Klima krisiak beste mugarri bat jarri du. Duela lau hamarkada neurketak egiten hasi zirenetik, Antartikako itsas izotzaren inoizko hedadurarik txikiena atzeman berri dute: 1,98 milioi kilometro koadro. Azken marka 2017koa zen, eta orduan 2,1 milioi kilometro koadrokoa izan zen neurtu zuten izotz eremua. AEBetako Itsas Izotzetako Datuen Zentroak egin du behaketa, satelitez. Greenpeace erakundeak Txiletik ohartarazi du klima krisiak egungo bizitza aldatzeko arrisku larria dakarrela, eta aldaketa horrek bueltarik gabekoa izan litekeela.
Greenpeacek beldurgarritzat jo du ikustea nola urtzen ari den izotz ozeano hori, eta kezka azaldu du munduko itsasoetako elikadura sare guztiei eragingo dielakoan.
Berotzerik azkarrena
Greenpeacek gogoratu du poloetan azkarrago berotzen ari dela tenperatura, eta Antartikako zenbait eskualdetan bereziki bizkorra dela prozesu hori. “Antartikako Mendebaldeko Lurmuturra da Lurra bizkorren berotzen ari den munduko eskualdeetako bat; Artikoko eskualde batzuetan baino ez dira tenperaturak azkarrago berotzen ari, hiru gradu baino gehiago batez beste”. Berotze horrek kalte handia egiten die poloetan bakarrik bizi diren hainbat espezieri; Antartikan, pinguinoei, besteak beste. Agerikoak dira Antartikan berotze prozesuak dakartzan ondorioak. 2020ko otsailean neurtu zuten kontinente horretan inoiz atzemandako tenperaturarik altuena: 18,3 gradu.