Argentina

Ingurumena eta inpunitatea

Argentina erreferente bat da ingurumen legeen arloan; ez, ordea, justizia klimatikoa ematerakoan. Kutsadurak edo estraktibismoak kalte egindako herritarrak babesik gabe daude, eta nazioarteko instantzietara jotzen dute, baina haiek ere ez diete irtenbiderik ziurtatzen.

Petrolioa offshore esplotatzearen kontrako protesta bat, iragan otsailean, Buenos Airesen. BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Argentinak zenbait ingurumen lege ditu, hala nola Ingurumenaren Lege Orokorra, Glaziarren Legea eta Basoen Legea; horiei esker, erreferente bat da arlo horretan. Hala ere, egitura judizial bat falta du, lege horiek aplikatu eta delitu mota horiek tipifikatuko dituena. Kutsadurak edo estraktibismoak kalte egindako herritarrak babesik gabe daude, eta nazioarteko instantzietara jotzen dute, baina haiek ere ez diete irtenbiderik ziurtatzen. Ingurumenaren aldeko aktibismoak babeserako legeak eztabaidatzen ditu, baina baita eredu ekonomiko estraktibista ere, eta, funtsean, eredu hori da arazoa. Argentinako ekonomia, eskualdeko beste herrialde askotan gertatzen den moduan, eredu ekonomiko kolonialista bati kateatuta dago, eta horrek lehengaiak ustiatzera kondenatzen du.

«Ez dago zigor legerik: Argentinan, kutsatzea ez da delitu. Ingurumenaren arloan inpunitate handia dago; ingurumen hondamendi asko daude, baina ez dute ia inor kondenatzen», adierazi du Enrique Viale ingurumeneko ekintzaile eta abokatuak. «Isuna jartzen dizute auto bati leihatila hausten badiozu, baina baso autoktono bateko milioi bat hektarea erretzen badituzu, 2020an gertatu zen moduan, ez zaituzte zigortuko. Beste hainbeste gertatzen da nekazaritzako produktu kimikoak botatzen badituzu eskola batera. Horren adibide argi baino argiagoa da 2015ean Barrick Gold enpresak San Juanen isuritako zianuroa, ez baitzuen inolako ondorio penalik izan».

XIX. mendean, Argentinak nekazaritza eta abeltzaintzako eredu esportatzaile bat garatu zuen, lurraren erabileran eta abereen hazkuntzan oinarritutakoa, eta batez ere Britainia Handiari saldu zizkion elikagaiak. Eredu horrek 1943. urtera arte funtzionatu zuen, peronismoak bestelako eredu ekonomiko bat sortu baitzuen orduan, inportazioen ordezkapenean oinarrituta; eredu horren helburua zen ahalik eta gehien ekoiztea Argentinan bertan.

Arrakasta izan zuen 1974ra arte; garai hartan, pobrezia, langabezia eta desberdinkeria apalak ziren. Diktadurak (1976-83) eredu hori amaitu zuen, herrialdea zorpetu, eta gutxi batzuek sortutako zor hori argentinar guztien gain utzi zuen. Kirchnerismoak politika horietako batzuk moldatu zituen, lana eta ekoizpen nazionala bultzatu baitzituen, eta estatuaren zorra kitatu.

Baina Cambiemos alderdiaren kudeaketak, Mauricio Macri buru zuela, dena hankaz gora jarri zuen berriro ere: besteak beste, landa eremuari lagundu egin zion, atxikipenak kendu baitzituen, eta Nazioarteko Diru Funtsak inoiz eman duen zorrik handiena bere gain hartu; ondoren, Banku Zentralak saldu egin zien zorra finantza funtsei eta herrialdeko kapital garrantzitsuei, eta haiek Argentinatik atera zuten dirua. Estraktibismoa, azken batean, Argentinako ekonomiaren jatorrira itzultzea da: lehengaiak ustiatzea du oinarri, eta gero lehengaiak saltzea eskaintzarik onena egiten duenari.

«[Ingurumena zaintzearen aldekoek] Zorrotz kritikatzen dugu modu kolonialean inposatzen diguten eredu estraktibista: lehengaien hornitzaile izatea iparralde globalarentzat», esan du Vialek. «Eskualdearen porrot ekonomiko osoak zerikusia du eredu horrekin. Argentinan pobrezia izugarri handia da, eta bere lurraldearen zati handi bat liberalizatuta du ingurumenari dagokionez».

Joan deneko 25 urtean, Argentinan oihan eta mendi autoktonoetako zortzi milioi hektarea baino gehiago basogabetu dira, eta 6.000 milioi litro agrotoxiko eta 70.000 milioi litro ongarri sintetiko baino gehiago erabili dira. Egun, hidrokarburoen inbertsioen sustapenerako proiektu bat bultzatzen du, bere burua hornitzeko ez ezik erregai esportatzaile garrantzitsu bilakatzeko ere.

Horrez gainera, nekazaritzako industriaren garapen federala, inklusiboa, iraunkorra eta esportatzailea sustatzeko erregimen bat ere bultzatzen du, eta aleen ekoizpena handitzea da horren helburua. Nekazaritzako eta abeltzaintzako muga harago eraman nahi du, eta, horretarako, baso eta mendi autoktonoetako milioika hektarea suntsitu behar dira, eta familien nekazaritza, laborariak eta indigenak kanporatu.

Duela hilabete batzuk, ezagun egin zen Clararen —ez da egiazko izena— kasua. Desgaitasuna duela aitortu zion Argentinako Estatuak: Clarari tiroideko minbizia diagnostikatu zioten 7 urte zituenean, eta horren bidez jakin zuten bihotza handitu egin zitzaiola. Ama minbizi mota beragatik hil zen, eta komunitateko hainbat herritarrek pairamen berberak dituzte. Quimica auzoan bizi dira guztiak, Parana ibaiaren ertzean —Hego Amerikako bigarren ibaia da—, Atanor SCA enpresaren industria instalazio batetik gertu.

Herritarren akusazioa

Herritarrek kutsaduraren eta beren gaixotasunen erantzule egiten dute enpresa hori. Atanor Argentinako herbizida, intsektizida eta fungizida ekoizlerik handienetako bat da, eta komunitatetik hirurehun metro baino gutxiagora dago. Albaugh LLC multinazionalarena da, eta, azken hamabi urteotan, komunitate horrek eta erakunde zibil batzuek bederatzi salaketa baino gehiago jarri dizkiote kutsaduragatik.

Orain arte, gauza bakarra lortu dute: bi epailek, 2017an eta 2020an, konpainiaren funtzionamendua mugatzea, gehienez hamabost egunez. Baina Atanorrek mugarik gabe dihardu oraindik ere. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak txosten bat eskatu zion Argentinari, Quimica auzoko herritarrek 2019an aurkeztutako salaketagatik, eta Argentinak epea luzatzeko eskatu zion, bi aldiz; azkenean, ez zuen ezer aurkeztu. Abuztuaren 9an, nazioarteko erakundeak 14.635. kasua ireki zuen, eta Argentinari sei hilabeteko epea eman zion Quimica auzokoen salaketaren inguruko ohar gehigarriak aurkezteko, epea luzatzeko aukerarik gabe.

Joan den irailaren 24an, Argentinak Escazuko Akordioa berretsi zuen, beste bederatzi estaturen atzetik: ingurumenari buruz Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeek egindako lehen eskualde ituna da. Ingurumen gaietako giza eskubideen defendatzaileei buruzko xedapen espezifikoak jasotzen dituen lehena da munduan, eta xede du bermatzea ingurumen arloko informazioa eskuratzeko eskubideak, parte hartzea publikoa izatea ingurumen arloko erabakiak hartzeko prozesuetan, eta justiziarako sarbidea izatea ingurumen gaietan.

Duela egun batzuk, 27/2022 ebazpenaren bidez, Argentinak HB4 gari transgenikoa merkaturatzea onartu zuen; gari hori erresistentea da lehortearekiko eta amonio glufosinato herbizidarekiko. Nekazari familiek, ekoizle txikiek, komunitate indigenek eta kooperatibek osatzen dituzten hainbat erakundek salatu zuten horrek ondorio zuzen bat duela: transgenikoak ogira eta irinez egindako produktu guztietara iritsiko dira. Era berean, adierazi zuten horren ondorioz herbizida gehiago erabiliko direla eta hazien beste lege bat egiteko nahia sortuko dela, eta neurri horrek nekazaritzako industriaren negozioaren eredua sakontzen duela, eta gobernuaren eta enpresen arteko aliantza ere bai.

Eskualdeari dagokionez, Kolonbiako presidente bilakatzeko faborito Gustavo Petrok proposatu zuen petrolioaren kontrako fronte bat sortzea Brasilgo Luiz Inacio da Silva Lula-rekin eta Txileko Gabriel Boricekin, ekonomia erregai fosiletatik aldentzeko.

«Hori oso interesgarria da», baieztatu du Vialek. «Bigarren belaunaldiko aurrerakoiak esaten diegun agintari aurrerakoiak ditugu eskualdean, klima aldaketaren eta kolapso ekologikoaren problematika askoz ere argiago dutenak, eta Petro da horietako bat. Etorkizuneko energia esaten zaien horiek izan behar ditugu jomugan, alegia, energia berriztagarriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.