatzi mosso. Trajez jantzita lehenbiziko biak, uniformearekin besteak, eta jota guziak.
«Atzo oso egun gogorra izan zen Mossos d’Esquadrako talde osoarentzat: ez genuen halakorik merezi», esan du Ferrerrek. Ezer baino lehen, Puigdemonten kontrako atxiloketa agindu bat egotea «anomaliatzat» jo du Elenak: «Epaile batek, amnistia legearen alde edo kontra egon, bete egin beharko luke. Nire ustez, eta [Kataluniako] gobernuaren ustez, ez litzateke halako agindurik egon behar». Baina Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak eutsi egin dio atxilotzeko aginduari, eta, Kataluniakoa Polizia judiziala ere badenez gero, epaileen aginduak bete behar ditu, kontseilariaren esanetan.
Poliziako zuzendariaren arabera, «erronka zaila» zuten atzo. «Polizia taldeko kideak merezi ez dugun egoera batean utzi gaitu», salatu du. Haren aburuz, gertatutakoak mossoen «sinesgarritasunari» eragiten dio, eta txarretsi du polizia azpiegiturak «higatzea» salatzeko amnistia legea ez dela betetzen ari.
Ezusteko ihesa
Prentsaurrekoak ia bi ordu eta erdi iraun du, eta Eduard Sallent Mossos d’Esquadrako komisario buruak erantzun behar izan die galdera gehienei. Onartu du ez zutela Puigdemont atxilotzeko agindua betetzerik izan, baina ukatu du poliziak «irrigarri» gelditu direla. «Gure lehentasuna inbestidura saioa egitea zen, eta egin zen. Ez genuen lortu Puigdemont atxilotzea, zenbait baldintzarengatik, baina saiatu ginen».
Zenbait hedabidek zabaldu zuten atxiloketa hitzartuta zegoela, baina mossoek ukatu dute halakorik egin izana. Boyek bere bertsioa azaldu du Catalunya Radion: «Ez da pakturik egin, inolaz ere, eta kontakizun hori interesatua da, ez da egia. Ekainean mossoak harremanetan jarri ziren nirekin, aukera hori ba ote zegoen galdetzeko, eta, nire defendatuarekin kontsultatu ondoren, esan nien ez zela posible amnistia legea betetzen ez baldin bazen».
Mossoen komisario buruaren arabera, Ziudadela ingurua zen atxiloketa egiteko lekurik «egokiena» —Ziudadela parkearen barruan dago Kataluniako Parlamentua—. Izan ere, sinetsita zeuden presidente ohia inbestidura saioan parte hartzen saiatuko zela, eta JxCko gainerako kideekin batera agertuko zela han. Puigdemont atxilotzeko eta justizia Jauregira eramateko poliziak eta ibilgailuak prest zituzten Ziudadelan, eta prest zuten Puigdemont Madrilera eramateko bidea ere. Baina gidoia ezustean aldatu zen.
Hau da Poliziaren bertsioa: «Gertakariak ez ziren aurreikusi bezala izan». Puigdemontek bost minutuko hitzaldia bukatu zuenean, «agudo» atera zen handik: «Turull eta Boyek lagunduta desagertu zen». Mossoak Puigdemontengana gerturatzen saiatu zirela esan du Sallentek, baina giza harresiak ez ziela utzi esku hartzen. JuxCko kideen inguruan paratu ziren, haietako asko lastozko txapelak jantzita.
Poliziaren arabera, Turull eta Puigdemont karpa batean sartu ziren, txanoa jantzi, eta auto batean ihes egin zuten, agudo. Autoaren aurrealdean gurpil aulki bat zeramatela aipatu du Sallentek. Mossoek autoa aurkitu zutenean, atzetik jarraitu zioten, Circumvallacio pasabidean galdu zuten arte. Horren ondotik, Kaiola operazioa abiatu zuten, eta 13:22 arte Bartzelonako irteera guziak kontrolatu zituzten mossoek. Ondoren, aukera «zentzuzkoenak» kontuan hartuta, kontrolak paratu zituzten zenbait errepidetan, Katalunia osoan.
«Egun zaila izan zen, ez zen uste genuen bezala bukatu, baina dena eman genuen», aitortu du Sallentek. Are, hau gaineratu du: «Gaur agindu hau bete ez badugu ere, aurrerago beteko dugu». Nolanahi ere, mossoek esan dute dispositiboa berrikusiko dutela. Llarena epaileak mossoei eta Barne Kontseilaritzari eskatu die polizia operazioaren berri emateko.
Aipatzekoa da atzo bi Polizia atxilotu zituztela Puigdemonten ihesean parte hartu zutelakoan. Biak aske dira jada. Horri buruz ere mintzatu da haien burua: «Mosso batzuek ihesean parte hartu dute. Ekintza gaitzesgarri hori kondenatu nahi dut. Ez dute uniformea janztea merezi». Gaur arratsaldean beste mosso bat atxilotu dute, arrazoi berarengatik.
Kritikak Puigdemonti
Oraindik ere gertatutakoarekin harrituta zeuden goizean, eta herra ere sumatu zitekeen zenbaiten hitzetan. «Puigdemonten etorrerak antz handiagoa zuen Jimmy Jumpekin, Generalitateko presidente bati ustez dagokion duintasunaz debate batera doan presidente ohi batekin baino», esan du komisario buruak.
Joan Ignasi Elena Barne kontseilariak ere gogor kritikatu du presidente ohiaren jarrera. «Egungo gobernuaren [ERCrena] aurkako eraso bat izan da, independentismoaren frontetik aterarazi eta espainolismoaren konplize bilakatzeko. Zergatik-eta inbestidura saioan talde batek hartutako erabakia ez dutelako maite. Hori ez da lidergoa, hori ez da eraikitzailea, eta hori ez da estatu mentalitatea».
Gainera, jendea eta erakundeak «erabili» izana leporatu dio Puigdemonti: «Buka daitezela engainuak; utz diezaiotela sentimenduekin jolasteari». Haren aburuz, atzokoak ez zion ekarpenik egin independentziaren aldeko batasun proiektuari: «Amarru batek, engainu batek, zer gehitzen du? Atzo baino hobeto gaude? Zer gehitzen dio independentziaren aldeko batasun proiektuari? Atzokoak ez zuen ekarpenik egin».
Asteartetik Bartzelonan
Gaur ere Puigdemonten itzulerari buruzko informazioa eman du Turullek. RAC1 irratian esan duenez, presidente ohia asteartean iritsi zen Bartzelonara, eta ez zen ezkutuan ibili, etxe batean sartuta. Azaldu du Gironatik pasatu zela baina ez zela han gelditu. Asteartean harekin afaldu zuela kontatu du, eta geroztik, atzo goizera arte, harekin ibili zela, baina ez duela xehetasun gehiago eman nahi. Bart gauean Ipar Katalunian lo egin zuela esan du, eta Waterloora (Belgika) bidean dela, lantokia han baitu. Mossoek esan dute aurrerago deklaratzera deituko dutela Turull, ihesari buruz duen informazioaz galdetzeko.