Ingurumena kutsatzen duten plastikozko pinporten kopurua murriztea adostu dute EBko ministroek

%74 murriztu nahi dute ingurunera doazen pinporten kopurua. Urte hasieran Galiziako kostaldean itsasontzi batetik eroritako plastiko pinportak euskal kostalderaino iritsi ziren.

Plastikozko pinportak Galiziako kostaldean. EFE
Plastikozko pinportak Galiziako kostaldean. EFE
inaut matauko rada
2024ko abenduaren 17a
15:00
Entzun

Urtero gero eta plastiko gehiago kontsumitzen da munduan, eta gehiena sorkuntza berrikoa izaten da, hau da, birziklatu gabea. Plastikoaren industriaren lehengai nagusia plastikozko pinportak dira, milimetroko tamaina duten plastikozko zatitxo uniformeak, nahi den produktua egiteko urtzen direnak. Plastikozko pinporta horietako asko ingurunera doaz azkenean, eta, arazo horri aurre egiteko, Europako Batasuneko Ingurumen Kontseilua, gaur, ados jarri da kutsadura hori murrizteko direktiba bat ezartzeko.

Hori egin ondoren, EBko Ingurumen Kontseiluak orain Europako Parlamentuarekin negoziatu behar du etorkizuneko direktiba. EBko 27 herrialdeetako Ingurumen ministroek %74 murriztu nahi dute ingurumenera iristen den plastikozko pinporten kopurua; kalkulatu dute 2019an plastikozko pinporten ekoizpen kate osoan 52.000 eta 184.000 tona artean galdu zirela. Kate osoko isuriak murriztu nahi dituzte, itsas garraioan gertaturikoak batez ere. Aurten, esaterako, Toconao ontzitik 26 tona plastiko pinporta erori ziren itsasora, Galizia inguruan. Gaurko kontseiluan, Galiziako ordezkariek ere parte hartu dute.

Proposaturiko direktiban, besteak beste, honelako neurriak ezarri nahi dituzte: plastikozko pinportak garraiatzen dituzten enpresek bere jardunaren berri eman beharko dute, eta isuriak eragozteko betebeharra izango dute; eta, halakorik jazoz gero, hura garbitzeko ardura izango dute. Horrez gainera, pinportak itsasoz garraiatzen dituzten enpresek edukiontzi egokiak izan beharko dituzte isuriak ez izateko, eta informazio teknikoa eman beharko dute merkantziei buruz.

Neurriak ez lirateke soilik izango pinportak itsasoz garraiatzen dituzten enpresentzat; errepidez edo trenez egindako garraioei ere eragingo lieke. Halere, itsasoz garraiatzen dituzten enpresentzat direktiba urtebete geroago jarriko litzateke indarrean, beste garraiobideekin alderatuta. Ikuskatzaileek enpresen jarduna ikuskatuko dute, baldin eta enpresak urtean mila tona baino gehiago manipulatzen baditu, eta, hortik beherako kopurua bada, erantzukizunezko adierazpen bat egin beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.