Ingurumena

Ingurumenaren hondamenaren marra gorri batzuk gainditu direla ondorioztatu du nazioarteko ikerketa batek

Nazioarteko ikerketa batek lehen aldiz neurtu ditu ingurumenaren narriadurak gainditu beharko ez lituzkeen segurtasun eta justizia adierazleak. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, bederatzi marra gorri horietako zazpi gainditu egin dira dagoeneko, eta ondorio asko saihetsezinak dira.

Plastiko kutsadura, Indonesiako hodartza batean. MADE NAGI / EFE
inaki petxarroman
2023ko maiatzaren 31
18:42
Entzun

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, ingurumenaren hondamenaren adierazle batzuk marra gorriak gainditzen ari dira. Ikerketan nazioarteko dozenaka ikertzailek parte hartu dute, besteak beste, BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko Noelia Zafrak.

Klima aldaketari dagokionez, zientzialariek 1,5 gradutan ezarri dute muga «segurua». Batez besteko tenperatura hortik gora igotzeak klima inflexioko hainbat eragin izan ditzake; hori ez da oraindik urratu, baina klima aldaketak eragindako kalteetarako zaurgarritasun handia saihesteko bidezkotzat jotzen duten gradu bateko muga, hori bai, gainditu da dagoeneko.

Future Earth nazioarteko erakundeak deituta, Lurraren Batzordeko —mundu iraunkorrago baten alde lan egiten duten zientzialarien nazioarteko plataforma— 50 bat ikertzailek beren lanaren ondorioak argitaratu dituzte, eta giza ongizatea jasan dezakeen planeta bat babesteko adierazleak nola dauden adierazi dute.

Zientzialariek «segurutzat» jotzen dituzten mugak Lurrean baldintza egonkorrak eta erresilienteak bermatzen dituztenak dira; «bidezkoak» dira giza esposizioa minimizatzen dutenak kalte garrantzitsuenen aurrean —hala nola, heriotzak, nahitaezko lekualdatzeak, elikagaien edo baliabideen galera, ur eta elikadura segurtasuna edo gaixotasun kronikoak—.

Klimatik harago

Klimaz gain, ikertzaileek muga «seguru» eta «zuzen» horiek finkatu dituzte, baita biodibertsitateari, ur gezari eta airearen, lurzoruaren edo uraren kutsadura mota desberdinei dagokienez ere. Ondorioztatu dute kasu gehienetan gainditu egin direla muga horiek eta planetaren egonkortasuna eta erresilientzia arriskuan jartzen ari direla. Gizakientzat ere «arrisku handiak» hartzen ari direla ohartarazi dute.

Adibidez, esan dute naturaren % 50 eta % 60 bitartean bere horretan mantendu beharko litzatekeela; gainazaleko uraren emaria ez litzatekeela %20 baino gehiago aldatu beharko; eta lurpeko uraren aprobetxamenduak ez lukeela izan behar akuiferoak kargatzeko ahalmena baino handiagoa.

Era berean, ikertzaileek ohartarazi dute nitrogenoaren, fosforoaren eta antzeko ongarrien zikloek ere segurutzat eta bidezkotzat jotzen diren mugak gainditu dituztela, eta giza jarduera askok uraren fluxu naturalak aldatu dituztela. Horrek mehatxu handiak dakarzkie ekosistemei eta pertsonen ongizateari eragiten dioten baldintzei.

Lanean parte hartu duten mundu osoko berrogeita hamar ikertzaileen artean BC3ko Noealia Zafra ikertzailea dago. Ikerketa horren garrantzia azpimarratu du. XX. mendeko 1970eko hamarkadatik Lurraren muga biofisikoei buruzko ikerketa zientifikoak egiten ari dira, baina, dioenez, lehen aldiz egin dira kalkuluak, «belaunaldi barruko eta belaunaldien arteko justizia soziala eta Lurreko izaki bizidun guztiak aintzat hartuta».

EFE berri agentziari adierazi dio muga horietako asko gainditu direla eta horren ondorioetako batzuk atzeraezinak izango direla, baina, era berean, aukera dagoela ondorioak ahalik eta txikienak izateko. Klimari eta biodibertsitateari buruzko nazioarteko akordioak betetzeaz gain, garrantzitsutzat jo du gizarte akordio zabalagoak egitea, neurri horiek «modu justuan» ezarri ahal izateko.

Lanak, lehen aldiz, aldagai kuantifikagarriak eta oinarri zientifiko sendoa aurkezten ditu planetaren osasuna ebaluatzeko, ez soilik egonkortasunari eta erresilientziari dagokienez, baita giza ongizateari, ekitateari eta justiziari dagokienez ere, azpimarratu du Johan Rockstrom ikertzaile suediarrak. Lurraren Batzordeko presidentekide da Rockstrom, eta ikerketaren egile nagusia.

«Ezin dugu justiziarik gabeko planeta biofisiko seguru bat izan; horrek barne hartzen du helburu justuak ezartzea, kalte nabarmenak prebenitzeko, eta helburu horiek lortzeko, pertsona guztiei baliabideak eta bidezko eraldaketak eskuratzeko aukera bermatzeko», gehitu du Joyeeta Guptak, Lurraren Batzordeko presidentekide eta Amsterdamgo Unibertsitateko irakasleak.

Ikertzaileen lanaren arabera, Lurraren sistema arriskuan dago, eta helburu globalak klima aldaketara mugatu dira. Hala ere, ebidentzia zientifiko guztiek argi erakusten dute beharrezkoa dela planetaren bizigarritasuna zehazten duten gainerako sistema eta prozesu biofisiko guztiak kudeatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.