Inflazioa jaitsi eta ekonomiaren hazkundeari eutsi nahi dio Txinak

Txinako Herri Asanblea Nazionalak urteko batzarra hasi du, hainbat erreforma egiteko asmoarekin

2008ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Txinako Herri Asanblea Nazionalak urteroko batzarra hasi du. Aurtengoan, inflazioa kontrolatzeko eta hazkunde ekonomikoari eusteko proposamenak onartzea izango da erakundearen erronka nagusia. Bi aste iraungo du batzarrak. Hu Jintao presidenteak eta Wen Jiabao lehen ministroak abiatu zuten, atzo, 3.000 diputatuekin batera. Legebiltzarrean lehen aldiz aritu ziren Xi Jinpoing eta Li Keqiang, 2012an presidente eta lehen ministro karguak ustez hartuko dituztenak. 2007an bezala, Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %4,8koa izatea da Asanblearen helburua, eta Barne Produktu Gordina (BPG)%8koa izatea.

Txina munduko laugarren potentzia ekonomikoa da, eta salerosketetan hirugarrena da. Txinako BPG %11,4 hazi zen iaz, baina inflazioa ere asko hazi zen: %7,1. Oinarrizko jakien prezioak asko garestitu dira: arroza eta arrautzak, esaterako. Adituak adierazi dutenez, inflazioa kontrolatzeko gai izango da Txina.

Orain arte iragarritako neurrien artean, oinarrizko produktu gehiago ekoiztea izango da lehena. Landa lurrak eraikuntzarako ez ditu erabiliko Gobernuak, eta esportatuko duten arroz kopurua kontrolatuko dute. Ekonomiaren hazkundea mantendu nahi dute, baina «modu orekatuan eta ingurumena errespetatuz».

Olinpiar Jokoak Txinan izango dira, udan, eta munduko herrialde guztiak bertara so daude. Asan-blearen batzarrak piztutako ikusminaz ohartuta, Gobernuakerreformak iragarri ditu, «Txinako sistema demokratikoa dela frogatzeko».



AZALEKO ALDAKETAK. Gobernuan aurpegi berriak izango ei dira eta ministerio gutxiago. Azken hiru hamarkadetan sortutako gizarte mailen arteko ezberdintasunak arintzeko prozesua hasiko duela ere esan du.

Azaleko aldaketak izango direla diote adituek. Hasteko, Asanbleak Jintao eta Jiabao euren postuetan mantendu, eta Jinpoing eta Keqiang presidenteorde eta lehen ministrorde izendatuko ditu. Ministerioak gutxiago izango dira, dena den: egun 28 daude eta 21 izango dira batzarraren ostean. Gobernuaren xedea «Administrazioa modernizatzea» da.

Aldaketa politikoei dagokienez, aurrerapausoak egongo direla uste dute adituek, baina ez jauzi handiak. «Sistema politikoaren aldaketan sakonago jardun behar dugu, baina Alderdi Komunistaren boterearen barruan betiere», ohartarazi du Gobernuak. Taiwanen independentzia ez dutela onartuko ere gogorarazi du: «Inork ez du banatuko Taiwan gure aberritik».

Horrez gain, ustelkeria eta behartsuen esplotazioa amaitzeko ahaleginak egingo dituztela nabarmendu du.



GIZA ESKUBIDEAK. Human Rights Watch (HRW) erakundeak, bestalde, giza eskubideak errespetatze aldera, legeak aldatzeko eskatu dio Herri Asanblea Nazionalari.

Gutuna helarazi dio erakundeak Jiabao lehen ministroari, eginbeharreko aldaketak proposatzeko. Ekintzaile eta abokatuen jazaperna bukatzea, estatu sekretuak gutxiago izatea eta hedabideen zentsura amaitzea eskatu diote, besteak beste. «Olinpiar Jokoen urtean mundua Txinara begira dago, orain da ekiteko momentua», esan du HRWk.



Asanblea Nazionalaren funtzionamendua

Herri Asanblea Nazionaleko ia 3.000 ordezkariak urtean behin biltzen dira Herriaren Jauregi Handian, Pekinen. Han, Txinako Alderdi Komunistak hartutako erabakiak berresten dituzte diputatuek. Duela 54 urtetik, Asanblea sortu zenetik, ez dute inoiz atzera bota Alderdi Komunistaren proposamenik.

Bost urteetarako izendatuak diren 2.987 delegatu horiek dira herriaren ordezkariak. Zeharkako sufragioz aukeratzen dituzte, baina gehienetan agintariek jartzen dituzte karguan.

Asanbleak du boterea teorian. Urteko batzarrean Estatuko eta Gobernuko agintariak aukeratuko ditu. Praktikan, erabaki nagusiak Alderdi Komunistako agintari talde txiki batek hartzen ditu. Hu Jintao presidenteak eta Wen Jiabao lehen ministroak karguak bost urtez mantenduko dituztela jakina da, esaterako.





HerrI asanBLea nazIonaLa DaTueTan

637

Emakume diputatuak. Herri Asanblea Nazionala ia 3.000 diputatuk osatzen dute; 2.987 ordezkarik, zehatzago esateko. Horietatik erdiak baino gutxiago dira emakumeak: %21,33. Hau da, Herri Asanblean 637 emakume daude.





960.000



Ordezkatutako biztanle kopurua. Herri Asanblea Nazionaleko diputatu bakoitzak 960.000 pertsona ordezkatzen ditu. Herrietako biztanleei dagokie zenbaki hori. Hirietan, aldiz, diputatu bakoitzak 240.000 biztanle ordezkatzen ditu.

160

Asanbleako Batzar Iraunkorra. Txinako Herri Errepublikan egiten diren lege gehienak Herri Asanblea Nazionaleko Batzar Iraunkorrak bozkatzen ditu. 160 pertsonak osatzen dute batzarra, eta urtean hainbat alditan biltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.