Abdullah Ocalanen abokatuetako bat da Newroz Uysal. Gainera, berak ikusi du azkenekoz lider kurdua, 2019an. Honelaxe kontatu du: «Hain zuzen, 2019ko maiatzaren 2ko bisita hura izan zen zortzi urtean egin zioten lehenbizikoa, eta testuinguru politikoa hagitz delikatua zen: Leyla Guven HDP alderdiko parlamentaria gose greban zen 2018ko azaroaz geroztik, kartzelan, bertze milaka presorekin batera, eskatzeko ados jar zitezela Imralira bisita bat egiteko». Preseski, greba bertan behera gelditu zen bisita horren ondotik, Ocalanek hala eskatuta. «Maiatzeko egun hartan Bursatik Imralira egindako itsas bidaiak hiru ordu iraun zuen. Behin hara ailegatuta, goitik beheiti miatu gintuzten. Ez ziguten utzi bisitara deus eramaten, ezta oharrak hartzen ere, eta bi abokatu bertzerik ezin izan ginen sartu. Ez ziguten utzi bertze hiru presoekin elkartzen. Nahiz eta kartzelako baldintzak gogorrak izan, Ocalan ongi ikusi nuen, bai fisikoki eta bai psikologikoki. Gehien harritu ninduena zera da, zein agudo aztertzen zituen gertaerak kanpoan zer gertatua zen kontatzen genion bitartean, eta zer-nolako gaitasuna zuen esperantzari eusteko, nahiz eta bakartua egon», oroitu duUysalek.
Turkiako legediaren arabera, presoek eskubidea dute beren abokatuarekin astean bortz aldiz egoteko. Halarik ere, 1999ko otsailaren 15ean Imralin sartu zutenetik, astean ordubeteko bisita baterako baimena eman diote Ocalani, hala senideekin nola abokatuekin. «Bisitek ez dute sekula maiztasun jakinik izan, eta, batzuetan, hilabeteak ere iragan dira batetik bertzera. Hamabi urtean, abokatuek bortz aldiz baizik ezin izan dugu bildu Ocalanekin eta bertze bortz presoekin. 2011tik orain arte, bortz aldiz baizik ezin izan gara joan, 2019ko maiatzaren 2tik abuztuaren 7ra bitarte».
2011tik 2016ko uztailean larrialdi egoera ezarri zen arte, uhartera joateko ontzia matxuratua zela edo eguraldia hagitz txarra zela argudiatzen zuten, bertzeak bertze, bisita egiteko aukera ukatzeko. «2016ko uztailetik 2018kora bitarte, larrialdi egoeragatik ukatu digute bisita egitea. 2018tik 2019ko maiatzaren 2ra bitarte, berriz, nahiz eta astean bi bisita egiteko eskatu, ez ziguten erantzun ere egin».
Bertzalde, Ocalanen senideak Imralin sartu ahal izan ziren 2019ko urtarrilean, ekainean eta abuztuan, bisitak egiteko aukera ia hiru urtez ukatu ondotik. Hurrengo bisita 2020ko martxoan egin zioten. «Geroztik, bi telefono dei baino ez dira izan».
Imraliko kartzelan, esperimentuak egin dituzte erabateko bakartze sistema batekin, eta, orain, kartzela guzietan aplikatzen ari dira. «1999ko otsailaren 15ean atzeman zutenetik, Imralin espetxeratua da Ocalan. Ocalan ailegatu aitzinetik ere, prest zuten harentzako ziega, eta aurreikusia zuten hura izanen zela uharteko preso bakarra. Bakartze mota hori presoaren borondatea ezabatzean datza», adierazi du Uysalek.
«Munduan ez dago erabateko bakartzean oinarritutako antzeko bertze sistemarik. Baldintzak malguagoak ziren Guantanamon ere. Giza eskubideen aldeko Turkiako erakundeek azpimarratu dutenez, Imrali errepresio laborategi bat da», azaldu du abokatuak.
Uysalek nabarmendu du Ocalan 13 metro koadroko ziega batean egon dela preso hamar urtez. Ziegan eduki dezakeen liburu kopurua mugatu diote, eta, gainera, ez diote paperik eta boligraforik ematen. 2005a baino lehen, bi orduz atera zitekeen airea hartzera, baina, ordutik, ordubete baino ez diote uzten horretarako. Telefono deiak egiteko eskubideari dagokionez, abokatuak zera erran du: «24 urtean bi dei baizik ezin izan ditu egin: 20 minutukoa bata, 2020ko apirilaren 7an, eta 3 minutukoa bertzea, 2021eko martxoan. Ziega egunean 24 orduz monitorizatua dute, kameren bidez, eta, 2009an bertze bortz lagun Imralira lekualdatu zituzten arte, Ocalan izan zen uharteko preso bakarra. Seiek astean behin bakarrik ikusten ahal zuten elkar. 2002. urtetik, frekuentzia bakarrean sintonizatutako irrati bat dute, eta, 2013an, 12 kate dituen telebista bat eman zieten».
Imralin preso direnen abokatuek jasandako jazarpena da kartzelako errepresioaren bertze aurpegietako bat. Uysal sumario batean sartua da, eta martxoaren 15erako espero du epaia. Jendaurreko debateetan Ocalanen lege estatusaz eta Imraliko bakartze sistemaz solastatu izana leporatzen diote, eta indarkeria matxistaren kontrako borrokari buruzko telebista saioetan parte hartu izana, baina, Uysalek berak gogorarazi duenez, baita «sare sozialetan Ocalan askatzearen aldeko kanpainak zabaldu izana eta Mesopotamiako Abokatuen Elkargoko eta Askatasunaren Aldeko Abokatuen Elkarteko kide izatea» ere. Gaineratu duenez, «erakunde terrorista armatu bateko kide izatea» ere egotzi diote, «DTK Gizarte Demokratikoaren Kongresuan ordezkari izateagatik». Uysalek zehaztutakoaren arabera, akusazio horiengatik «6 eta 15 urte bitarteko zigorrak» ezar ditzakete, eta 2020az geroztik debekatua du herrialdetik kanpo bidaiatzea.
Bihar: HDPko diputatu Omer Ocalanen elkarrizketa.
SERIEA. Ocalanek 25. urtea kartzelan (III). Newroz Uysal.
«Imraliko kartzela errepresio laborategi bat da»
Abdullah Ocalanen abokatua da, eta berak ikusi du lider kurdua azkeneko aldiz, 2019an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu