Omnium Culturaleko presidentea

Xavier Antich: «Independentziaren aldarrikapena bereizi egin da bizi baldintzak hobetzeko aldarrikapenetik»

Kataluniako «hegemonia politikoaren alde» berriro lehiatzeko, «hegemonia soziala» berreraikitzera deitu du Antichek. Hori bai, argi luzeak jarrita, aurrera begiratuta, eta «2017an ainguratuta» egon gabe.

Igor Susaeta.
Bilbo
2025eko urtarrilaren 14a
05:05
Entzun

Omnium Culturalek «rol estrategiko bat» jokatzen du Katalunian, zubi lana egiten baitu joera politiko askotarikoen artean. Ez da alferrik Katalunian bazkide gehien dituen entitate zibila: 180.000 inguru. Hala mintzo da Xavier Antich, elkarte horretako presidentea (La Seu d' Urgell, Katalunia, 1962). «Entitate transbertsal bat da ikuspegi politikotik». Euskal Herrian egon zen asteburuan: Sare Herritarrak presoen eskubideen alde egindako manifestazioan parte hartu zuen Bilbon, eta egonaldia baliatu zuen Euskal Herriko hainbat agente sozial eta politikorekin batzartzeko.

Oro har, orain nola dago Kataluniako subiranismoa?

Azken hilabeteetan gertatutakoa neurgailutzat hartzen badugu, okerrago dago. Zeren gehiengoa galdu baita Kataluniako Parlamentuan, eta Generalitateko gobernua galdu baita. Aldaketa politiko bat gertatu da jokaleku berri batean, eta ikuspuntu subiranistatik, independentistatik, ez da positiboa. Aldiz, fokua zabaltzen badugu eta kontuan hartzen badugu zenbat jende dagoen ez bakarrik independentziaren alde, baizik eta herrialdearen etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde, duela hamarkada bat edo hamarkada bat eta erdi baino askoz ere hobeto gaude.

Ziklo luzeen ikuspegitik begiratuta, prozesua deitutako horrek bultzada handia eman dio egun ziurrenik herrialdeko kontsentsu handienetako bat denari: Kataluniak eskubidea duela bere etorkizuna erabakitzeko. Prozesuak, esan dezagun, legatu bat utzi du, eta horren gainean lan egin behar da.

Argi luzeak jarrita jokatzeko eskatzen duzu.

Bai, noski. Omnium 63 urteko historia duen entitate bat da, frankismoan jaiotakoa. Hortaz, entitatearen beraren historiak behartzen gaitu argi luzeak jarrita aritzera, koiuntura politikoaren agendatik haratago. 2010ean hasitako zikloa 2017an bukatu zen. Ondorengo urteetan errepresio basati bat izan zen Katalunian. Horren bidez, estatua ahalegindu zen mugimendu independentista indargabetzen. Horrek guztiak tentsioak eta desadostasunak eragin zituen alderdi independentisten artean, eta, ziurrenik, horregatik galdu zen Generalitatea; hori izan zen arrazoi nagusietako bat, behintzat. Kataluniako Parlamenturako azken hauteskundeetako emaitzaz ere gauza bera esan daiteke. Alderdien arteko batasunik eza; haien arteko borroka fratrizidak; itunak egiteko gaitasunik eza...

2017tik orain artekoak aipatu dituzu. Azkeneko zortzi urteetan milioi bat boto inguru galdu ditu independentismoak. Zergatik hainbeste?

Ez dago arrazoi bakar bat; aldagai batzuk batu dira. Batetik, errepresioa. Horrek kostu batzuk dakartza. Eta, bestetik, indargabetu egin da independentismo politikoak, hau da, alderdiek, akordio estrategikoetara heltzeko duten gaitasuna.

Besteak beste, alderdi independentistek haien artean akordioak egiteko erakutsitako gaitasunik ezaz mintzo zara. JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak, biek, presidente aukeratu dituzte gaitasunik ez horren erantzule nagusietako bi: Carles Puigdemont (JxC) eta Oriol Junqueras (ERC). Zer diozu hori ikusita?

Alderdien erabakiak errespetatu izan ditugu beti. Egia da, dena den, Omniumek analisi bat egin zuela 2020an, eta ondorioztatu genuela ezinbestekoa zela mugimendu guztiak lidergoak berritzea. Uste dugu hori sanoa dela, zeren alderdien arteko barne lehia horietan enbarazu nabarmena egin baitute elkarri egindako gaitzespenek.

Bestalde, kontuan hartu behar da errepresio urte horien guztien ondorioz pilatutako mina. Juntseko presidenteak, Puigdemont presidenteak, zazpi urte daramatza erbestean; amnistia legeak argi azaltzen du aske itzuli ahal izango luketela, baina auzitegiek uko egiten diote hura ezartzeari. Europako parlamentu bakar batean ere ez dago erbestean oposizioko burua. Orduan, hor bada anomalia bat, eta segur aski horregatik eusten diete buruzagi berei, liderrak aldatu ordez, hau da, demokrazia homologagarri batean osasuntsua litzatekeen hori egin ordez. Esquerra Republicanari dagokionez, Oriol Junquerasek lau urte pasatu ditu kartzelan, eta oraindik inhabilitatuta dago.

Esan nahi duzu, orduan, nozitzen ari diren egoerak salbuetsi-edo egiten dituela lidergoa utzi behar izatetik?

Ezohiko egoera horrek azaltzen du, ziurrenik, beste egoera batean lidergo berriei bide emango lieketen bi pertsonak ez uztea guztiz lidergoa.

Junquerasek eta Puigdemontek lidergoa uztea porrot moduko bat onartzea izango litzateke nolabait?

Bada, ziurrenik, pisuzko arrazoietako bat izango da, zeren oraindik ez baitizkiete beren eskubide politikoak itzuli. Ikuspuntu jakin batetik, eta kontuan hartuta egoera nolakoa den, ulergarria da ez uztea lidergo politikoa. 2025ean inportantea da aurrera begiratzea, eta ez egotea 2017an ainguratuta.

«Ikuspuntu jakin batetik, eta kontuan hartuta egoera nolakoa den, ulergarria da [Junquerasek eta Puigdemontek] lidergoa ez uztea»

Behin diagnostikoa egin eta gero, Omnium Culturalek zer planteatzen du independentismoak berriz izan dezan duela hamar urte zuen ilusioa?

Datozen urteetarako gure helburu estrategikoa da hegemonia soziala berreraikitzea, hegemonia politikoaren alde lehiatzeko berriro. Gizarte zibileko elkarte gisa, tokatzen zaigu gizarte zibila egituratzea, eta kontsentsuak handitzea herrialdeko kontsentsu handi horren inguruan: Kataluniak erabakitzeko eskubidea duela. Eta isla politikoa izan behar du horrek.

Planteatzen dugu datozen bi-lau urteetan eraikuntza nazionalaren alde lan egitea. Zortzi milioi biztanle ditu Kataluniak, mugara iritsi da, eta azken ehun urteotako hirugarren migrazio olatu handian dago. Bat 1920ko hamarkadan gertatu zen; beste bat, 1960koan, eta beste bat, 1970ekoan; eta oraingoa azken hamarkadan gertatzen ari da. Azkenaren eta besteen artean alde bat dago: migrazioa jada ez da penintsularra, baizik eta Afrikatik, Magrebetik, Asiatik edo Latinoamerikatik iritsitakoa. Gure helburu nagusia da herrikide berri horiek gurekin bat egitea, haiek ere Kataluniaren askatasunaren alde borroka daitezen.

(ID_14570061) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2025-01-10, Bilbo. Xavier Antich, Omnium Culturaleko presidentea
 
Xavier Antich, Omnium Culturaleko presidentea. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Hegemonia soziala berreskuratzeko orduan, zure ustez zeintzuk dira zailtasun handienak?

Bi zailtasun handi daude. Batetik, gizarte katalana askotarikoa dela. Hori jatorriak eragiten du, batez ere. Askotarikotasun portzentaje askoz ere txikiagoekin, Katalunia beti izan da gai herri bakar hori berreraikitzeko, jatorriak gorabehera. Egun, erronka da herri bat egitea, aintzat hartuta etorkinen jatorrien askotarikotasun ezohiko hori.

Eta bada azaleratu den arrisku bat: eskuin muturra. Iritsi diren horiei botatzen die gaitz guztien errua. Omniumen ikuspegitik, hori astakeria bat da, eta ez soilik filosofikoa, baita soziologikoa ere; izan ere, Katalunia, azken ehun urteetan, immigrazioari esker hazi da.

Zuk aipatutako herrikide berri horiek erakartzeko orduan, baliagarria izan daiteke eskuin muturraren aurkako diskurtso bateratu bat egituratzea?

Katalanismoak, tradizionalki, —eta hori Omniumek ere ordezkatzen du— egin du ahalegina herrikide berriak erakartzeko herriaren eskubideen eta askatasunaren borrokara. Adibide bat jarriko dut, oso nabarmena: 1960ko hamarkadako immigrazioaren alabek, gaztelania hiztunek, eskatu zuten soilik katalan bidezko murgiltzea ezartzeko hezkuntzan. Kataluniara iristen direnak interpelatuak senti zitezen herrialdea eraikitzeko. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan lortu genuen, eta Omniumek rol ezinbestekoa izan zuen, katalana debekatuta zegoen garaian hura ikasteko ikasgelaz bete zuelako herrialdea.

Eta bai, baliagarria izan daiteke [eskuin muturraren aurkako diskurtso bateratu bat egituratzea]. Orain iristen diren horiek Kataluniako gizarteko erabateko kide izatea eragozten du eskuin muturrak. Kontua ez da bakarrik eskubideak ukatzen dizkietela, baizik eta deabrutu egiten dituztela, eta Kataluniako gizarteak nozitzen dituen zorigaitz guztien erantzule egin. Guretzat ezinbestekoa da zirkulu hori haustea.

«Egun, erronka da herri bat egitea, aintzat hartuta etorkinen jatorrien askotarikotasun ezohiko hori»

Bada beste aldagai bat kezkagarri bat subiranismoarentzat. Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroaren azken barometroek erakusten dute independentismoak boto emaile gazteenen artean duela babes txikiena.

Kezkagarria da guretzat. Eta 2023aren amaieran, datu horiek kaleratzen hasi zirenean, Omniumek ikerketa bat egiteko eskatu zuen propio, jakiteko gazteek politikoki zer iritzi duten. Emaitzak iaz argitaratu genituen, uda aurretik, eta asaldagarriak dira. Independentziaren aldeko abangoardia zirenen artean —30 urtez azpikoak—, piramidea irauli egin zen, eta, hain zuzen, adin tarte horretakoen artean du independentismoak babes txikiena.

Azken urteotan, 2017 eta 2024 artean, independentziaren aldeko aldarrikapena bereizi egin da bizi baldintzak hobetzeko aldarrikapenetik. Horrek gure lan egiteko modua baldintzatu du. Hau da, independentzia aldarrikapen totem bat bihurtu da: «Independentziaren alde! Estatu propioaren alde! Espainiaren kontra!».

«Independentzia zertarako?» dioen planteamendua ahaztuta, nolabait?

Hori da. Independentismoa asko hazi zen 2010etik 2017ra; hain justu, mundu guztiak ikusi zuenean independentzia bizi baldintzak hobetzeko zela. Guk egin genuen inkesta horretan, 30 urtez azpikoen artean etxebizitza zen lehen kezka; bigarrena gazteen langabezia zen, eta independentzia, hamargarrena! Politologo eta soziologo batzuei eskatu genien datuak interpretatzeko, eta ia denek esaten zuten bat gehi bat bi dela; independentzia bizi baldintzen hobekuntzatik bereizten baduzu, ez zaio inori inporta. Orduan, esaten dugunean hegemonia soziala berreraiki behar dela hegemonia politikoaren alde lehiatzeko berriro, bizi baldintzak hobetzearekin lotu behar da estatu propioko proiektu independentista. Bizi baldintzak ez badira hobetuko, zertarako hautatu estatu baten edo bestearen artean, ez?

«Orain iristen diren horiek Kataluniako gizarteko erabateko kide izatea eragozten du eskuin muturrak»

Hitz beste eginez. Katalanaren erabilera indartzeko kanpaina bat hasiko duzue laster. Zergatik?

Katalanaren bizigarritasunari buruzko azken datuek erakusten digute arazo handi bat dugula: 40 urtez, ezagutza hori zabaltzen aritu gara, eskolaren bidez. Baina ez da erabilera sozialari buruzko kezkarik egon. Orain badakigu hizkuntza bat jakiteak ez dakarrela, automatikoki, hura erabiltzea. Egungo borroka erabilera sozialean zentratu behar da. Kataluniak zortzi milioi biztanle ditu, eta 2,3 milioik, nagusiki immigranteek, katalana ikasi nahi dute; eta dakitenek hobetu egin nahi dute. Ez dute horretarako modurik, ordea.

Katalana ez da lehentasun bat ez alderdientzat, ez instituzioentzat?

Ez da hala izan azken urteetan. Datu bat emango dut erabilera sozialean gertatutako beherakada azaltzeko: hiru pertsonatik batek bakarrik erabili ohi du katalana; duela hogei urte inguru, portzentajea askoz ere handiagoa zen. Eta hori gertatu da, neurri batean, instituzioek ez dutelako dagokien erantzukizuna hartu: hezkuntzan, ikus-entzunezko edukietan, sareetan...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.