Kataluniako hedabide horren esanetan, ANCk eta JPSko diputatuek atzo eta gaurko bileretan defenditutako tesiak irabazi du eztabaida: ostegunean edo ostiralean independentzia indarrean jarri, eta herritarrek kalean erresistentzia egin.
Hartara, independentzia deklarazioa baztertu eta hauteskunde autonomiko batzuk antolatzeko proposamenak indarra galdu du, Nacio Digitalek galdetutako iturrien arabera.
Presazko bilera bat antolatu du Carles Puigdemont presidenteak asteazkenean 19:00etan. Gauerdira arte luzatu da, eta ez da informazio ofizialik zabaldu oraindik. Udaberritik hona, Estatu Nagusia deitzen dieten bilera batzuk egin izan dituzte tarteka, independentismoaren barruko koordinaziorako eta komunikaziorako. Gobernuko kide batzuek, PDECat eta ERCko ordezkariek eta erakunde independentistetako ordezkariek parte hartu izan dute.
Gaurko bileran gobernuko kide guztiak joan dira, baita Artur Masek, Marta Pascalek, David Bonvehik (PDECatekoak hirurak), Neus Lloverasek (AMI), Miguel Buchek (ACM), Marcel Maurik (Omnium) eta Agusti Alcoberrok (ANC) ere.
Ostegunean hasiko da Kataluniako Parlamentuko osoko bilkura, 17:00etan. Gai ordenean azaldutakoaren arabera, 155. artikuluaren ezarpenak izan ditzakeen ondorioez eta horiei aurre egiteko moduez eztabaidatuko dute. Ostegunean hasiko bada ere, osoko bilkura ostiralean bukatzea espero dute.
PDECat alderdiak joan den astean egin zuen kontseilu nazionala, eta bilera hartan "urriaren 1eko emaitzak indarrean jartzeko" sostengua eman zioten Puigdemonti. Baina azkeneko orduetan presio handiak jaso ditu presidenteak, batzuk Kataluniako Errepublika ez aldarrikatzeko, besteak aldarrikatzeko.
Kataluniako Gobernuaren barruan krisi hotsak diren zurrumurruak ere zabaldu dira. Santi Vila Ekonomia kontseilaria dimisioa aurkezteko prest ote legokeen ere zabaldu da, nahiz eta geroago gezurtatu egin duen haren gabineteko komunikazio arduradunak.
Junts Pel Siko diputatuek ere gaur egin dute batzar bat, jarrera argitzeko. Kataluniako hedabideen arabera, tentsiorik ez da faltatu bilera horretan ere. Hala ere, errepublika aldarrikatzearen aldeko iritziak nagusitu dira, eta jarrera hori defenditu dute iluntzean gobernuko kideekin Palaun egin duten bileran.