Indonesian bederatzi lagun hil dira bi hotelen aurka egindako atentatuan

Luxuzko hotelak hartu dituzte jomuga erasotzaile suizidek, eta 50 bat lagun zauritu dituzte

2009ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bost minutu eskaseko aldearekin lehertu ziren atzo Jakartako (Indonesia) luxuzko bi hoteletan jarritako bonbak. Lehenengoak Ritz-Carltongo jatetxean egin zuen eztanda; bigarrenak, JW Marriotten. Eraso suiziden ondorioz, guztira, bederatzi lagun hil dira -erasotzaile suizidak barne- eta 50 bat ospitalean daude eztandak eragindako zauriak sendatzen. Susilo Bambang Yudhoyonok, Indonesiako presidenteak, «talde terrorista bati» egotzi dio gertatutakoa, egileak zeintzuk diren zehaztu gabe. Yudhoyonoren esanetan, erasoen atzean Jemaa Islamia (JI) talde armatu islamista dagoen esateko goizegi da. Haatik, erantzuleak atxilotu eta epaituko dituztela agindu du: «Justiziaren aurrean amaituko dute erasoak egin dituztenak, baita prestatu dituztenak ere».

Kuninganen, Jakartako finantza barrutian, daude erasotzaile suizidek jomugan hartutako hotelak. Bai Ritz-Carltonek bai JW Marriottek kalte material handiak izan dituzte eztanden ondorioz. Poliziaren arabera, izan ere,lehergai asko eztandarazi ez badute ere, erabilitakoa oso material arriskutsua zen.

Eztandarik eragin ez duen hirugarren bonba bat ere aurkitu du Poliziak, erasoen ondotik bi hotelak miatzerakoan. Hirugarren hori Marriotteko hemezortzigarren solairuko logela batean zegoen, Poliziaren arabera, «terroristek base gisa erabiltzen zuten logela berean».

Barealdia amaitu da

«Leihotik begiratu dut, eta solairu bat behera erorita zela ikusi dut. Beira mordo bat txikituta eta lurrean barreiatuta ikusi ditut. Lehenbailehen kanpora irten behar nuela ohartu naiz orduan». Geoffrey Head enpresagizona Ritz-Carlton hotelean zen bonbak eztanda egin zuenean. Hala ere, ez zela gertatutakoaz ohartu dio; lagun bati esker jakin zuela gertatutakoaren berri, alegia. «Igogailua hartuta sarrerara jaitsi nintzeneanhango denak surrealista zirudien. Ezkerra begiratu eta lehen kafetegia zegoen tokian ez zegoela ezer ohartu nintzen», gaineratu du Headek.

Bambang Hendarso Danuri Indonesiako Poliziak azaldu duenez, erasotzaile suizidek Ritz-Carlton eta JW Marriott hoteletan pasatu zuten gaua, goizaldean, bonbak jarri eta euren buruak leherrarazteko. Lehenengo eztanda Indonesian 07:45 zirenean gertatu zen, puntako orduan.

«Zaurituak nonahi ziren. Keak estaltzen zuen dena, eta sufrearen eta bolboraren usaina edonon antzeman zitekeen. Zuri gelditu naiz lurrean haragi zatiak ikusi ditudanean», azaldu du eraso gunera joaten lehenetarikoa izan den mediku batek.

Hil honen hasieran presidentetzarako bozak egin dituzte Indonesian. Beste behin Yudhoyono irten zen garaile. Aurreko agintaldian ekintzaile islamisten aurka egindako lana eskertu nahi izan diote askok, izan ere; bera agintean denetik atentatu gutxiago izan baitira. Azkena 2003an gertatu zen. Jemaa Islamiak bonba bat leherrarazi zuen Marriott hotelean, eta hamabi lagun hil ziren. 2002an, berriz, 202 lagun hil ziren, Baliko atentatuan.

Gertatutakoa gogor gaitzetsi du Indonesiako presidenteak, baita nazioarteak ere. EBk, besteak beste, «ekintza basatitzat» jo du, eta Barack Obama AEBetako presidenteak Indonesiarekin lankidetzan aritzeko konpromisoa berritu du. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak, berriz, Gobernuaren lana aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.