26 turista hil zituzten astearte honetan Kaxmir eskualdeko Pahalgam hiritik gertu, tiroketa batean, eta Indiaren eta Pakistanen arteko harremana areago okertu da horren harira. Atzora arte, Indiako Poliziak 1.500 lagun atxilotu zituen, eta tiroketan parte hartzea egozten dien hiruren izenak kaleratu ditu; horietako bi pakistandarrak dira. Narendra Modi Indiako lehen ministroak gaur ziurtatu du «atzeman» egingo dituztela erasotzaileak eta horien babesleak: «Azkeneraino jazarriko gatzaizkie. Terrorismoak ez du inoiz zartatuko Indiaren izpiritua; ez da zigorrik gabe geratuko». Herritar babesgabeei eraso egitea leporatu die Modik erasotzaileei, eta mehatxu egin die «imajina dezaketen baino ordain handiagoa» jasoko dutela. «Ahaleginduko gara justizia egin dadin. Nazio guztiak tinko eusten dio asmo horri; herriaren borondateak bizkarra hautsiko die terrorearen jaunei», erantsi du lehen ministroak India ekialdeko Bihar estatuan egin duen agerraldian.
Indiak Pakistani bizkarreratu dio, hain zuzen, Kaxmir eskualdeko erasoa. Gainera, atentatua gertatu eta ordu batzuk geroago, Erresistentzia Frontea talde armatuak bere gain hartu zuen tiroketaren erantzukizuna, sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez. Asia Hegoaldeko Terrorismoaren Atariak Laxkar-e-Taiba Pakistango talde islamistaren adartzat jotzen du talde hori —2008ko azaroko Mumbaiko erasoen erantzule izan zen Laxkar-e-Taiba: lau egunean, hamabi tiroketa eta bonbardaketa egin zituen, eta 175 hildako eragin, tartean, hamar erasotzaileetako bederatzi—.
Indiako Gobernuak parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiak deituak zituen gaurko; Pakistango Segurtasun Kontseilua ere gaur bildu da. Khawaja Asif Pakistango Defentsa ministroak prentsaurreko batean esan du India «intentsitate baxuko gerra bat» bultzatzen ari dela, eta prest agertu da hari aurre egiteko: «Gure lurraldea babestuko dugu nazioarteko presioen aurka». Arma nuklearrak dituzte bi herrialdeek.
Halaber, Pakistango armadak ariketa militarrak hasi ditu goizaldean Indiako Ozeanoan, «ur gainazaleko eta urpeko jaurtigaiak» erabiliz, armadak igorri duen oharraren arabera. Dena den, ohikoak dira ariketa militarrok: apirilaren 20an eta 21ean ere egin zituzten, eta hilaren 28tik 30era bitarte ere egingo dituzte. Pakistango aire eremura sartzea ere galarazi diete Indiako aire konpainia guztiei. Air Indiak iragarri du hainbat hegaldi desbideratuko dituela erabakia dela eta.
Hainbat hedabidek kaleratu dutenez, Kaxmirko ikasleen elkarte batek salatu du hango ikasleei jazarri zaizkiela eta mehatxu egin dietela Indiako hainbat estatutan. Bizilekutzat dituzten apartamentuak edo unibertsitateetako logelak uztea galdegin diete zenbaiti. Dehradun hirian, hogei ikaslek ihes egin behar izan zuten atzo, eskuin muturreko talde baten mehatxupean.
Indus ibaiko urak banatzeko hitzarmena ere bertan behera uztea erabaki zuen atzo Indiako Segurtasun Batzordeak. 1960an sinatu zuten ituna Indiak eta Pakistanek, eta bi herrialdeen mugaren inguruan dauden ibaien kudeaketa banatzen du: Indiaren esku daude ibaiaren arroaren ekialdeko Ravi, Beas eta Sutlej ibaiak; Pakistanen esku, berriz, mendebaldeko Indus, Jhelum eta Chenab ibaiak —Pakistanek emari guztiaren %80 du—. Pakistango lehen ministro Xehbaz Xarifek ohartarazi du «gerra ekintzatzat» joko dutela ibaiko urak gerarazteko edo desbideratzeko saiakera oro. Indiak jakinarazi duenez, urak banatzeko hitzarmenak hala jarraituko du Pakistanek «mugaz haraindiko terrorismoari uko egin arte».
Atzo, tiroketaren biharamunean, New Delhik erabaki zuen Attari (India) eta Wagah (Pakistan) arteko pasabidea ixtea, eta gauza bera erabaki du Islamabadek. Are gehiago, pasabide hori zeharkatu duten pakistandarrei herrialdea uzteko agindu die Indiak maiatzaren 1a baino lehen.
Era berean, Indiak persona non grata izendatu zituen Pakistanek New Delhin duen goi ordezkaritzako armadako aholkulariak, eta astebeteko epea eman zien herrialdetik joateko; Pakistanek ere hala izendatu ditu Indiak Islamabaden duen goi ordezkaritzakoak, eta 55 aholkularietatik 25 itzularaziko ditu.
Bestalde, Indiak herrialdean sartzea debekatu die Hego Asiako Eskualdeen Lankidetzarako Elkarteak emandako bisa berezia duten pakistandarrei —goi funtzionario, epaile, enpresari eta kazetari batzuei eragiten die, besteak beste—. Bisa hori dutenei bihar arteko epea eman die India uzteko. Neur horri erantzunez, Pakistanek ere baliogabetu egin die bisa berezi hori duten eta herrialdean dauden indiarrei, eta 48 orduko epea eman Pakistan utz dezaten.
Hamarkada luzeko gatazka
Indiak eta Pakistanek Kaxmir osoaren jabetza eskatzen dute, eta 1947an independentzia lortu zuten garaikoa da bien arteko gatazka. Bi herrialdeen artean dago zatituta Kaxmirko lurraldea: Indiako zatia Jammu, Kaxmir eta Ladakh eskualdeek osatzen dute, eta Pakistango zatia, berriz, Azad Kaxmir (Kaxmir librea) eta Gilgit eta Baltistango eskualdeek. Txinak ere kontrolatzen du zati bat: Aksai Chin eskualdea eta Shaksgam ibarra. Aurrez, hiru alditan piztu da gerra Indiaren eta Pakistanen artean, lurraldeaz jabetzeko: 1947an, 1965ean eta 1999an.
2019an ere tentsioa areagotu egin zen bien artean, Pakistango Jaix-e-Mohammed talde armatuak Indiako 40 polizia hil baitzituen Jammu eta Kaxmir eskualdeko Lethapora herriko eraso batean. Abuztuan, Modiren gobernuak autonomia berezia kendu zion Jammu eta Kaxmir eskualdeari, Indiako Konstituzioko 370. artikulua indargabetu eta gero, argudiatuta eskualde autonomoaren garapena «galarazi» zuela ordura arte; 1947tik zuen estatus hori, eta New Delhiren kontrol zuzenaren menpe dago ordutik hona.