Inoizko ekainik beroena izan da aurtengoa, Copernicusen arabera

1991-2020ko aldiko batezbestekoa baino 0,5 gradu beroagoa izan da: 16,51. Brasilgo Amazoniako baso soiltzea %33,6 apaldu da lehen seihilekoan

Lehortearen ondorioz azaleratutako eliza baten hondarrak, ekainean, Chiapasen, Mexikon. CRALOS LOPEZ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Copernicusek herenegun argitaratutako txostenaren arabera, inoiz erregistraturiko ekainik beroena izan da aurtengoa: 16,51 gradu zentigradu, batez beste; zehazki, 1991-2020ko aldiko batezbestekoa baino 0,5 altuagoa —2019ko ekaineko datu historikoa gainditu du—. EB Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuak hilabetero kaleratzen ditu buletin klimatikoak, lurrazaleko airearen tenperatura globalean, itsas izotzezko eremuan eta aldagai hidrologikoetan aztertutako aldaketen berri emateko.

Datuak gehiago xehatuta, Europa ipar-mendebaldean inoizko tenperaturarik beroenak jaso zituen hilabete horretan Copernicusek; baita Kanadan, AEB Ameriketako Estatu Batuetan, Mexikon, Asian eta Australia ekialdean ere. Aldiz, ohi baino hotzagoa izan zen Australia mendebaldean, AEBetako mendebaldean eta Errusia mendebaldean.

Horrez gain, Copernicusek gertutik aztertu ditu ozeanoen tenperatura aldaketak ere; besteak beste, El Niño klima fenomenoaren garapenarekin lotutakoak eta Ipar Ozeano Atlantikoko ezohiko tenperatura beroak. Hain zuzen, aurtengo maiatzean, inoizko tenperaturarik altuenak erregistratu zituen ur azalean, eta joera horrek, zehazki, bere hartan jarraitu zuen ekainean ere, aurreko hilabeteko datuak gainditzeraino.

EBk klima aldaketa aztertzeko duen zerbitzuaren arabera, tenperatura oso altuak jaso zituen bereziki Ipar Atlantikoko ur azalean, atmosferako luze gabeko ezohiko zirkulazioaren konbinazio batek eta ozeanoko luzera begirako aldaketek eraginda. Bestalde, muturreko bero boladak atzeman ziren Irlandaren, Erresuma Batuaren eta Itsaso Baltikoaren inguruan. Era berean, El Niño fenomenoa gero eta indartsuagoa izan zen Ozeano Barearen ekialdeko tropikoan.

Copernicuseko zuzendari Carlo Buontempok txostenean esan duenez, ipar Atlantikoko salbuespenezko baldintzek lurreko sistemaren konplexutasuna nabarmentzen dute, eta, beraz, munduko klima zaintzearen garrantziaz ohartarazi du. «Tokiko eta munduko aldakortasunaren eta klima joeren arteko elkarreragina funtsezkoa da arriskuak hobeto kudeatzeko eta egokitzapen politika eraginkorrak ezartzeko».

Horrekin guztiarekin lotuta, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek herenegun ohartarazi zuen klima aldaketaren olatua «kontrolatu ezinik» dagoela, astelehenean eta asteartean inoizko tenperatura erregistrorik handienak jaso ondoren. NCEP AEBetako Ingurumen Iragarpenen Agentzia Nazionalak argitaratutako datuek errekor historikoa ezarri zuten asteko lehen egunean, 17,01 gradu neurtuta; biharamunean, ordea, marka hori gainditu zuen: 17,18 gradu. Eta litekeena da inoizko asterik beroena izatea oraingoa.

Arnasa txiki bat

Brasilgo Amazoniako deforestazioa murrizteko konpromisoa hartu zuen Luiz Inacio da Silva Lula-k presidentetza hartu eta berehala. Bada, lehen emaitzak argitara atera dira: deforestazioa %33,6 murriztu dute lehen seihilekoan, gobernuak herenegun gauean jakinarazi zuenez. Hain zuzen, 2030erako munduko oihan tropikalik handienaren suntsiketa geldiaraztera engaiatu zen egungo estatuburua.

Ingurumen Ministerioak kaleratutako datuen arabera, 2.649 kilometro koadro oihan suntsitu zituzten urtarrila eta ekaina bitartean, 2022ko lehen seihilekoan baino 3.988 kilometro koadro gutxiago. Ebakitako eremurik txikiena izan da aurtengoa 2019ko lehen seihilekotik —2.447 kilometro koadro—; Jair Bolsonaro presidentearen agintaldianizan zen hori (2019-2022).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.