SERIEA. AEBetako hauteskundeak (III). Alderdi Demokrata.

Ilusioaren ondorengo gainbehera

Bernie Sandersen hautagaitzak demokratak aztoratu zituen, boto-emaile berriak erakarriz eta Clinton ezkerrera biraraziz. Hala ere, presidentegaiak zaila izango du langile klasea bereganatzea.

Hillary Clinton, kanpainan hitzaldi bat ematen, Chicagon. TANNEN MAURY / EFE.
Adrian Garcia.
2016ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
AEBetako Alderdi Demokratako primarioek itxaropen izpi bat sortu zuten alderdiko ezkerreko sektoreetan. Eta ez soilik alderdi barruan. Bernie Sanders hautagaiaren lurrikara politikoak, belaunaldi gazteenak mobilizatu ez ezik, demokraten eragin esparrutik kanpoko boto-emaileak ere erakarri zituen. Clinton gailendu zen, baina Vermonteko senatari independenteak oinarrian errotutako mugimendua indartu du, eta alderdia ohiko agenda neoliberaletik urrundu; demokraten hitzetan, inoiz izandako programarik «aurrerakoiena» da Clintonena. Hala eta guztiz ere, presidentegaiari ez zaio nahikoa izango sektore aurrerakoienak eta langile klasea bereganatzeko.

Izan ere, hauspoa galdu dute demokratek. Ezbairik gabe, FBIk ikerketa berriro abiatzeak kalte egin die —Estatu idazkari zenean mezu elektronikoak bidaltzeko zerbitzari pribatu bat erabiltzea leporatzen diote—. Halere, botere ekonomikoari eta politikoari lotutako irudiak ate asko itxi dizkio hautagaiari. Handia baita gazteen eta beltzen motibaziorik eza hautetsontzietara joateko. Aurretik botoa eman dutenen artean gehiengoak demokratak izan arren —horrela izan ohi da hauteskunde guztietan—, beltzen botoak jaitsi egin dira nabarmen.

Inkestak estututa, Alderdi Demokratak makineria martxan jarri du, galerak ahal den neurrian murrizteko. Alderdiko pisu astuneko kideei protagonismoa uzteko arazorik ez du izan Clintonek, bere onarpen apalaz jabetuta. Sanders, Obama, Michelle Obama, Joe Biden eta Elizabeth Warren agertzen dira argitaratutako azken bideoan. Apenas azaltzen den Clinton, eta ez du hitzik egiten. Haiek berarekin [Clintonekin] daude. Eta zu?, da iragarkiaren leloa.

Afrikar-amerikar herritar asko urrundu dira Clintonengandik. Inkestek eta boto goiztiarraren analisiek erakutsi dute begi bistakoa dena: Clinton ez da Obama. Ipar Carolina estatu giltzarrietako bat da, azken garaipena erabaki dezaketenetako bat. Eta aldez aurretik botoa eman duten beltzen datuek alarma gorria piztu dute demokraten artean. Hamahiru punturen aldea baino ez diete ateratzen errepublikanoei. Lehen bistan datu baikorra dirudien arren, kezkaz bete ditu demokratak. Orain lau urteko bozetan hemezortzi punturen aldea zuen Obamak, baina Mitt Romney errepublikanoa gailendu zen azkenean. Ulertzekoa da demokraten larritasuna: 111.000 beltz gutxiagok bozkatu dute oraingoz Ipar Carolinan.

Aurreikuspen ezkorrak iraultzeko zuzenean esku hartu du Obamak, eta kargu hartu die orain zortzi urte botoa eman ziotenei baina datorren asteartean demokraten alde bozkatzeko asmorik ez dutenei. «Latinoen botoa betetzen ari da. Oro har, botoen [goiztiarren] kopurua handia da. Baina afrikar-amerikarren botoa ez dago behar lukeen lekuan». Beltzen komunitateak entzun ohi duen irrati kate batean egin ditu hitzok presidenteak, haserre tonua ezkutatu gabe.

Clinton ez da gai izan Sanderseek eragindako zirrara bizirik mantentzeko. 1988. urtetik ez zen demokraten programa bat auzitan jarri, baina Sandersek ohiko kontsentsua apurtu zuen uztailean, Filadelfiako konbentzio nazionalean. Hauteskunde programa moldatzea lortu zuen azkenean, Clinton babestearen truke. Ezkerreko alderdi baten proposamenen antza handia du:gutxiengo soldata igotzea; aberatsenei zergak igotzea; marihuana legeztatzeko prozesua hastea; ingurumenaren aldeko neurriak hartzea; ate birakariak ixtea, Wall Street erreformatzea...

Occupy Wall Street mugimenduko ideiak bere egin ditu Sandersek, eta primarioetako kanpainan txertatu ditu protesta mezu asko. Presidentegai izateko inoizko aukera gehien izan duen sozialista da senataria—«sozialista demokratikotzat» jotzen du bere burua—. Ez hori bakarrik: sozialismoa hitza kanpainan sartzea lortu du. Bada haren iraultzari Franklin D. Roosevelt presidentearen New Deal-en (Itun Berriaren) zantzuak hartu dizkionik. Noam Chomsky ezkerreko pentsalariak, esaterako, «Itun Berriko demokrata» deitu izan dio.

Hain zuzen ere, Alderdi Demokrataren historian langile klasetik eta sozialismotik gertuen egon den arotzat jotzen dituzte historialariek 1929. urteko crash-aren ondorengo urteak. Rooseveltek neurri ekonomiko sakonak hartu zituen merkatuen araurik ezak sortutako krisiari erantzuteko. Finantza merkatuak erreformatu zituen, txiroenei diru laguntzak eman zizkien gizarte programen bidez, eta ekonomia berriz pizteko zorpetu egin zen estatua.

Alderdi Demokratikoa ere goitik behera aldatu zuen krisiak: eliteetatik aldendu, eta langileen beharrei erreparatu zien. William P. Meyers ikerlariak dioenez, Europako alderdi sozialdemokraten antza hartu zuen. Lehia gogorra ekarri zuen moldaketak alderdi barruan, demokrata tradizionalen eta Itun Berriaren aldekoen artean.

Itun Berriaren Koalizioaren barruan, sindikatuak eta ezkerreko sektoreko mugimendu batzuk bildu zituen Alderdi Demokratak, eta 1932. urtetik 1960eko hamarkadaren amaiera arte agindu zuten Etxe Zurian, Dwight D. Eisenhower presidentearen agintaldiakenduta (1952-1956).

Hurrengo hamarkadetan, Alderdi Demokratak eskuinera birarazi zuen, AEBetako gizartearekin batera. Chomskyk azaltzen du: «Sanders erradikala dela diote orain, baina duela hamarkada batzuk denak ados egongo ziren haren proposamenekin».

Bira horren arrazoien inguruko erabateko adostasunik ez dago ikerlarien artean, baina askok beltzen eskubide zibilen mugimenduan jartzen dute iturburua. Izan ere, arrazakeria eta politika bata bestearen eskutik joan dira urte luzez AEBetan, eta, gaur egun ere, presidente beltz bat izateak ez du bazterketa deuseztatu. Meyersek dioenez, zurien gailentasunean oinarritzen zen Itun Berria, hein handi batean. 1960ko hamarkadan beltzak beren eskubide zibilak aldarrikatzen hasi zirenean, ordea, errepublikanoen alde egin zuten behargin arrazista askok, langile mugimendua apurtzeraino.

Demokrata Berriak

1980ko hamarkadako errepublikanoen hauteskunde garaipenek jarrera kontserbadoreagoak hartzera bultzatu zituzten demokratak, eta ezkerreko sektoreek alderdian eragin ahal izateko esperantza galdu zuten. Bill Clinton da eskuinerako bira horren adibidea; Itun Berriko zergen, gastu publikoaren eta gizarte laguntzen agenda lurperatu zuen, eta merkatuen arauek eta inbertsioak gidatutako ekonomia bultzatu zuen. Presidente ohi hori da Demokrata Berrien eredua, kontserbadurismoa ideologia gisa duten demokraten erreferentea.

Horrexegatik sortzen du Hillary Clintonek horrenbesteko mesfidantza mugimendu aurrerakoienen artean. Programa moldatu behar izan arren, asko dira uste dutenak neurri horiek ez direla urruti iritsiko Clintonen gidaritzapean. Trump gogoko ez duten errepublikanoak erakartzeko eginiko keinu kontserbadoreek ez dute horretan batere lagundu. Bestalde, merkatuen hautagai kuttuna da oraindik ere Clinton; inkestak estutu ahala nola erreakzionatu duten ikusi besterik ez dago. Alor horretan, Trumpen hautagaitza apurtzailea da erabat, eta langile klase zuriaren agintariekiko atsekabea baliatzeko aukera eman dio errepublikanoari. Itxaropena galduta, langileak berriro urrundu zaizkie demokratei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.