Indiaren erabakia dela eta, Pakistan NBEra jo edo ez aztertzen ari da

Indiako Ordezkarien Ganberak ere bere menpeko Kaxmirren estatus berezia baliogabetu du. Kaxmirtarrek inkomunikatuta jarraitzen dute, New Delhik Internet eta telefono haria moztu baitizkie

Zenbait kaxmirtar Indiako Konstituzioa irudikatzen duen kartel bat erretzen, atzo, Muzaffarabaden (Pakistan). AMIRUDDIN MUGHAL / EFE.
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Indiak bere menpeko Kaxmirren estatus berezia baliogabetu zuen atzo. Kaxmirtarrek inkomunikatuta jarraitzen dute, eta Pakistan NBE Nazio Batuen Erakundera edo Nazioarteko Justizia Auzitegira joko duen aztertzen ari da. Hori azaldu zuen Imran Khan Pakistango lehen ministroak atzo, parlamentuko bi ganberen bileran. Indiako Gobernuak Internet eta telefono haria moztu zituen Kaxmirren, joan den igandean.«Ez dakigu zer gertatzen ari den gainontzeko lekuetan; ezin dugu inorekin hitz egin, eta jendea kezkatuta dago», aitortu zion hango herritar batek BBC hedabideari. Indiako indar militarren 25.000 soldadu daude Kaxmirko kaleetan, gobernuak estatus berezia indargabetzeagatik sor daitezkeen protestak saihestu nahi dituelako.

Senatuak herenegun erabaki zuen Kaxmirko autonomia bertan behera geldituko zela, gobernuak horretarako dekretua onartu ondoren. Ordezkarien Ganberak atzo bozkatu zuen, eta hor ere aise gailendu zen baiezkoa, espero zen moduan: 367-67. Izan ere, Narendra Modi lehen ministroak gehiengoa dauka bi ganberetan. «Jendeak ez zuen argi Kaxmir Indiaren parte zen edo ez. Nahaste hori 367. artikuluak sortu zuen, baina hemendik aurrera zalantza horiek desagertu egingo dira», ziurtatu zuen atzo Amit Shah Indiako Barne ministroak.

Indiako Gobernuak etxeko atxiloaldia ezarri zien Kaxmirko oposizioko zenbait buruzagiri asteburuan. Izan ere, New Delhiren ustez, hori zen «bakea mantentzeko» modu bakarra. Herenegun, gobernuaren «egoitza batera» eraman zituen. Atxilotuak Omar Abdullah, Sajad Lone eta Mehbooba Mufti dira. «Indiako Gobernuaren erantzukizuna da Kaxmirko segurtasuna bermatzea, baina, horretarako, guztien giza eskubideak errespetatu behar dira, manifestarienak barne», salatu zuen HRW Human Rights Watch erakundeak, oposizioko buruzagien atxiloketen harira.

Asia hegoaldean HRWren buru den Meenakshy Ganguly oposizioko buruak atxilotzearen, lau pertsona baino gehiagoko bilerak debekatzearen eta Internet moztearen aurka agertu da. Giza eskubideen aldeko erakundeak Indiako Gobernuari eskatu dio «neurritasunez» joka dezala segurtasun neurriak aplikatzeko orduan. «Gobernuak iraganean egin diren abusuak hartu behar ditu kontuan, kexak entzun behar ditu, baina ezin du oposizioaren ahotsa isilarazi», azaldu zuen Gandulyk.

Europako Batasunak honako hau adierazi zuen atzo: «Garrantzitsuena Kaxmirko tentsioa ez areagotzea da». Izan ere, haren arabera, Kaxmirko kontrol lerroan «ekintza militarrak areagotu egin dira». Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak azaldu zuen Indiak ezarri dituen debekuen jakinaren gainean zeudela, eta ziurtatu zuen«kezkatuta» zeudela Kaxmirko egoeragatik.

Indiako Gobernuak Kaxmirko autonomia baliogabetuko zuela esan zuenetik, erabaki horren aurkako zenbait protesta egin dituzte Kaxmirko kaleetan. Hiriburuan, adibidez, dozenaka manifestari elkartu ziren, India behera! lelopean. Pakistan ere estatus berezi hori indargabetzearen aurka agertu zen; haren ustez, Indiaren erabakia NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenen «kontra» doa, NBEk Kaxmirko estatusa erreferendum baten bidez erabakitzeko agindu baitzuen.

Pakistango Armada «kaxmirtarren borrokaren aldeko edozein neurri hartzeko prest» dagoela ziurtatu zuen Asif Ghafoor jeneralak. Militar horren arabera, armadak ez ditu «sekula» aitortu Indiak Jammu eta Kaxmir okupatzeko egin dituen ahaleginak. Khan lehen ministroak azaldu zuenez, Indiak «bere konstituzioaren aurkako» erabaki bat hartu du. «Indiak tokiko populazioa ezabatzeko garbiketa etniko bat egitearen beldur gara», adierazi zuen. Era berean, Shahbaz Sharif oposizioaren buruak ziurtatu du Indiak «genozidio bat» egiteko aukera dagoela.

Pakistango herritarrak kalera atera ziren atzo, eta Indiako Gobernuaren erabakiaren aurkako zenbait manifestazio egin zituzten: Quettan, Muzaffarabad eta Faisalabaden, besteak beste.

Aspalditik datorren gatazka

Indiaren eta Pakistanen arteko gatazka 1947. urtean hasi zen, Britainiar Inperioak India azpikontinentea utzi eta hango kolonia bi estatu independentetan zatitu zuenean. Orduz geroztik, Kaxmir Indiaren eta Pakistanen arteko liskarren iturri izan da, bakoitzak beretzat aldarrikatzen baitu herrialdea.

Joan den otsailean, Pakistango talde islamista batek bonba auto bat leherrarazi zuen autobus baten kontra. Martxoan, berriz, zazpi lagun hil ziren Indiako eta Pakistango armaden arteko tiroketa batean. Tentsio horrek gora eta behera egin du azken urteotan, baina Muftik ziurtatu du Kaxmirko autonomia indargabetzeak «ondorio katastrofikoak» izango dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.