Inbestidurarik gabeko atzerako kontua hasiko dute asteazkenean Katalunian

PSCk eta Juntsek esan dute oraingoz ez dituztela beren hautagaiak aurkeztuko Generalitateko presidentea hautatzeko bozketa batera. Hilaren 26ko saioaren ondoren, gobernuburua aukeratzeko bi hilabeteko epea hasiko da.

Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidentea, gaur, alderdiekin mintzatu ostean egin duen agerraldian. QUIQUE GARCIA / EFE
Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidentea, gaur, alderdiekin mintzatu ostean egin duen agerraldian. QUIQUE GARCIA / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 19a
17:15
Entzun

Kataluniako Parlamentuan datorren asteazkenean egingo dute hauteskundeen osteko lehen inbestidura saioa. Ez da izango, ordea, inbestidura saio bat bere horretan, ez baita hautagairik aurkeztuko Generalitateko presidente bilakatzeko. Josep Rull ganberako presidenteak jakinarazi du PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak eta Juntsek hautagai bat «aurkezteko aukera aztertzeko nahia erakutsi» dutela, baina bietako inork ez du egun horretarako inor proposatu. Dena dela, parlamentuko arautegian jasota dagoen «ekitaldi baliokidea» baliatuz, gobernuburu bat hautatzeko bi hilabeteko atzerako kontua hasiko dute hilaren 26an.

Rull atzo eta gaur mintzatu da alderdi politikoen ordezkariekin, eta, elkarrizketa horien bidez, egiaztatu du Salvador Illak (PSC) eta Carles Puigdemontek (Junts) Kataluniako Gobernuko hurrengo presidente bilakatzeko asmoa dutela. Baina, oraingoz, Illa eta Puigdemont ez dira aurkeztuko inbestidura saio batera, negoziatzen jarraitu nahi baitute behar adina babes lortzeko. Behin datorren asteazkeneko saioa eginda, abuztuaren 26an amaituko da gobernuburua aukeratzeko epea, bi hilabetekoa; eta tarte horretan alderdiek nahikoa sostengu lortuko ez balute, Katalunian berriz egin beharko lituzkete parlamenturako hauteskundeak, urriaren 13an. PSCk eta Juntsek, hortaz, presio handiagoa izango dute hemendik aurrera; behintzat, egutegiari dagokionez.

Illa, edonola ere, baikor agertu da gaur, eta Rulli esan dio «gehiengo progresista» eratu nahi duela, PSCk —42 eserleku ditu—, ERC Esquerra Republicanak (hogei) eta Comuns Sumarrek (sei) osatuko luketena. Uste du hori egiteko gai izango dela, baina horretarako «denbora gehiago» behar duela azaldu dio Kataluniako Parlamentuko presidenteari. Hiru alderdi horien aldeko botoak jasoz gero, sozialisten hautagaiak bermatua luke gehiengo osoa, eta, hala, lehen bozketan bilakatuko litzateke Generalitateko presidente.

Puigdemonten hautagaitzari dagokionez, Albert Batet Juntsen talde parlamentarioko presidentea izan da Rullekin batzartu dena, eta hari esan dio «oraingoz» ez dutela aurkeztuko Generalitateko presidente izandakoa (2016-2017): «Inbestidurara joateko asmoa dugu, baina ez orain. Babesa biltzen ari gara; gehiengoa izateko negoziatzen ari gara». Bozketaz ere mintzatu da, eta zeharka aitortu du Puigdemonten aukera bakarra gehiengo soilaren bidez gailentzea dela; hori argudiatzeko, parlamentuko mahaiaren bozketa jarri du adibidetzat. «Mahaiari buruzko negoziazioek agerian utzi dute badela 59 diputatuko gehiengo bat [Juntsek, ERCk eta CUPeko lau diputatuek osatuko luketena], PSCk eta Comukoek osatzen dutena baino handiagoa, haiena 48koa baita», esan du Juntsen talde parlamentarioko buruzagiak bilkuraren ostean egindako agerraldian.

Puigdemonten itzulera

Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren itzulera hizpide hartuta, hauteskunde kanpainan esandakoa errepikatu du Batetek: inbestidura saio bat izanez gero itzuliko dela. Hau da, gobernuburu izateko hautagaia hura izan edo Illa izan.

Hortaz, Puigdemont ez da datorren asteazkeneko saioan izango, eta ez litzateke Kataluniara itzuliko hauteskundeak berriz egingo balituzte ere. Halere, Kataluniako gobernuburu ohiak «itzultzeko konpromisoari eusten dio», Juntsen talde parlamentarioko buruak adierazi duenez.

ERC, bestalde, zeresan handia izaten ari da negoziazioetan, PSCk eta Juntsek, biek ala biek nahi baitute alderdi horren babesa  inbestidura saiorako. Afera hori argitzeaz gain, ERCk etorkizunean zer egin nahi duen zehaztu behar du, maiatzeko bozetan hamahiru eserleku galdu eta hogeirekin geratu baitzen, eta, beraz, Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidentea kargu horretan segitzeko aukerarik gabe geratu baita.

Ezkerreko alderdi subiranistan barne gatazka handia dute, eta horren adibide da Aragonesek berak eta Marta Rovira idazkari nagusiak ere bat egin izana zuzendaritza berritzeko manifestuarekin —746 militantek sinatu dute jada—, gaur jakinarazi dutenez. Kongresu bat egitekoak dira azaroaren 30ean, eta Oriol Junquerasek esana du ERCko presidentetza hartu nahi duela berriz; maiatzeko hauteskundeen ondoren eman zuen dimisioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.