Kongo ibaiaren arroan 145.000 kilometro karratuko oihan eremuaren azpian dagoen zotal ikatza askatuko balitz, suntsituta geratuko litzateke inguru guztia. Mendez mende eta milurtekoz milurteko, landareen usteltze geldoaren bitartez sortu da Kongoko arroaren lur hezeen azpian ezkutatzen den karbono gordailua.
Orotara 70.000 karbono tona daude pilatuta han, zientzialariek egindako ikerketen arabera. Alde batetik, Afrika erdialdeko azken oihan hauen oparotasunaren gakoa da zotal ikatz edo zohikatz deritzona. Baina ez hori bakarrik: Kongoko urak gutxitu edo desbideratuko balira eta babestutako karbonoa airera askatuko balitz, animalia eta landare ugari galtzearekin batera, AEBen hogei urteko karbono dioxido isuriek eragindakoaren neurrikoa litzatekekaltea. Hots, munduko klimaren egonkortasuna dago kolokan.
Mehatxuak bene-benetakoak dira, zohikatz eremuaren %80 era anitzetako ustiaketa industrialerako esleitu baitute dagoeneko. Petrolioprospekzioek, esaterako, lur eremu honen %75 hartzen dute, Greenpeacek marraztu duen azken maparen arabera.
Horietako eremu bat ustiatzen hasteko prest daude dagoeneko Brazzavilleko eta Kinshasako gobernuak, Salongako parke nazionalaren zati bat ere petrolioa ustiatzeko eremuan sartzeraino.
Gainera, egur eta nekazaritza ustiaketa industrialen kontzesioek ere arriskuan jartzen dute zohikaztegien inguruko ekosistemaren iraupena. Basoak ustiatzeko kontzesioek, adibidez, zohikatza dagoen eremuaren %18 hartzen dute. Baso horietan eta horien baliabideetatik bizi diren komunitateek bakarrik salatu dituzte mehatxuok, eta batzuk atxilotu eta hil ere egin dituzte pauso hori emateagatik.
Ordena azpitik hasita
Tshopo probintziako Basoko lurraldean, adibidez, komunitateek urteak daramatzate bi multinazionalen esku hartzeak eragindako pobreziaren eta txikizioaren aurka borrokan, baita salatzen ere multinazional horiek egindako promesen eta hitzemandako ustezko bakearen atzean ezkutatzen dela estatua.
Txinako Fodeco enpresak zuhaitzak moztu eta haien egurra esportatzen du. PHC-Feronia, berriz —zeina jatorriz Kanadakoa baita—, kolonien garaiko palma landaketak zabaltzen ari da, eta mendebaldeko garapenerako bankuen laguntzaz, gainera. Baina, bitartean, hangoek inoiz baino pobreagoak izaten jarraitzen dute.
Herri autoktonoen iritziak eta lur eta giza eskubideak aintzat hartuak izan daitezen egiten duten borroka isilak bat egiten du ekologismoaren aldeko aldarriekin. Pobreziatik aterako dituen bidea da bilatzen dutena, eta, oraingoz, basoen kudeaketa iraunkorrak ematen dizkie bizitzeko baliabide apurrak. Baina hori ere galtzeko arriskuan jartzen du Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak, han-hemenka onartzen dituen kontzesio berriekin. Kontratu horiek ez dituzte aintzat hartzen hango biztanleen iritziak eta eskubideak, eta, ondorioz, haiek ere legez kanpokotzat jotzen dituzte. Inor gutxik hartzen ditu kontuan haien iritziak.
Ekologismoan oinarrituz
Populazioaren gehiegizko hazkundea aurreikusteko gaitasuna ere badute komunitateok, inor gutxik kontuan hartu arren. Kontserbazionistentzat oinarrizkoa da gizakiek zohikaztegietan duten eragina mugatzea.
Baina bestelakoa da basoen etorkizuna. Izan ere, Kongo ibaiko urak Sahel eskualdera bideratu nahi dituzte, eta presa eta zentral hidroelektriko erraldoiak eraiki. Horrek eragina izango luke basoan eta basotik bizi diren komunitateetan. Haientzat, basoen iraunkortasuna eta haiek bermatzeko jakintza da ondorengo belaunaldiei utzi ahal izango dieten oinordetza bakarra.
Nazioarteko Giza Eskubideen Egunean, Kongoko Errepublika Demokratikoko gizarte zibilak bat egin zuen munduko klima larrialdiaren aurkako aldarrikapen nagusietako batekin. Hainbat ordezkarik ezin izan zuten Madrilgo COP25 goi bileran parte hartu, bisa ukatu zietelako, eta, beraz, Kinshasan aurkeztu zuten hara eraman beharreko mezua. Batetik, aldarrikatu zuten bertan behera utzi behar direla iraunkortasuna arriskuan jartzen duten esleitzeak eta azpiegitura erraldoiak. Bestetik, beharrezkotzat jo zuten zohikaztegiak babestuko dituen egitasmo garden bat osatzea, betiere tokiko herrien parte hartzearekin, haiek direlako etorkizunerako giltzarria.
«Komunitate indigenei entzun beharko liekete klima larrialdiari aurre egin izan ezin dioten buruzagiek, haiek baitira arriskuan daudenak», esan zuen Julien Mathek prentsaurrekoan, gizarte zibilaren izenean. Espainiako bisarik gabe geratu zirenetako bat izan zen bera.
Indigenen bizimodua, kolokan
2017an, munduko zohikatz erreserbarik handiena aurkitu zuten Kongo ibaiaren arroan, eta hura babesteko eskatu dute komunitate indigenek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu