Swayam erakunde feministako zuzendaria

Amrita Dasgupta: «Indarkeria matxistari dagokionez, aurrerapen bezainbertze kontraeraso dago Indian»

Indarkeria matxistaren biktimekin lan egiten du Swayam elkarte feministak, Indian. Tokiko komunitateetan talde eragileak sortzen dituzte, horietako indarkeria kasuei hobekiago aurre egin ahal izateko. Gizonekin eta familiekin ere lan egiten dute.

Amrita Dasgupta ekintzaile feminista, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amrita Dasgupta ekintzaile feminista, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

29 urtez emakumeen kontrako indarkeriari aurre egin dio Swayam Indiako elkarte feministak. Bortizkeriaren biktimen nahiz horien haur eta familien ondoan egon da, eta hamaika arlotako profesionalak hezi dituzte, beren egunerokoan ikuspegi feminista txertatu dezaten. 2022an Amrita Dasgupta (Jamshedpur, India, 1976) izendatu zuten elkarteko zuzendari, eta Gipuzkoako zenbait herritan izan zen joan den astean, Calcuta Ondoan GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeak gonbidatuta. Joan den urtarrilean hasi zuten bi elkarteek lankidetza, Dasguptari taldearen antolaketa interesatu zitzaiolako: «Giza eskubideak zituzten oinarri, eta hori aurkitzea oso arraroa da». 

Indarkeria matxistaren biktimei zuzeneko arreta eskaintzen diezue. Nola laguntzen dituzue?

Banakako terapia zerbitzua eskaintzen hasi ginen, baina lana handitu ahala bertzelako zerbitzuak ere baditugu. Taldeko terapia saioak eskaintzen ditugu, emakumeen beharren arabera guztiz aldatzen direnak: amak eta haurrak elkartu eta belaunaldien arteko saioak egiten ditugu, horien arteko harremanak lantzeko; emakumeek beren ongizate mental eta fisikoa lantzeko tailerrak baditugu; baita beren seme-alabak nola hezi ulertzeko saioak ere. Emakumeek saio horiek baloratzen dituzte, eta horren arabera aldatu egiten ditugu. 

Ahalduntzerako tarterik baduzue?

Noski, emakumeei azaltzen diegu ez direla biktimak, bizirik ateratakoak baizik. Aldaketarako agenteak izeneko prozesu batean murgiltzen ditugu, non azaltzen diegun emakume guztiek egin ditzaketela ekarpenak. Adibidez, musika eta antzerki taldeak ditugu: arlo horiei buruz erakutsiko dieten profesionalak jartzen ditugu haien zerbitzura, baina emakumeek idazten dituzte indarkeria matxistari, haur ezkontzari edo ezkonsariari buruzko abestiak edo antzezlanak.

Abesti edo antzerki horiek kontzientziazio programetan zabaltzen dituzte: indar handia ematen du bizirik ateratako emazteki horiek beren istorioen berri emateak. Emakumeen testigantzak ere bildu izan ditugu, eta, gerora, idazten eta irakurtzen ez zekiten emazteki horiek beren liburuak argitaratu dituzte. 

«Indar handia ematen du bizirik ateratako emazteki horiek beren istorioen berri emateak»

Emakume horiek nola iristen dira zuengana?

Komunitate bakoitzean liderrak identifikatu ditugu, eta horiek hezten ditugu: nola mantendu konfidentzialtasuna, nola lan egin biktimekin, nola egin aholkularitza lana, legediari buruzko oinarrizko prestakuntza eman… Eta horiek erreferentzia bihurtu dira haien komunitateetan: emakumeek haiengana jotzen dute, eta laguntza eskatzen diete. Emakume horiek beren komunitateak guk baino hobekiago ezagutzen dituzte, eta, gainera, Swayam desagertuko balitz, horiek martxan jarraituko lukete, nork beretik indarkeriari aurre egiten. 

Emakumeekin ez ezik, familiekin ere lan egitea aski garrantzitsua zaizue. Zergatik?

Indian emakume batek eraso bat pairatzen duenean erraten diote hori zuela bere patua, eta hori jasan beharko duela. Emakume bat etortzen zaigunean erranez familiak ez duela babesten, deitu egiten diegu, eta gurekin solastatzeko eskatu. Azaltzen diegu hori ez dela patua, sistema patriarkalak eraiki duela uste hori, eta beren alaba, ahizpa edo dena delakoa babestu behar dutela. 

Eta gizonekin?

Horiekin ere lan egiten dugu, eta uste dut ez dela oso ohikoa. Ikusi dugu anitzetan gizonak ere patriarkatuaren biktima direla: erraten diete beren emazte eta umeak kontrolatu behar dituztela, eta indartsuak izan behar dutela. Ordea, guk erakusten diegu botere hori etxekoen artean banatu behar dela. Modu horretan, gizonekin taldeak ere osatu ditugu, eta horietatik lider batzuk atera dira. Gizonen taldeetako lider horiek emakumeen taldeetako liderrekin elkarlanean aritzen dira, indarkeriari aurre egiteko moduak aurkitzeko. Ez dut erranen bide erraza izan denik, baina aldaketa nabarmenak ikusi ditugu gizonen artean: zaurgarriak izan daitezkeela ikusi dute, ez direla zertan beti indartsuak izan.

«Indian emakume batek eraso bat pairatzen duenean erraten diote hori zuela bere patua, eta hori jasan beharko duela»

Halere, badago zuen lanarekin bat egiten ez duenik, ezta?

Emakumezkoen taldeen aurkako kontraeraso moduko bat badago, familiak hausten dituzten talde gisa irudikatzen direlako oraindik. Adibidez, herri anitzetan gure bulegoei su emanen dietela erran digute, oihu egiten digute kalean, eraso egiten digute… Narratiba hori hor dago oraindik, emakumeek eskubide gehiegi ditugula erraten dute. Baina ez Indian bakarrik, feministen kontrako erasoek gora egin dute mundu guztian: indarkeriaren forma aldatu egiten da herrialdez herrialde, berdintasuna mundu guztiko erronka da oraindik. Indarkeria matxistari dagokionez, aurrerapen bezainbertze kontraeraso dago Indian. 

Zer erronka ditu mugimendu feministak?

Herrialdez herrialde indarkeria maila edo bortizkeria mota aldatu daiteke, baina indarkeria izaten jarraitzen du, eta emazteki boteretsuenak ere biktima izan daitezke. Ez gara berdintasuna nagusi den mundu batean bizi. Hortaz, Indian nahiz bertze hainbat herrialdetan jakin behar dugu aldian aldiko egoerara moldatzen, gure taldeen balioak aldatu gabe. Biziraun behar dugu, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitu behar dugu eta kalitatezko taldekideak behar ditugu oraindik egiteke dugun guztia betetzeko. 

Euskal herritik indiara

Abenduan 25 urte beteko ditu Kalkuta Ondoan GKE gipuzkoarrak. Iñigo Eguren da zuzendaria, eta, azaldu duenez, mende laurden horretan Indiako hainbat eta hainbat erakunderekin egin dute lan, lekuan lekuko mugimendu feminista eta ekologista zituztela bidelagun. Urteurrena aitzakia, urtebetez zenbait ekintza eginen dituztela aurreratu du, hiru ildotan: giza eskubideak, generoa ikuspegi feministatik eta naturaren eskubideak. Halere, helburu nagusi bat izanen dute gidari: «Garen hori desikasi behar dugu: generoari, naturari eta eskubideei dagokienez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.