Ilargiko hego poloan dago Indiako Chandrayaan-3 espaziontzia. Atzo Ilargiratu zen, Euskal Herrian 14:34 zirela; Ilargiko hego polora ailegatu den lehen espaziontzia izatea lortu du. Horretaz gainera, satelitean lur hartzen duen laugarren herrialdea da India, AEB Ameriketako Estatu Batuen, Txinaren eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren ondotik. «India Ilargian dago», esan zuen atzo Indiako espazio agentziako buruetako batek, Sreedahara Panicker Somanat-ek.
Ilargiko eremu ezezagun horretara lehena iristeko lasterketa bat hasia zegoen. Errusia, esaterako, aurreko igandean saiatu zen Ilargiratzen. Errusiak azken 47 urteetako lehen espazio espedizioari ekin zion, Luna-25 espaziontziarekin, baina galdu egin zuen Lurreko taldearekin zuen komunikazioa, eta ez zuen lortu Ilargira iristea. Japoniak ere orain dela gutxi galdu zuen Hakuto-R zunda, baina beste proiektu bat du abian, SLIM proiektua, eta Ilargiko ekuatoreko eremura iristea du helburu.
Ilargiko eremu horretan, ur erreserba izoztu handiak daude. Erreserba horiek, zehazki, bidea ireki dute han gizakia bizitzeko baseak eraikitzeko, erregaia, oxigenoa eta ur edangarria lortu daitekeelako. Marterako misioak egitea ere erraztu dezakete. Zientziaren aldetik, helburua da Ilargiaren eremu horretako ezaugarri termiko eta fisikoak zein diren jakitea, baita horien ezaugarri kimikoak ezagutaraztea ere.
ISRO Indiako espazio agentzia indartu egin da azken urteotan. Proiektuko lehen espedizioa 2009an egin zuen; Chandrayaan-1 espaziontziak Ilargiko hego poloan ur izoztua zegoela deskubritu zuen. 2019an ere saiatu zen atzokoaren gisako misioa egiten, Chandrayaan-2arekin. Zunda orbital batekin eta Ilargiratzeko modulu batekin egin zuen, baina programazio akats batek ekinaldia zapuztu zuen.
Indiako 'Chandrayaan-3' espaziontzia Ilargiko hego polora heldu da
Ilargiko hego polora ailegatzen den lehena da, eta satelitean lur hartzen duen laugarren herrialdea. «India Ilargian dago», esan du New Delhik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu