Iñigo Errejon salatu dute indarkeria matxistagatik

Elisa Mouliaa aktoreak Sumarreko diputatu ohia salatu du, kasua sare sozialetan zabaldutako mezu anonimoetatik haragoa doala erakusteko.

Iñigo Errejon Espainiako Diputatuen Kongresuan, artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE
Iñigo Errejon Espainiako Diputatuen Kongresuan, artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko urriaren 25a
15:29
Entzun

Iñigo Errejonen aurkako salaketa bat jarri dute indarkeria matxistagatik. Espainiako Diputatuen Kongresuan Sumar alderdiko bozeramailea izan denak dimisioa eman zuen atzo, eta politika utziko duela iragarri. Aurrez, sare sozialetan, Errejoni jarrera matxistak izatea egozten zioten mezu anonimoak zabaldu zituzten. Errejonek kargua utziko zuela adierazi ostean, Elisa Mouliaa aktoreak X sare sozialean argitu zuen Sumarreko diputatu ohiak jazarri egin ziola; eta, gauean, salaketa jarri zuen Espainiako Poliziaren aurrean. Gaur, Poliziak Madrilgo epaitegi baten esku utzi du salaketa.

Mouliaak bart RTVE Espainiako Irrati-Telebistari jakinarazi zionez, salaketa jartzea eta hori jakinaraztea erabaki zuen, Errejonen kasua «salaketa anonimo eta faltsuetatik» harago doala argitzeko. Aurrez sare sozialetan zabaldutako mezu anonimoen harira, aktoreak argitu zuen bera ere Errejonen biktima izan zela: «Ikus dadila emakume gehiagok ere jasan dugula jazarpena». 2021ean egun berean hiru sexu eraso egitea egotzita salatu du aktoreak politikaria.

Errejonek atzo arratsaldean jakinarazi zuen politika utziko zuela, «higadura fisikoa eta mentala» argudiatuta. Sare sozialetan zabaldutako ohar batean eman zuen erabakiaren berri; hartan ez zuen ezer esan bere aurka sareetan zabaldu zituzten salaketen inguruan. Sumar alderdiak, ordea, baieztatu du Errejonek salaketak onartu zituela. Elizabeth Duval Sumarreko Komunikazio idazkariak atzo iluntzean jakinarazi zion SER irrati kateari Errejonek onartu zuela «jarrera matxistak» eduki dituela. Jarrera horiek «onartezinak» zirela eta dimisioa «beste erremediorik» ez zegoela adierazi zuen Duvalek. Espainiako presidenteorde eta Sumarreko lider Yolanda Diazek ere Errejonen dimisioaren arrazoia azaldu zuen atzo, X sare sozialean: «Aste honetan, Iñigo Errejoni buruz sareetan agertu diren testigantzei buruzko informazioa biltzeko prozesua abiatu du Sumarrek. Prozesu horren ondorioz, bere kargu guztiak utzi ditu».

2014an, Podemos alderdiaren sortzaileetako bat izan zen Errejon, baita Diputatuen Kongresuan talde horretako bozeramaile ere. Ostera, Podemos utzi eta Mas Pais plataformako hautagaia izan zen 2019ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Mas Paisekin diputatu karguan aritu zen 2023ra arte, eta, urte horretan, plataforma Sumar koalizioaren parte bilakatu zen. 2023ko hauteskundeetatik, Sumarreko diputatu izan da Kongresuan, eta aurtengo urtarriletik, talde parlamentario horretako bozeramaile gisa aritu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.