Inoiz baino berotegi gas gehiago dago atmosferan

Munduko Meteorologia Erakundeak urtero argitaratzen duen txostenaren arabera, beste urte batez inoiz baino handiagoa izan zen berotegi gasen kontzentrazioa iaz. Azken bi hamarkadetan, %11 areagotu da atmosferan pilatutako CO2a.

Sute bat Portugalen, joan den irailean. PEDRO SARMENTO COSTA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko urriaren 28a
13:46
Entzun

Baso sute handien eta erregai fosilek sortutako isurien ondorioz, inoiz baino berotegi gas gehiago pilatu zen iaz atmosferan. Munduko Meteorologia Erakundeak gaur argitaratu du berotegi gasen inguruan urtero egiten duen txostena. Horren arabera, azken bi hamarkadetan inoiz baino azkarrago ari da areagotzen atmosferan pilatutako karbono dioxidoa (CO2); zehazki, %11 egin du gora CO2 kontzentrazioak azken hogei urteetan.

Iazko baso sute handiek gasen pilaketan izandako eragina nabarmendu du meteorologia erakundeak. Suteen kaltea bikoitza da; izan ere, batetik, CO2 isuri handiak eragiten dituzte, eta, bestetik, basoek CO2a xurgatzeko ahalmena galtzen dute. Berotegi gasen kontzentrazioa areagotzen duten faktore naturalek klima aldaketarekin izan dezaketen bilakaeraren berri eman du Ko Barrett Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusiaren albokoak, txostenari buruzko oharrean: «Klima aldaketak berotegi gasen iturri garrantzitsu bihur ditzake ekosistemak. Baso suteek CO2 isuriak areagotuko dituzte, eta ozeanoen tenperatura berotzeak CO2a xurgatzeko gaitasuna murriztu dezake. Horren ondorioz, atmosferan CO2 gehiago metatuko litzateke, baita berotze globala bizkortu ere».

Celeste Saulo erakunde horretako idazkari nagusiak beste ohartarazpen bat egin du: «Beste urte bat, beste errekor bat. Erabakiak hartzeko ahalmena dutenei alarmak piztu beharko lizkieke. Parisko Akordioan [2015] finkatutako helburuetatik kanpo gaude». Gainera, azpimarratu du txostenak emandako datuak «estatistika hutsetatik harago» doazela. Jakinarazi du berotegi gasen kontzentrazioa handitzen den «milioiko zati bakoitzak» eta planetako tenperatura berotzen den «gradu frakzio bakoitzak» «eragin zuzena» dutela planetan eta herritarren bizitzan.

Atmosferako karbono dioxidoa gehiago ugaritu zen 2023an, 2022an baino. Halere, 2021ean, 2020an eta 2019an baino apalagoa izan zen igoera hori. Urte batzuetan gehiago, eta beste batzuetan gutxiago, baina atmosferan dagoen CO2 kontzentrazioak etengabe jarraitzen du handitzen.

'El Niño'-ren eragina

Munduko Meteorologia Erakundeak urtero lantzen duen buletinaren hogeigarren zenbakia da gaur argitaratutakoa. Berotegi gasen kontzentrazioa bi hamarkadaz aztertzen aritu ostean, ondorioztatu dute CO2 emisioen ia erdiak atmosferan geratzen direla; laurdenak itsasoko ekosistemek xurgatzen dituzte, eta %30 inguru, lurrekoek. Halere, urtez urte, ehuneko horiek aldatu egiten dira; batez ere, El Niño eta La Niña fenomenoen eraginez.

2023ko udan, El Niño zikloan sartu zen planeta. Fenomeno natural horren ezaugarri nagusia da ohi baino gehiago berotzen dela Ozeano Bareko tropikoko itsas azala. Ozeano hori hain handia izaki, oszilaziorik txikienek ere aldaketa handiak eragiten dituzte; eta itsas azala berotzeak atmosferako airea berotzea ere eragiten du. Meteorologia agentziaren arabera, El Niño-ren eraginez sute gehiago egoten dira, eta baso lehorrek CO2a xurgatzeko ahalmena galtzen dute. Horrek berotegi gasen kontzentrazioa areagotzen du.

CO2a eta bestelako berotegi gasak —metanoa edo oxido nitrosoa, kasurako— atmosferan pilatzen diren heinean, planetako tenperaturak gora egiten du. Gainera, gas horiek atmosferan denbora luzez egoten direnez, txostenean ondorioztatu dute isuriak zerora murriztuagatik ere tenperaturen igoera ez litzatekeela apalduko zenbait hamarkada igaro arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.