Indonesiako Pulau Ruang uharteko sumendia pizten hasi da aste honetan, eta jada 1.600 biztanle baino gehiago ebakuatu behar izan dituzte; hainbat zauritu ere badaude. Horrez gain, tsunami arriskua handia dela adierazi du Indonesiako Bolkanologia Departamentuak, eta alerta maila gorena ezarri dute herrialdean, 2018an jazotakoa ez dadin berriz gertatu. Urte horretan Krakatoa sumendia piztu zen, eta luizi bat izan zen; horrek tsunami bat sortu zuen, eta 400 pertsona baino gehiago hil ziren.
Hori eragozteko, jende asko ebakuatzen ari dira Ruang uhartetik eta inguruko irletatik. Bart gauean handitu zuten tsunami arriskuaren maila puntu gorenera, laugarrenera. Babes zibilerako neurriak hartzen jarraituko dute datozen egunetan, sumendiaren erdiko puntutik sei kilometrora bizi direnak ebakuatu nahi baitituzte. Beste herrialde batzuk, Japonia eta Australia esaterako, hasi dira ikertzen tsunami batek haien kostetan zer eragin izan dezakeen.
Ruang sumendiaren erupzioa
Apirilaren hasieran nabaritu zuten jarduera bolkanikoa Ruang sumendian, eta asteartean 2.000 metroko ke eta errauts zutabe bat bota zuen; asteazkenean, 3.000 metroko bat. Azken horrek lurrikara txikiak sortu zituen, horregatik erabaki zuten tsunami arriskuaren maila handitzea. Gaur goizean erupzio gogorragoak piztu dira. Atzo Manado hiriko nazioarteko aireportua itxi zuten.
2,5 kilometroko erradioa du irlak, eta sumendiak 725 metroko altuera.