Europako migrazio politikak.

Fulvio Vassallo Paleologo abokatu, ekintzaile eta unibertsitateko irakaslea: «Immigrazio lege okerrek ematen diote bide klandestinitateari»

Italiako Gobernuak «immigrazioaren aurka borrokatzea» du xede; horretarako, asilo eskatzaileentzako babes berezia kendu, eta migraziorako neurriak gogortu ditu. Fulvio Vassallo abokatuaren arabera, politika horiek «jazarpena» dute oinarri.

Vasallo
Fluvio Vasallo. BERRIA
Marco Santopadre
Cagliari
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Italiako Gobernuarentzat lehentasunezkoa da «immigrazioaren aurka borrokatzea». Giorgia Melonik galarazia die GKE gobernuz kanpoko erakundeen itsasontziei erreskate bat baino gehiago egitea segidan: esku hartzen duten bakoitzean, erreskatatutakoak ez dituzte hurbileneko portura eraman behar, baizik eta agintariek zehaztutakora, eta hagitz urrun egon ohi da beti. Gainera, gobernuak kendu egin du asilo eskatzaileentzako babes berezia delakoa; ondorioz, aberriratze zentro iraunkorretan giltzapetu ez ditzaten, legez kanpoko immigranteek berme bat pagatu beharko dute; eta are, litekeena da Europatik kanpoko herrialdeetatik ailegatutako biztanleek urtean 2.000 euro ordaindu behar izatea osasun zerbitzuak baliatu ahal izateko. Fulvio Vassallo Paleologo abokatu, ekintzaile eta unibertsitateko irakaslearen erranetan, Meloniren politikak jazarpena du oinarri, eta arriskua areagotzea dakar jaioterria utzi beharrean direnentzat.

Zer deritzozu Giorgia Meloniren immigrazio politikari?

Haren politikak huts egin du. Nahiz eta akordioak egin dituen Tunisia, Libia eta Egiptoko gobernuekin Italiako mugak babes ditzaten, ez du lortu migrante gutxiago ailegatzea. Meloniren gobernuak zenbait gauza okertu ditu, baina aitzineko gobernuek ere –bai zentro-ezkerrekoek eta bai zentro-eskuinekoek– legez kanpoko immigrazioaren lagungarritzat jo zituzten bilaketako eta itsas salbamenduko lanak, nahitaezkoak badira ere nazioarteko hitzarmenen arabera.

Anitzetan epaitu dituzte GKEak eta ontzietako kapitainak –hala nola Carola Rackete– Mediterraneoan jendeari bizia salbatzeagatik, delitu larriak leporatuta: bertzeak bertze, gaizkile talde bateko kide edo trafikatzaileen konplize izatea. Halarik ere, auzi bat ez bertze guziak baztertu dituzte. Orain, gobernuak izkin egin nahi die epaileek eta Italiako eta nazioarteko legeek ezartzen dizkioten trabei, eta, horretarako, legea behar bezala aplikatzen duten epaileei jazartzen zaie, hala nola Siziliako Ragusa hirikoei, zenbait migrante aberriratze zentro batean giltzapetzearen aurka ebatzi baitzuten.

Zer ondorio ekarri ditu babes berezia deiturikoa ezabatu izanak?

Italian sartzeko legezko bideak bertan behera utzi eta asilo eskatzaileentzako babes berezia ezabatu izanak zera dakar, legez kanpokotzat jotzea bertzela legez hartuko ziren errefuxiatu anitz. Legezko esparrutik kanporatuta eskubide eta babes oro ukatzen zaienez, migrante horiek Europa iparraldera edo erdialdera joaten dira, edo, bertzela, Italiako hirien kanpoaldeko auzoetan pilatu. Maiz aski, bizirik irauteko bertze biderik ezean, esplotaturik aritzen dira, enpresari iruzurtientzat lanean, edo bertzela, kriminalen zerbitzuko eskulangile gisa. Lege okerrek ematen diete bide klandestinitateari eta hark dakartzan arazoei.

Italiako Gobernuak Afrika iparraldeko herrialdeei eskatu die ez uzteko errefuxiatuei handik ateratzen. Lortuko al du mugak kanpora ateratzea horrela?

Azken hamarkadetako gobernu guztiek atera dituzte mugak kanpora. Baina proiektu hori txarra da giza eskubideak defendatzeari dagokionez: Afrika iparraldeko gobernuekin sinatutako akordioek ez dute egundaino modurik eman ez herrialdean sartzeko legezko bideak sortzeko egiatan, ezta asilo eskatzaileak gehiago babesteko ere, oraindik ere sarraskitu egiten baitituzte iragaten diren herrialdeetan. Gobernuek erraten dute immigranteak esplotatzen dituzten antolakunde kriminalen aurka ari direla, baina Afrika iparraldeko gobernuei bidaltzen zaien diru hori bera da halako antolakundeen sostengu.

Libiako kasua deigarria da: argi dokumentatua da elkar hartuta daudela polizia, miliziak eta giza trafikoan aritzen diren antolakunde kriminalak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak frogatu du Tripoliko kostazainek bidea hetsi dietela migratzailez betetako itsasontzi anitzi itsasoan, eta, gero, trafikatzaileek lurrera itzularazi dituztela migratzaile horiek.

Melonik «gerra» deklaratu dio immigrazioari, baina gero eta jende gehiago ailegatzen da Italiara: 2022an, 105.000 errefuxiatu ailegatu ziren, eta 2023an, orain arte, 155.000.

Eskuinak kanpaina egiten du etengabe immigrazioaren gaiaren inguruan, eta gauza bikainak egiten dituelako itxura eman nahi du, baina, gero, zera bakarrik egiten dute, aplikatu ezin diren edo Europako legedia urratzen duten legeak onartu. Aurten Italiara itsasoz ailegatutakoen kopurua iaz halako bi da ia. Gobernuaren Cutro dekretuak sendotu egiten du egungo eredua, migratzaileak segregatzea eta asilo eskubidea ezabatzea helburu duena. Iaz, 6.400 migratzaile izan ziren aberriratze zentroetan, 2021ean baino %69 gehiago, baina erdiak bakarrik itzularazi zituzten jaioterrira: horrek erakusten du horietako anitz atxilotzeak ez zuela justifikaziorik.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.