Dagoeneko bi dira Iñigo Errejon Sumarreko diputatu ohiaren aurkako salaketa jarri duten emakumeak. Elisa Mouliaa aktore espainiarrak jarri zuen lehen salaketa, eta bigarrena Aida Nizar telebista aurkezleak jarri du. Nizar ezaguna da Espainian prentsa arrosako hainbat telebista saiotako kolaboratzailea delako. Kazetariak Malagako (Espainia) polizia etxe batean jarri du salaketa, eta 2015eko ekitaldi publiko batean Errejon «gainera» etorri zitzaiola salatu du.
OkDiario hedabidean eman du salaketaren berri, eta EFE albiste agentziak jaso du. Haren arabera, Errejonek 2015ean egin zion eraso, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Nizar kazetari gisa joana zen ekitaldi baten berri ematera, eta bertan «gainera» etorri zitzaiola salatu du. Salaketaren arabera, baimenik gabe eman zion muxu, eta «ipurdikoa» ere eman zion.
Nizarrek azaldu du Errejonek jende askoren aurrean egin ziola eraso, eta bertan zela, besteak beste, Ada Colau Bartzelonako alkate ohia. Biktimak argitu du «umiliatua» eta «iraindua» sentitu zela eta ekitalditik joatea erabaki zuela.
Errejonek iragan ostegunean jakinarazi zuen politika utziko zuela, «higadura fisikoa eta mentala» argudiatuta. Sare sozialetan zabaldutako ohar batean eman zuen erabakiaren berri; hartan ez zuen ezer esan bere aurka sareetan zabalduak zituzten salaketen inguruan. Sumar alderdiak, ordea, baieztatu du Errejonek salaketak onartu zituela. Azken egunetan haren abusuak jasandako hainbat emakumeren testigantzak ezagutarazi dira, baina oraingoz bik jo dute polizia etxera.