Indian markak hautsi dira. Inoizko martxorik beroena eta lehorrena izan da aurtengoa. Ohi baino askoz euri gutxiago egin du: %71 gutxiago, hain justu. Bero bolada betean daude: iragarri dutenez, gaur 46 gradu izango dira New Delhin, eta 48 gradu Rajastanen, Indiako ipar-mendebaldean. Hurrengo egunetarako aurreikuspena okerragoa da: are gehiago berotuko du, 45-50 gradura iristeraino, eta agintariek ohartarazi dute tenperatura horiek hilgarriak izan daitezkeela.
Martxoaren 11n hasi zen beroaldia, eta India iparraldera hedatzen ari da. Martxoan, tenperatura atseginak ohikoak izaten dira herrialdean, eta aurtengoak hilabete horretan inoiz erregistratutako beroenak dira. Hain justu, batezbestekoak baino bederatzi gradu gehiagokoak.
Martxoko tenperaturaren joerari jarraikiz, apirila ez da hobea izan. Alabaina, 43 eta 45 graduraino iritsi dira tenperaturak. Ohikoak baino bost-zazpi gradu gehiagokoak izan dira. Maiatzean, bero handiagoa egingo du: tenperatura beroak izango dira, eta atmosferaren kutsadura handiagoa.
Indian ez ezik, Pakistanen ere pairatu dute bero bolada horren eragina. Milioika herritarrek hamalau orduko itzalaldiak jasan behar izan zituzten apirilean, bero bolada batek elektrizitate falta eragin zuelako. Datozen egunotan, tenperaturak muturrekoak izango dira Pakistango hego-ekialdean. Hyderabad hirian eta ingurukoetan, 47 gradura iritsiko dira.
IPCCren ohartarazpena
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak iragan otsailean argitaratu zuen txosten batean ohartarazi zuen klima aldaketaren eraginez bero boladak areagotu egingo direla Asiako hegoaldean. Horren ondorioz, datozen urteotan jende gehiago hilko da.
Indiako eta Pakistango ezohiko bero boladaren arriskuaz ohartarazi dute
45-50 graduko tenperaturak iragarri dituzte. Inoizko martxorik beroena izan da aurtengoa Indian, eta uste da maiatza are beroagoa izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu