Espazioa

Indiako espaziontzi bat Ilargiko hego polora iritsi da

Ilargiko hego polora iritsi den lehena da, eta ilargiratu den laugarren herrialdea. 14:34ean iritsi da.

Chandrayaan-3 espazio ontziaren aireratzea uztailak 14ean. ISRO HANDOUT / EFE
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko abuztuaren 23a
12:46
Entzun

Ilargiko hego poloan dago Indiako Chandrayaan-3 espaziontzia oraintxe. Euskal Herriko 14:34ean ilargiratu da. Ilargiko hego polora ailegatu den lehen espaziontzia da, eta satelite hartan lurreratu den laugarren herrialdea, AEB Ameriketako Estatu Batuen, Txinaren eta SESB Sobietar Errepublika Sozialista batasunen atzetik. «India Ilargian dago», esan du Sreedahara Panicker Somanath Indiako espazio agentziako buruetako batek.

Espazioko beste karrera bat hasi da azken urteetan Ilargiko eremu ezezagun horretara iristeko. Errusia, esaterako, aurreko igandean saiatu zen ilargiratzen. Errusiak 47 urtean lehen aldiz egin duen espazio espedizioak, Luna-25 espaziontziak, komunikazioa galdu zuen, eta ezin izan zuten ilargiratu. Japoniak ere orain dela gutxi galdu zuen Hakuto-R zunda, baina beste proiektu bat dauka abian, SLIM proiektua, Ilargiko ekuatoreko zonarako.

Ilargiko eremu horretan ur izoztuko erreserba izugarriak daude. Erreserba horiek han bizitzeko baseak egoteko aukera ekarri dute, erregaiaren, oxigenoaren eta ur edangarriaren iturri handia izan baitaiteke beste misio batzuentzat. Marterako misioak egitea ere erraztu dezake. Zientziaren aldetik, Ilargiaren eremu horretako ezaugarri termiko eta fisikoak ezagutzea da helburua, eta horien ezaugarri kimikoak ulertzea.

ISRO Indiako espazio agentzia asko handitzen ari da azken urteotan. Proiektuko lehen espedizioa 2009an egin zuten. Lehenengo proiektu hartan, Chandrayaan-1 espaziontziak deskubritu zuen Ilargiko hego poloan ur izoztua zegoela. 2019an ere saiatu zen gaurko misioa egiten, Chandrayaan-2arekin. Zunda orbital batekin eta ilargiratzeko modulu batekin egin zuten, baina programazio akats batek ilargiratzea zapuztu zuen. Hala ere, zunda orbitalak funtzionatzen segitu zuen, eta gaurko misiorako informazio ugari eta kalitate handiko argazki mordoa lortu ditu. Narendra Modi Indiako lehen ministroak esan du «Indiarentzako kapitulu berri» bat izan dela misio hau.

Indiako espazio agentziak esan du lortu dituzten azken argazkiek azken mugimenduentzako informazio ezin hobea eman dietela, eta misioa ondo aterako zelakoan zeuden. Gainera, ISRO Indiako agentzia espazialak esan du, orain dela lau urte egin zituen akatsak konpondu dituela.

Normalean baino denbora gehiago iraun du espedizioak. Uztailaren 14an bota zuten Chandrayaan-3. Abiadura hartzeko, lurraren orbitan ibili da Ilargirako hilabeteko bidaia hasi aurretik. Espaziontziak zunda orbital bat eta Ilargiratzeko ontzi bat zeramatzan. Ontzia zunda orbitaletik banandu zen aurreko astean, eta informazioa bidaltzen hasi zen. «Oraingoz, dena aurreikusi bezala doa: gure espaziontzia ederki dago», esan zuen Asiako espazio programan 30 urtez lanean ibili den Anil Bhardwajek duela egun batzuk.

2019ko espediziotik informazio mordoa lortu dute, eta, besteak beste, ilargiratzeko tokia aldatu dute. Errusia ilargiratzen saiatu zen tokitik 150 kilometrora dago kokagune berria. «Oraingoan askoz ziurrago gaude; ilargiratzeko eremua segurua da», adierazi zuen Bhardwajek.

Ilargiratzea zuzenean ikusi ahal izan da YouTubeko Deeply Adhyan kanalean, hindiz eta ingelesez. Mugimendu garrantzitsuenak 14:00ak aldera hasi dira. Azken hamabost minutuak izan dira garrantzitsuenak. Azken hamabost minutu horietan, espaziontziak orduko 6.000 kilometroko abiaduratik zerora jaitsi behar izan du.

Ontzia egonkortu eta hauts guztia joatean, sei gurpileko eta 30 kiloko rover bat jaitsiko da lurrera. Ibilgailu horrek instrumentu zientifikoak daramatza, eremuko datuak jasotzeko. «Ilargiko hego poloko lehen neurketak dira; informazio guztia berria izango da», azaldu du Bhardwajek.

Gaurkoa ez da Indiak abian duen proiektu espazial bakarra. LUCAX proiektua lantzen hasi da Japoniako agentzia espazialarekin batera. Indiak egingo du lur hartzeko ontzia, eta Japoniak, berriz, bertan informazioa jasotzeko ibilgailua. Gaurkoa baino toki zailago batera iritsi nahi dute, eguzkia iristen ez den Ilargiko hego poloko eremura, izotz asko egoteko aukera dagoelako. AEBek ere toki hori dute helburutzat; 2025ean, lehen emakumea bidaliko dute Ilargira, eta zuria ez den lehen gizona ere bai. Indiako lehen ministro Mondik esan du Indian espaziontzien jaurtiketetan espazio agentzia pribatuen parte hartzea boskoiztea espero duela datorren hamarkadan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.