Deskolonizazio prozesuko hirugarren independentzia erreferendumaren biharamunean, Kaledonia Berriko independentistek mezu argia helarazi dute: ezer ez dela posible haien parte hartzerik gabe. Subiranisten ikuspuntutik, herenegun sustaturiko estrategia «arrakastatsua» izan da, eta horrek eragin du galdeketaren emaitzek «zilegitasunik eta baliorik» ez izatea. «Erreferendum hau ez da Noumeako Akordioaren araberakoa izan», esan zuen atzo sei indar politiko eta sindikatu bat biltzen dituen CSI-NP Ez Parte Hartzearen Aldeko Komite Estrategiko Independentistak.
Ofizialki, atzotik hasita trantsizio epe batean sartu da Kaledonia Berria, eta Frantziako Gobernuaren plana argia da: 2023ko ekainera arte independentistekin eta loialistekin elkarrizketetan murgiltzea, Ozeaniako uhartediaren estatus berria definitze aldera. Negoziazio horien lehen aldia egunotan hasi dute, Sebastien Lecornu Frantziaren Itsasoz Haraindiko ministroa Kaledonia Berrian baita bihar arte.
Aurreikusitako bide orria, ordea, ez da iragango espero bezala: independentistek hautsitzat jo dituzte Parisekin zituzten elkarrizketak, eta ez dira mahai beraren inguruan eseriko datorren udaberrira arte, Frantzian presidentetzarako bozak egiten dituzten arte. Hala adierazi zuen CSI-NPk, baita Roch Wamytan Kaledonia Berriko Kongresuko presidenteak ere, herenegun: «Itxarongo dugu [Frantziako] errepublikako hurrengo presidentea aukeratzen duten arte, eta hurrengo gobernua prest dagoen arte. Horrekin hitz egingo dugu».
Wamytanen azalpen horiek ohartarazpen batekin etorri ziren, azaldu baitzuen herenegungo erreferenduma berriz egin beharko dutela, eta hori exijituko dutela datorren urteko elkarrizketetan, Ozeaniako uhartediak «eutsi egiten baitio noizbait independente izateko bokazioari». Bide beretik jo zuen CSI-NPk, adierazita komitea osatzen duten indar politikoak eta sindikatuak ez daudela «Lecornu egutegian engaiatuta»: «Jakinarazitako hemezortzi hilabeteak agintaldi amaieran dagoen gobernu batekin hasiko dira. Itsasoz Haraindiko ministroa gure etxean izateak zerikusi handiagoa du presidentetzarako kanpainarekin etorkizunerako irtenbideak ekartzearekin baino».
2017tik 2020ra Frantziako lehen ministro izandako Edouard Philippek 2019ko urrian adierazi zuen hirugarren erreferenduma ez zela egingo «2021eko irailaren erdialdearen eta 2022ko abuztuaren» artean; tarte horretan Frantziako presidentetzarako bozen bi itzuliak egingo dituztelako. Lecornuk, ordea, ez du errespetatu Parisek emandako hitza, eta alde bakarrez erabaki zuen bozketako data.
Gainera, COVID-19ak gogor jo du Kaledonia Berria udazken honetan, eta hildako gehienak kanakak izan dira —indigenak—; hortaz, independentistek azaldu zuten egoera horretan ez zegoela galdeketarik egiterik, melanesiar kulturan doluari ematen zaion garrantziagatik, eta haien kanpaina atez atekoa eta ekitaldi jendetsuz beterikoa izaten delako. Halere, Itsasoz Haraindiko ministroak entzungor egin zien eskari horiei, eta, azkenean, herri kolonizaturik gabe egin dute deskolonizazio prozesuko hirugarren erreferenduma.
Kopuruak, behera
Estrategia horren ondorioz, iazko galdeketarekin konparatuz gero, parte hartzea 41,82 puntu txikitu da aurten —%43,87ra—, independentisten gehiengo zabalak ez duelako botoa eman. Hortaz,baiezkoaren babesa apaltzea ere eragin du horrek: %46,74tik %3,5era.
Zehazki, Frantziatik ateratzearen aldeko hautuak 68.786 boto gutxiago jaso zituen herenegun, baita handik ateratzearen kontrakoak ere, 5.783 boto egin baitzuen behera kopuru horrek. Hala, alderdi eta politikari loialistek garaipena aldarrikatu duten arren, agerian geratu da koronabirusaren pandemiak, erreferendumaren testuinguru bitxiak eta kanpainak eragina izan dutela haien oinarrian ere.
Frantziatik ateratzearen kontrakoen artean poza da nagusi herenegundik. Sonia Backes Hegoaldeko Probintziako presidentearen iritziz, «[Frantziako] errepublikaren kidetasunaren auzia ez da gehiago pausatzen»; horren ordez, mahai gainean dagoena «gizarte proiektu bat eraikitzea» da, eta hori egin beharko dute datozen hilabeteetan, «elkarrekin».
MPC Mugimendu Popular Kaledoniarra alderdiko presidente Gil Brialek, berriz, herenegunNC la1ere kateari adierazi zion ez dutela «barkamenik eskatu behar» galdeketa irabazteagatik. «Musika txiki bat instalatu da jakiteko garaipena zilegi den ala ez. Baina guk irabazi egin dugu. Denok elkarrekin lan egin beharko dugu, baina oinarri horrekin: irabazi dugu».
Independentistek ez bezala, agintari loialistek asmoa dute Lecornuk antolaturiko negoziazioetan parte hartzeko. Horietan definitu beharko lukete Kaledonia Berriaren estatus berria, baina hirugarren galdeketa boikotatu dutenen jarrerak ziurgabetasunez bete du Parisen bilera sorta.
Hori bai, Itsasoz Haraindiko ministroak atzo azaldu modura, herenegungo erreferendumean gertaturikoa «ez da istorioaren amaiera» izango Frantziaren koloniarentzat.
Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma
Independentistek ez dute onartu emaitzen «zilegitasuna eta balioa»
Kaledonia Berriko subiranistek hautsitzat jo dituzte Parisekin dituzten elkarrizketak datorren udaberrira arte: «Hurrengo gobernuarekin hitz egingo dugu». Ezezkoak botoen %96,5 bildu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu