Amnistia indarrean sartuta ere, Puigdemonten aurkako atxilotze agindua indarrean uzteko eskatu du Llarenak

Legea gaur kaleratu dute BOEn. Goreneko instrukzioko epaileak bost eguneko epea eman die aldeei araua aplikatzeari buruzko beren iritzia eman dezaten. Epaileek bi hilabete dituzte hori aplikatzeko.

Carles Puigdemont Juntseko hautagaia, Argelesen, Ipar Katalunian, artxiboko irudian. DAVID BORRAT / EFE
Carles Puigdemont Juntseko hautagaia, Argelesen, Ipar Katalunian, artxiboko irudi batean. DAVID BORRAT / EFE
Igor Susaeta - Ion Orzaiz
2024ko ekainaren 11
13:30
Entzun

Amnistia legea gaur goizean argitaratu dute BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta handik ordu batzuetara iritsi dira datozen bi hilabeteetan hori aplikatzea dagokien epaileen lehen mugimenduak. Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako U-1eko auzian, esaterako, Espainiako Auzitegi Goreneneko instrukzioko epaile Pablo Llarenak agindu du Carles Puigdemont, Lluis Puig, Antoni Comin eta Marta Rovira erbesteratuen aurkako atxilotze aginduak indarrean uzteko. Bide batez, bost eguneko epea eman die aldeei —defentsak, fiskaltza, estatuko abokatutza eta akusazio partikularra— araua aplikatzeari buruzko beren iritzia eman dezaten, oro har. Dena den, magistratuak probidentzia baten bidez eskatu die «bereziki» erreparatu diezaietela testuaren bi artikuluri: 1.ak desobedientziaz eta diru publikoaren erabileraz dioenari; eta «2.e» atalari. Azken horren arabera, amnistiatik kanpo geratuko lirateke EB Europako Batasunari eragingo lieketen «finantza interesak». Hau da, iragarri bezala, epaileek trabak jarriko dizkiote Espainiako Kongresuak duela hamabi egun onartutako legearen aplikazioari.

Behin legea aplikatuta, Puigdemonten aurkako atxilotze agindua bertan behera gelditu beharko litzateke automatikoki, eta, printzipioz, Kataluniara itzuli ahal izango luke —Belgikan bizi da 2017tik—. Baina Llarenak argudiatu du hori baino lehen erabaki beharko duela amnistia aplikagarria ote den.

Horren guztiaren harira, hala jasota dago legearen hitzaurrean: «Botere legegileari dagokio amnistiaren onuradun izateko irizpideak ezartzea, eta botere judizialari dagokio legegileak ezarritako aplikazio eremuan dauden pertsona jakinak identifikatzea». Eta Llarenak berak pasarte hori aipatu du argitaratu duen probidentzian. Buruzagi subiranisten aurkako auziko fiskalen arabera, gutxienez, amnistia ezin zaie aplikatu diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortu zituztenei (Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa), legearen testuan zehazten denez, delitu hori ez baitago salbuetsita. Hori nabarmendu zuten testua onartua izan zen egunean. Hala ere, zenbait hedabidek juristen hitzak aipatuz kaleratu dutenez, diru publikoaren erabilera bidegabea amnistiaren babespean legoke, dirua ez bazen erabili norbera aberasteko, baizik eta prozesu independentista finantzatzeko.

Eta Gorenak beste bi probidentzia kaleratu ditu gaur. Horietako batean, Goreneko Zigor Aretoak bost eguneko epea ematen die, hain zuzen, Junquerasen, Romevaren, Turullen eta Bassaren defentsei, fiskalei eta akusazio partikularrari (Vox), adieraz dezaten ea amnistiak estaltzen duen diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua, zeinarengatik zigortuak izan ziren 2019ko urrian. Manuel Marchena buru duen aretoko magistratuek hau nabarmendu dute: «Erantzukizun penaleko ekintza erabakigarri bat amnistiatutzat hartuko da soilik, baldin eta halakotzat joa izan bada ebazpen irmo baten bidez; ebazpen hori dagokion organo eskudunak emango du, lege honek agindutakoari jarraituz».

Arazo prejudiziala

Eta beste probidentzia Tsunami Demokratikoaren auziko instrukzioko epaile Susana Polok idatzi du. Buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren epaiaren ondoren 2019ko urriaren 4an Bartzelonako Prat aireportuan egindako protestengatik «terrorismoagatik» ari da ikertzen Puigdemont eta Ruben Wagensberg ERC Esquerra Republicanako parlamentaria. Aldeei hamar eguneko epea eman die azal dezaten ea legea aintzat hartuta amnistiatu ditzaketen ala ez.

Auzi batzuk Espainiako Kontu Auzitegian daude, eta horrek beste bide bat ibiltzea erabaki du beste auzitegi batzuen aldean, aldeei eskatu baitie adieraz dezatela ea beharrik ote dagoen EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari arazo prejudizial bat planteatu eta hari amnistiaren egokitasunaz galdetzeko. Kaleratu duen probidentzian zalantzan jartzen du amnistia legearen bost agindu izan daitezkeen EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegia zuzenbide komunitarioz egiten ari den interpretazioaren «kontrakoak».

Illak esan du ez duela Puigdemont inbestituko

Juntsek iradoki izan du azken asteetan Madrilen PSOE babesteari utziko diola, PSCk ez baldin badu modua egiten Carles Puigdemont (Junts) Kataluniako Gobernuko presidente inbestitua izateko. Salvador Illa PSCren liderrak, baina, gaur TVEn egin dioten elkarrizketa batean, nabarmendu du ez duela Juntsekoa inbestituko. Eta Juntseko idazkari nagusi Jordi Turullek adierazi du gaur, TV3n, ez dutela baztertzen lehen inbestidura saiakera Illarena izatea, bere alderdiak parlamentuko presidentetza izanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.