Independentziaren aurkako Alcide Ponga hautatu dute Kaledonia Berriko presidente

Elkarretaratzea-Errepublikanoak alderdi loialistakoa da Ponga. Abenduan erori zen Kanakyko lehen presidente independentistaren gobernua.

Alcide Ponga, Kaledonia Berriko presidente berria. KALEDONIA BERRIKO GOBERNUA
Alcide Ponga atzo hautatu zuten Kaledonia Berriko presidente. KALEDONIA BERRIKO GOBERNUA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 9a
10:55
Entzun

Kanakyko gobernu berriak Alcide Ponga hautatu du presidente. Atzo egin zuten bozketa, eta gobernuko 11 ordezkarietatik seik Pongaren aldeko botoa eman zuten. Abenduaren 24an erori zen aurreko gobernua.

Kaledonia Berriko Kongresuak herenegun hautatu zuen gobernu berria. Gehiengo loialista du gobernuak; Frantziaren independente izatearen aurkakoak dira gobernuko 11 ordezkarietatik sei. Horrek eman du modua Ponga gobernuburu hautatzeko.

Presidente berriak 49 urte ditu, kanaka da, eta nikel industrian egin zuen lan politikan sartu aurretik —Kanaky munduko nikel ekoizle handienetakoa da—. Elkarretaratzea–Errepublikanoak zentro-eskuineko alderdikoa da; lotura du Frantziako LR Errepublikanoak alderdiarekin.

Lois Mapou independentista zen aurreko gobernuaren presidentea. 2021eko uztailaren 7an hautatu zuten Mapou Kaledonia Berriko presidente. Lehen aldiz, Frantziaren koloniak presidente independentista bat izan zuen, baina abenduaren 24an erori egin zen haren gobernua. Iazko maiatzean piztutako istiluek eragin zuten gehiengo independentistako gobernua haustea.

Frantziak Kanakyko boto sisteman egin nahi izan zuen aldaketa batek eragin zituen protestak Ozeaniako uhartedian. Arau horrek errolda zabaltzea proposatzen zuen, eta kanak indigenek erabakiak hartzeko orduan duten garrantzia txikituko luke. Ordutik, istiluetan gutxienez hamahiru lagun hil dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.