«Inflazioaren pandemia» Zeelanda Berriko agintari hautatuaren lehentasun

Alderdi Laboristak Chris Hipkins aukeratu du Jacinda Ardernen ordezko. Bihar hartuko du gobernuburu kargua, aurreikusi baino lehenago

Chris Hipkins, ostegunean, Napierren (Zeelanda Berria). BEN MCKAY / EFE.
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Chris Hipkinsen gobernuarentzat, «inflazioaren pandemiari» aurre egitea izango da datozen urteetako lehentasuna. Jacinda Ardernen dimisioaren ondoren, Zeelanda Berriko Alderdi Laboristak herenegun aukeratu zuen haren ordezkoa, eta ez zen ustekaberik izan, Hipkins izan baitzen hautagaitza aurkeztu zuen bakarra, haren inguruan dagoen adostasunaren erakusgarri. Laboristek atzean utzi nahi izan dituzte iraganean izandako barne zatiketak, eta, Ardernekin 2017an gertatu bezala, oraingoan ere azkar, lasai eta irmo eskualdatu dute agintea.

Horren seinale, Hipkinsek bihar hartuko du gobernuburu kargua, eta ez otsailaren 7an, Ardernek dimisioaren berri ematean azaldu zuen modura. Badirudi lehen ministro hautatuak trantsizio azkarra nahi duela, ahalik eta azkarrena hasteko lanean kargu berrian; Hipkinsek, behintzat, badu esperientzia gobernuan, 2017tik hona Hezkuntza, Osasun eta Polizia ministro izan baita, besteak beste —parlamentuko diputatu ere bada, 2008tik—.

Hain justu, herenegun, agintaldiaren norabideari buruzko azalpenak ematean, lehen ministro berriak esan zuen Zeelanda Berriak «buruzagitza sendo eta egonkorra» izan duela Ardernekin, eta herritarrek «hori ikusiko» dutela etzitik aurrera ere. «Bizibidea ateratzeari buruzko auzietako batzuetan jarri behar dugu arreta; tartean, bizitzaren kostua eta inflazioaren pandemia globalaren efektuak. Gure baliabideak diferentziarik handiena eragingo duten gauzetan jarri, horixe da egin behar duguna».

Ardernek ostegunean jakinarazi zuen gobernuburu kargua utziko zuela, argudiatuta boterean egin dituen sei urteak «neketsuak» eta «oso zailak» izan direla. Karisma eta ospe handiko politikaria da, baina mehatxu asko jaso ditu bere agintaldian, eta, iradoki zuenez, hori ere izan da lehen ministro izateari uzteko arrazoietako bat. Haren ordezkoa afera horri buruz ere mintzatu zen herenegun, adierazi baitzuen «gorrotagarriak» izan direla karguan haren aurretik egondakoaren kontrako abusuak.

«Ikusi dut hedabideek zer arreta jarri duten haren [Ardernen] bizitza pertsonalean. Nire bi haurrak eta familia arretagunetik kanpo utzi nahi ditut. [Mehatxuek] Ez gaituzte ordezkatzen herrialde gisara», argudiatu zuen Hipkinsek.

Sepuloniren soslaia

Lehen ministro hautatuak ez du oraindik xehetasun handirik eman bere gobernuaren osaketari buruz. Hori bai, herenegun bertan jakinarazi zuen zein izango den lehen ministrordea: Carmel Sepuloni, egun Arte, Kultura eta Garapen Sozialeko ministro dena. Izendapen horrekin, lehen aldiz, Pazifikoko indigenen ondorengo den politikari bat izango da Zeelanda Berriko gobernuburuorde.

Sepulonik esan zuen «harro» dagoela «samoarra, tongatarra eta Zeelanda Berriko europarra» izateaz, eta jakitun dagoela «ondare nahasiko belaunaldi zeelandaberritar asko» ordezkatzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.