Ilusioa apaldu da Atenasen

Grezian, bederatzi hilabetean hirugarren hauteskunde eguna dute gaur.Hiriburuaren erdialdean kaleak ez daude kartelez gainezka, eta egunkariek errefuxiatuen aferari jarri diote arreta gehien

Alexis Tsipras Syrizako hautagaia, kanpainako azken ekitaldian, herenegun gauean, Atenasen. YANNIS KOLESIDIS / EFE.
Atenas
2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Greziako hauteskundeetako kanpaina ekitaldiak bukatu dira. Goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpiak arte, hamar milioi herritar bozkatzera deituta daude, ia 20.000 hauteslekutan. Bozak bereganatzeaz gain, konfiantza bereganatzen ahalegindu dira Greziako alderdiak azkenengo orduetan. Ez dute erraza. Izan ere, politika ez da eguneroko mintzagaia Grezian. Hemen gutxi hitz egiten da politikaz herritarren artean, kartelek ez dituzte erdialdeko paretak betetzen, egunkariek errefuxiatuen aferaz idazten dute gehienbat eta herritar asko etxean geratuko dira gaur gauean, emaitzak noiz aterako zain. Greziako zenbait komunikabidetan, gehienbat indar kontserbadoreen aldekoetan, azaroan edo abenduan hauteskundeak egongo direla irakur daiteke, gaurko emaitzen ostean gobernua ez dela osatuko aurreikusten baitute. Ilusio gutxi eta bozkatzeko gogo falta sumatzen da Atenasko erdialdean.

Gianis Doskasek egunkariak saltzen ditu Monastiraki plazan. Salbuespena da. Askok saihestu nahi dituzten galderak erantzun ditu; politikaz hitz egiten jarraitu nahi du. «Berriz bozkatzera», dio hauteskunde hitza entzuten duenean. Gaur, beste behin ere, bozkatzera joango da, hirugarrenez azkenengo bederatzi hilabeteetan. «Demokrazia Berriak irabazten badu, greziarrok Troikaren eta Alemaniaren zerbitzura egongo gara berriz. Ez dut nahi». Syriza bozkatuko du, azkeneko hauteskundeetan egin duen bezala. «Aurreko gobernuek erakutsi ez duten indarra dauka Alexis Tsiprasek. Berarengan sinisten dut». Syrizako hautagaia kalean topa daitekeen beste herritar bat bezalakoa da Doskasentzat. «Aurreko gobernu guztiak goian egon dira, herritarrengandik urrun eta herritarrei lapurtzen. Tsipras kalean dago, gurekin, aurpegia ematen. Horrelako politikariak behar ditugu Grezian».

Ostiral gauean, kanpaina amaierako ekitaldian, Tsiprasek indar erakustaldia egin zuen Syntagma plazan. Mezu argi batekin hasi zen: «Gure proiektuak ez dauka zerikusirik kontserbadoreekin. Egurra ematen jarraitu nahi dugu». Abstentzio handia espero denez, bozkatzeko deia egin zuen Syrizakoak: «Zuen botoa ezinbestekoa da. Ez soilik Grezia aldatzeko, Europa aldatzen ere jarraitu behar dugu. Berriz irabaziz gero, Europa osoak mezua ulertuko du». Pil-pilean dagoen errefuxiatuen aferaren inguruan ere mintzatu zen, eta «munduko herritarren aurka negar gasa erabiltzen duen Europa» kritikatu zuen. Gainera, 2013ko irailaren 18an eraildako Pavlos Fyssas abeslari antifaxista izan zuen gogoan, Egunsenti Urrekarak hilketaren ardura politikoa ostegunean bere gain hartu eta gero. Europako zenbait alderdi ere Syntagma plazan egon ziren.

Greziako hiriburuko kale luzeenetarikoak Stadiu dauka izena. Bertan, Karitina Kuzunisek okindegi batean lan egiten du. Ez da oso politikazalea, baina Syrizarengan konfiantza galdu du, eta ziurrenik gaur ez da bozkatzera joango. Are gehiago, hitz gogorrak erabili ditu Tsiprasi buruz hitz egiteko: «Zertarako eman babesa programa beteko ez duen hautagai bati?». Hala ere, ez du bozkatuko Herri Batasuna, Syrizako kritikoek sortu zuten eta Panagiotis Lafazanisek ordezkatzen duen alderdia. Pasok eta Demokrazia Berria bezalako alderdiak ere ez ditu gustuko: «Gobernuan egondakoak ez ditut bozkatuko. Nire konfiantza galdu dute». Azkeneko orduan erabakiko du zer egin.

Xenos Kafkisek Demokrazia Berria bozkatuko du; ez dauka inolako zalantzarik. Are gehiago, alderdiko gazte antolakundeko kidea da otsailetik. Bozkatzeko eskubidea duenetik ez du botoa aldatu. 21 urte ditu, eta euroaren eta Europako Batasunaren barnean ikusten du bere burua: «Hori soilik Demokrazia Berriak berma dezake», esan du alderdiaren ekitaldi nagusia amaitu bezain laster. Gazteak Antonis Samaras presidente ohia ekarri du gogora: «Samarasekin errespetua geneukan Europako Batasunean. Orain, azkeneko bederatzi hilabeteetan, errespetu hori galdu dugu, Tsiprasen erruz».

Demokrazia Berriak ostegunean izan zuen ekitaldi nagusia, Omonia plazan. Alderdiko hautagaia, Evangelos Meimarakis, ez zen bakarrik egon. Samaras presidente ohia ekitaldian egon zen, eta Espainia eta Portugal jarri zituen berreskurapen ekonomikoaren adibide gisa. Tsiprasen aurkako eta Europako Batasunaren aldeko mezuak nagusi izan ziren ekitaldian. Gainera, errefuxiatu hitza erabili ez bazuen ere, Syriza etorkin ilegalekin «oso malgua» izaten ari dela salatu zuen. Alde horretatik, Demokrazia Berriak agintea berreskuratuz gero aurreko politika migratzailea berriz martxan jarriko duela zin egin zuen.

KKEk, plaza ia goraino

Hauteskundeez gutxi hitz egiten da, baina gainontzeko alderdiez are gutxiago. Egunsenti Urrekararen kartelik ez da ikusten Atenasko kaleetan; Doskas egunkari saltzaileak dio herritarrek kendu egiten dituztela. Hala ere, hirugarren indarra izateaz gain, eskuin muturreko alderdiaren aldeko bozek gora egin dezakete inkesten arabera. To Potami eta Anel ere ikuspegi politikotik desagertu direla dirudi. KKE alderdi komunistak, militante fidelen babespean, asteazkenean Greziako Parlamentu parean izan zuen ekitaldia. Denak besotik hartuta iritsi ziren enparantzara. Syrizaren, Tsiprasen, Troikaren, Europako Batasunaren, Alemaniaren... aurkako mezuekin plaza ia goraino betetzea lortu zuten.

Gaurko hauteskundeetako irabazleak Greziako txirotasunari, errefuxiatuei, Europako Batasunarekin duen zorrari eta ustelkeriari aurre egin beharko die, besteak beste. Inkestek eta alderdietako hautagaiek hitz egin dute; herritarren garaia da orain. Haiek erabakiko dute nor babestu edo nor babesteari utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.