Ingurumena

Inoizko izozmendi handienetako bat askatu da Antartikan

Izozmendiak 5.800 kilometro koadroko azalera du, eta Larsen C deituriko ingurutik askatu da. Datozen egunetan izozmendia zati txikiagoetan banatu litekeela uste dute adituek.

Arrakala bat  Antartikoko Larsen C eremuan. JOHN SONNTAG, EFE
2017ko uztailaren 12a
09:05
Entzun

Midas Proiektua osatzen duten zientzialariek eman dute abisua. Hiru egunen buruan 5.800 kilometro koadroko izozmendia —Arabaren azalera halako bi du— askatu da Antartikako Larsen C deituriko eremutik. Izozmendia banatzeak %12 murriztu du Antartikako Larsen C eremuaren neurria, eta adituek ohartarazi dute datozen urteetan erabat desager litekeela inguru hura, aurretik Larsen B izenekoarekin gertatu moduan.

Izozmendia bera Antartikatik gertu geratuko dela uste dute zientzialariek, baina ez daude seguru hartuko duen joerarekin. Datozen egun eta asteetan beste hainbat zati askatu eta Antartikatik iparraldera joan litezkeela uste dut. Zati nagusia desegiteko, hala ere, hainbat hamarkada igaroko direla uste dute.

"Orain arteko izozmendirik handienetako bat da honakoa, eta zail da zer gertatuko den aurreratzea. Gerta liteke Larsen C berriz ere handitzen joatea, baina baita izozmendi gehiago askatu eta desagertzea ere", zehaztu du Adrian Luckmanek, Midas Proiektuko kideetako batek.

Handiagoak ere bai

Arabako azalera biderkatzen duen izozmendi hori ez da, ordea, historian askatutako handiena. Duela hamazazpi urte, 11.000 kilometro koadroko beste izozmendi erraldoi bat askatu zen Antartikan —Nafarroa Garai guztia baino handiagoa—. Sei urte geroago, izozmendiaren zatiak aurki daitezke oraindik inguru hartan.

Aurretik, 1956an, AEBetako itsasontzi batek 32.000 kilometro koadro inguruko izotz zati erraldoi bat topatu zuen —Belgika baino handiagoa—. Ez dago, ordea, orduko irudirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.