Indiako neska batek 64 gizonen aurkako salaketa jarri du sexu abusuengatik

Biktimak 18 urte ditu, eta Poliziak bortz kasu erregistratu, eta 28 gizon atxilotu ditu. Poliziaren aurrean deklaratzen jarraitzekoa da oraindik; salaketa jarri duen arte, ingurukoek ez zuten gertaeren berri.

Indiako dalit edo ukiezinen kastako zenbait emakume. DIVYAKANT SOLANKI / EFE
Indiako dalit edo ukiezinen kastako zenbait emakume. DIVYAKANT SOLANKI / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urtarrilaren 13a
14:41
Entzun

Indiako 18 urteko neska batek sexu abusuak egitea leporatu die 64 gizoni; 13 urte zituenetik jasan ditu erasoak. India hegoaldeko Kerala estatukoa da gaztea, eta herrialdeko gobernuko Mahila Samakhya emakumeak babesteko programak eman du kasuaren berri. Biktimak bere bizipenak kontatu nahi zituen, eta horregatik jarri zen elkartearekin harremanetan; behin haiekin batu ondotik, salaketa jartzea erabaki zuen. Larunbatean atera zen auzia argitara. Emakumea dalit kastakoa da; ukiezinen kasta erraten zaio, eta Indiako kasta sistemako pobreenak eta baztertuenak dira.

Gaur-gaurkoz, Poliziak 28 gizon atxilotu ditu, eta zaintzapean daude denak, adierazpenik egin gabe. Hainbat lege oinarri hartuta ari dira erasoak ikertzen; adibidez, Indiako Zigor Kodea eta Haurrak Sexu Delituen Aurka Babesteko Legea. Azken bi egunetan, bortz kasu erregistratu dituzte, eta, guztira, 25 kideko talde bat sortu dute operaziorako. «Kasu gehiago erregistratuko dira neskaren deklarazio zehatzetik abiatuta; Poliziaren aitzinean da orain, deklaratzen. Bere adierazpenetan oinarrituta lan egingo dugu», erran zuen asteburuan herrialdeko polizia agente Vinod Kumarrek. 

Artean adingabea zela hasi ziren emakumearen aurkako erasoak; Poliziak jakinarazi duenez, bizilaguna izan zen lehena erasotzen. Haurrari egindako abusuak grabatu egiten zituela gaineratu du Poliziak, eta ondotik grabazioak bertze erasotzaile batzuekin partekatzen zituela. 

Poliziak adierazi duenez, atxilotuetako batek —21 urteko gizon batek— argazki eta mezu «lizunak» bidali zizkion biktimari, artean 13 urte zeuzkanean. Geroago, neskak 16 urte bete ondotik, bortxatu eta grabatu egin zuen. Erasotzaileek aitaren sakelakoa erabiltzen zuten nerabearekin harremanetan jartzeko; orain, hari horri tiraka, haiek guztiak bilatzen saiatzen ari da Polizia. 

Kasta sistema

CWC Pathanamthittako Haurren Ongizaterako Batzordeko buru N Rajeevek jakinarazi duenez, auzia abenduko bigarren astean iritsi zen batzordera. «Amarekin batera komitearen aurrean informazioa emateko erran nion neskari. Aholkularitza eman zitzaion, eta psikologo baten aurrean jarri zen sexu abusuak kontatzera», erran zuen abokatuak. Amarekin joan zen deklarazioa egitera, baina, horren aurretik, familia ez zen gertaerez jakitun. Biktima CWC batzordeko aterpe batera eraman dute, babesteko.

Kasta sisteman oinarritzen da Indiako gizartea, eta dalit edo ukiezinen kastako kideak dira pobreenak eta eraso gehien jasaten dituztenak. Sexu abusuen biktima, hain justu, dalit kastakoa da. Diskriminazioa, lur eskasia, erasoak eta baliabide falta jasaten dute, bertzeak bertze. Beren kasta babesteko legedia duten arren, Indiako hierarkia sisteman azkenak izaten dira beti. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.