Eskoziako boto emaileen jarrera eta hautuak aztertzean eta azaltzean, agerian geratu zen 2014ko erreferendumetik hona joera argi bat zegoela finkatuta: independentisten gehiengo zabalak alderdi independentisten alde bozkatzen zuen. Horren erakusgarri da, esaterako, Erresuma Batutik atera nahi dutenen %70ek egin zutela indar subiranisten alde 2019ko Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozetan; eta horien %90ek hautu hori bera egin zutela 2021eko Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetan. Azken hamarkadako boto jarrera, hortaz, erabat zehaztuta zegoen.
Joan den uztailean Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak egin zituzten, eta errealitatea erabat aldatu da Eskozian. Boto emaileen hautuak ez ziren izan azken hamar urteotakoak bezalakoak, eta independentista izatearen eta alderdi independentista baten alde egitearen arteko harremana nabarmen ahuldu zen; eta horrek eragin du, besteak beste, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak nagusitasuna galtzea boz horietan, Eskoziako Alderdi Laboristaren mesederako. Scottish Election Study ikerketa taldearen datuen arabera, 2014ko erreferendumeko botoaren eta indar subiranistak babestearen arteko harremana «hain ahul bilakatu da, non jada korrelazioa ez baita garrantzitsua».
2014ko kontsultan baiezkoak jasotako babesa aintzat hartuta, iragan uztaileko hauteskundeetan alderdi independentistek aurreikusi baino boto gutxiago bildu zituzten «ia hautesbarruti guztietan». SNPren kasua da argigarria: boto gehiago galdu zituen duela hamar urte baiezkoa gailendu zen hautesbarrutietan, ezezkoak irabazi zuenetan baino. Hau da, praktikan, boto emaile independentisten talde nabarmen batek Eskoziako Alderdi Laboristaren alde egin zuen, eta beste batek ez zuen botorik eman.
Eta hori gertatu zen, batez ere, duela hamar urte baiezkoa nabarmen gailendu zen hautesbarrutietan —baita ezezkoetan ere, baina gutxiago—. Azalpen gisa, Scottish Election Study ikerketa taldeak aipatzen duen hipotesi bat da boto emaile horiek direla SNPk gehien desilusionatu dituenak; independentzia ez duelako gauzatu, eta, oro har, hamazazpi urte agintean egoteak berekin ekarri duen higaduragatik. Hortaz, egun, hautesbarruti mailan, 2014ko emaitzak jada ez dira eremu batek hauteskundeetan bozkatuko duenaren adierazle fidagarri. SNP botoak galtzen ari da independentziaren aldeko tokietan, baina baita Erresuma Batuan geratzearen aldekoak nagusi direnetan ere.
Printzipioz, hurrengo bozak Eskoziako Parlamenturakoak izango dira, 2026an, eta hor geratuko da agerian joan den uztailean gertaturikoa gertakari berezi bat izan den, ala bestelako joera baten hasiera.