Iñigo Errejonen aurkako salaketa bat jarri zuten joan den hilabetearen bukaeran, indarkeria matxistagatik. Kasua aztertzen ari den epaileak deklaratzera deitu ditu akusatua eta salaketa jarri duen emakumea: andreak etzi deklaratuko du, eta akusatuak, hilaren 12an.
Elisa Mouliaa aktoreak jarri zuen Sumarreko diputatu ohiaren kontrako lehenbiziko salaketa, kasua sare sozialetan zabaldutako mezu anonimoetatik harago doala erakusteko. Joan den astean, berriz, bertze emakume batek aurkeztu zuen diputatu ohiaren kontrako salaketa: Aida Nizar telebistako aurkezleak.
Errejonek dimisioa eman zuen urriaren 24an, eta politika utziko duela iragarri. Hori baino lehen, Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministaren sare sozialetan, Errejoni jarrera matxistak izatea egozten zioten mezu anonimoak zabaldu zituzten. Errejonek kargua utziko zuela adierazi ostean, Elisa Mouliaa aktoreak X sare sozialean argitu zuen Sumarreko diputatu ohiak jazarri egin ziola; eta, gauean, salaketa jarri zuen Espainiako Poliziaren aurrean.
2014an, Podemos alderdiaren sortzaileetako bat izan zen Errejon, baita Diputatuen Kongresuan talde horretako bozeramaile ere. Ostera, Podemos utzi eta Mas Pais plataformako hautagaia izan zen 2019ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Mas Paisekin diputatu karguan aritu zen 2023ra arte, eta, urte horretan, plataforma Sumar koalizioaren parte bilakatu zen. 2023ko hauteskundeetatik, Sumarreko diputatu izan da Kongresuan, eta aurtengo urtarriletik, talde parlamentario horretako bozeramaile gisa aritu da.