Indar erakustaldia Ukraina ekialdean, Minskeko bake bilkuraren atarian

Borrokak indartu egin dira elkarrizketen bezperan, eta bi aldeek eremua atxiki dute.Itar Tass albiste agentziaren arabera, atzo iluntzean su-etena adostu zuten bi aldeek Harreman Taldearen bilkuran

Kramatorsken atzo eroritako misiletako bat. Ukrainako armadaren esku dago hiria. VLADIMIR VLADIMIROV / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Minskeko bilkuraren bezperan, borrokak indartu egin ziren atzo Ukraina ekialdean. Frantziako, Alemaniako, Ukrainako eta Errusiako agintariak gaur arratsaldean elkartzekoak dira Bielorrusiako hiriburuan, gatazkaren irtenbide politikorako bake plan bat adosteko. Baina bilkuraren aurretik, hortzak erakutsi zituzten bi aldeek. Erasoa jo, eta, balizko su-eten bat iritsi baino lehen, borroka lerroa ahalik eta urrunen zabaldu nahi izan zuten. Izan ere, Itar Tass agentziak Harreman Taldearen bilkurako iturri bat aipatuz bart zabaldu zuenez, bi aldeek tregoa adostu zuten.

Gaurko bileraren atariko modura, atzo bildu zirenUkrainako, Errusiako, ESLA Europako Segurtasun Lankidetza Antolakundeko eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako ordezkariak. Itar Tassen arabera, gainera, arma astunak erretiratzeko bide orria eta menia egiaztatzeko modua hitzartu zuten, eta matxinoen kontrolpeko eremuaren estatus politikoaren gaiari heldu zioten.

Borroka egun luzea izan zen atzo, eta bi aldeek adierazi zuten aurrera egin zutela. Azov batailoiak Mariupol hiritik ipar-ekialdera erasoa jo, eta inguruko herrietatik matxinoak kanporatu zituen, sare sozialetan zabaldu zutenez. Eskuin Sektorea alderdi neonaziak sortutako batailoia da, eta Ukrainako Guardia Nazionaleko kide ere bada. 35 bat kilometrora dagoen Pavlopil herriko argazkia zabaldu zuten sarean, udaletxean Ukrainako bandera jasoa duela. Halere, errusiazaleen militarren bozeramaile Eduard Basurinek gezurtatu egin zuen inguruan posizioak galdu izana.

Andrei Biletskovo Azov batailoiko prentsa arduradunaren arabera, Novoazovsk hiria dute helburu. Iragan abuztuan beste fronte bat ireki zuten matxinoek hiri hori hartuta, eta Mariupolen ateetara ailegatu ziren. Novoazovsk Errusiarekiko mugatik hamar kilometrora dago, eta Kievek salatu du eremu horretatik igarotzen dela Moskuren laguntza militarra.

Oleksandr Turtxinov Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Kontseiluko buruak Azov batailoia bisitatu zuen. «Hiriko defentsak indartu eta zibilak bonbardaketatik babestea da erasoaren helburua».Mariupoleko fronteanahiko lasai ibili da azkenaldian, urtarrilaren amaierako bonbar- daketagatik salbu: 30 lagun hil zituzten.

Debaltseveko setioa

Adituen ustez, Debaltseveko setioa arintzea izan zitekeen Kieven erasoaldiaren helburua. Izan ere, matxinoek adierazi zuten hiria guztiz inguratu, armadaren hornikuntza bide guztiak blokeatu eta 6.000 soldadu bakartuta utzi zituztela.«Armak utzi eta errenditzen badira segurtasuna bermatuko diegu. Bestela, garbitu egingo ditugu», ohartarazi zuen Basurinek.

Ukrainako Defentsa Ministerioaren oharraren arabera, hiriko egoera «konplexua» izan arren, armadak kontrolpean du. Oharrak dioenez, Artemivsk hiriarekin lotzen duen errepidea desblokeatzea lortu zuten. «Armak eta indarberritzeak bidali ditugu Debaltsevera».

Baina errusiazaleek hiria guztiz bakartzeko saialdiari eutsi zioten, eta kanpoaldeko beste bi udalerri bere egin zituzten. Reuters agentziarekin hitz egindako matxinoen unitate bateko buruak esan zuen ez zutela erasoaldia gelditzeko asmorik, nahiz eta Minsken kontrakoa adostu. «Debaltseveko setioa tinko itxi dugu. Ez dute ateratzeko aukerarik. Su-etenaren aurka gaude, berriro elkartu eta antolatuko dira-eta bestela. Orain dauzkagu gure esku».

Ukrainako Gobernuak salatu zuenez, matxinoek Debaltseveko frontetik harago eraso egin zuten, eta Kramatorsk hiria bonbardatu zuten, Donetsk eskualdean. Frontetik 50 bat kilometrora dago hiria. Estatu Gorenaren egoitza, aerodromo militar bat eta etxebizitza gune batjo zituzten Tornado motako misilekin, Kieven arabera. Gutxienez 11 lagun hil zituzten: zazpi zibil eta lau militar. Guztira, armadaren datuen arabera, zazpi militar hil ziren atzo. Haatik, matxinoek ukatu egin dute erasoa egin izana, hain urrutira su egiteko baliabiderik ez dutela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.