Europako Parlamentuak immunitatea kendu dio FN Fronte Nazionaleko presidentegai Marine Le Peni, Frantziako Justiziak hala eskatu ostean. Nanterreko Fiskalak ikerketa bat abiatu zuen eurodiputatuaren aurka, «irudi bortitzak» zabaltzeagatik —EI Estatu Islamikoaren exekuzioen hiru irudi jarri zituen Twitterren—.
Immunitaterik gabe, Le Pen zigortzeko aukera du justiziak. Hiru urteko kartzela zigorra eta 75.000 euroko isuna jaso ditzake, gehienez, baina, absolbitua izanez gero, immunitatea berreskuratuko luke. 2015eko abenduan igo zituen irudiak. Horietako batean, James Foley kazetariaren gorpua agertzen zen, burua moztuta.
Dena den, Estrasburgoren erabakiak ikerketa horretan du eragina soilik. Izan ere, Le Penen aurkako beste hiru ikerketa daude gutxienez abian, horietako bat Europako Parlamentuan izandako lanpostu faltsuen kasuan. Bere kabineteburuak eta bizkartzainak ustez europarlamentuaren dirua jaso zuten, FNren presidentegaiaren laguntzaile izateagatik. Ikertzaileek uste dute ez zutela halako lanik egin, eta, oraingoz, kabineteburuari leporatu diotehori soilik egin izana. Horrez gain, FNren presidentegaiak ez ditu itzuli nahi Bruselak exijitzen dizkion 330.000 euroak, itxurazko lanengatik kobratuak.
Aldi berean, Finantza Fiskaltza Le Pen aitaren —Jean Marie— eta alabaren ondasunak ikertzen ari da, ustez balioa «gutxitu» dutelako. 2014an eman zuten ondasunen berri —eurodiputatuentzat ohiko prozedura da—. Le Pen alabak hiru urteko kartzela zigorra eta 45.000 euroko isuna jaso ditzake, justiziak frogatzen badu ez zuela ondasunen zati bat deklaratu, edota informazioa ezkutatu zuela. Horrez gain, FN ere ikertzen ari dira, ustez bozen kanpainak finantzatzeko «iruzurrezko» sistema bat egituratzeagatik.
Fillonen inputazioa
LR Errepublikanoak alderdiko presidentegai François Fillonen etxea miatu zuen atzo goizean Frantziako Poliziak, froga bila, lanpostu faltsuen ikerketaren harira. Bere presidentegaitzari eustea erabaki zuen Fillonek herenegun, Justiziak inputatuko duen arren. Hilaren 15ean deklaratuko du.
Ordea, garesti atera zaio erabaki hori, pixkanaka bere kabineteko kideak kanpaina uzten ari direlako. Bruno Le Mairek eta UDI alderdi zentristak parte hartzeari utzi zioten herenegun, eta atzo Fillonen kabineteko hamabost bat kidek utzi zuten kanpaina.
Immunitatea kendu diote Le Peni, EIren irudi batzuk zabaltzeagatik ikertzeko
Frantziako Justiziak hala eskatu zion Estrasburgori, «argazki bortitzak» zabaldu zituela argudiatuta. Fillonen etxea miatu du Poliziak, froga bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu