Kataluniako prozesu independentista fase berri batean sartu da aurten. Maiatzaren 12an egin zituzten Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan, indar subiranistek gehiengoa galdu zuten, eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eskuratu zituen boto gehien. Gauzak horrela, eta ERC Esquerra Republicanaren eta PSCren arteko akordioaren ostean, sozialisten hautagai Salvador Illa izendatu zuten Kataluniako presidente aurreko ostegunean —Carles Puigdemont presidente ohiaren agertzea eta desagertzea tartean izan zirela—. Inbestiduraren ostean, ez da ezustekorik izan, eta, beraz, gaur hartu dute kargua gobernu berriko kontseilariek. Illak aro aldaketaren ideia azpimarratu du bere hitzaldian, eta esan bere gobernua «garai aldaketaren testuinguruan» heldu dela; horrek «erronkak, arriskuak eta aukerak» dakartzala nabarmendu du.
Atzo jakinarazi zituen Illak gobernuko kideak, eta bi bloketan bana daitezke: batetik, PSCko buruzagiaren gertukoak diren alderdikideak, eta, bestetik, subiranista independenteak. PSCkoen aldean bestean baino pisu handiagoa jarri du Illak; eta, subiranistei dagokienez, Kataluniako hedabideek adierazi dute «independentista moderatuak» direla. Gobernu berriak Kataluniako gizartea «ordezkatzen» duela azpimarratu du Illak.
Hala ere, hirugarren bloke bat osa liteke —batzuek besteek baino harreman estuagoa dute alderdi sozialistarekin— soslai tekniko edo espezializatutzat jo dituzten sailburuekin. Haien artean nabarmentzekoa da saskibaloi jokalari ohi eta Tarragonako zinegotzi Berni Alvarez (PSC), Generalitateko presidente berriak sortu duen Kirol Sailean arituko baita. Izan ere, Pere Aragonesen gobernuak (ERC) hamalau sail zituen, eta Illak hamasei izango ditu.
«Hizkuntza Politiken Sailak katalanaren defentsa ziurtatu behar du, hura baita nazio katalanaren bizkarrezurra»
SALVADOR ILLAKataluniako presidentea
Subiranisten blokean lau izen daude: CiU Convergenzia i Unioko —2015ean desagertu zen, eta zatiketak utzitako alderdietako ondorengoa da JxC Junts per Catalunya alderdia— eta ERCko bina. CiUko kideak izandakoak dira Miquel Samper —Quim Torraren gobernuan Barne kontseilari izan zen (2020-2021), eta Enpresa eta Lan sailburu arituko da— eta Ramon Espalder —Justizia eta Kalitate Demokratikoko sailburua—. Errepublikanoen artean, Aragonesen gobernuan aritutako Francesc Xavier Vila eta Sonia Hernandez bihurtu ditu sailburu Illak.
ERCk eta PSCk Illaren inbestidurarako hitzartutako neurrien artean Hizkuntza Politiken Saila sortzea dago, eta horren buru izango da Vila. Bartzelonan dagoen Generalitateko eraikinean gaur egin duten ekitaldian Illak nabarmendu duenez —eta ERCkoekin adostu zuen moduan—, katalana «nazio katalanaren bizkarrezurra» izango da: «Hizkuntza Politiken Sailak katalanaren defentsa ziurtatu behar du, hura baita nazio katalanaren bizkarrezurra». Aparteko sail bat ez zenez, Hizkuntza Politiken idazkari nagusia izan da Vila ERCren gobernuan. Hernandezi dagokionez, berriz, Kultura Ondareko idazkari nagusi izateari utzi, eta Kultura sailburu izango da.
Kideen kritikak
Banan-banan egin dute karguaren zina datozen lau urteetan, ondo bidean, Kataluniako Generalitatea osatuko duten zortzi gizonek —Salvador Illa, tartean— eta bederatzi emakumeek. Kargua hartzen aurrena Presidentetzako sailburu Albert Dalmau izan da. Illaren inbestidura ahalbidetu duten alderdiek begi onez jaso badute ere soslai politiko ezberdinak egotea, Dalmau izendatu izana ez dute hain ondo hartu. Izan ere, Comuns Sumarren parlamentuko bozeramaile David Cidek atzo RAC1 irratian kritikatu egin zuen Dalmau aukeratu izana, «PSC oso kontserbadore batetik» datorrela argudiatuta.
Illa bakarrik dago gobernuan, ez du ez ERCren ez Comuns Sumarren barne babesik. Subiranistek argi utzi zuten sozialistekin itundutako akordioan ez zutela gobernuan zuzenean parte hartuko, baizik eta gobernatzea ahalbidetuko zutela; betiere, hitzartutakoa betetzen bada. Comuns Sumarrek, bestalde, ez du guztiz baztertu aukera. Horren argibide dira Ciden atzoko adierazpenak, non, haien parte hartzea PSCk egiten dituen politiken araberakoa izango dela esan zuen: «Zer PSC aurkituko dugun ikusteko adi egongo gara».
Hor sartzen da Dalmau, Ciden aburuz, «interes ekonomikoei loturik dagoen PSC baten parte» delako: «Bartzelonatik dator, oso kontserbadorea den PSC jakin batetik dator, interes ekonomikoei oso lotua dagoenetik». Leporatutako liberalismo hori ezkerreko koalizioak adostutako hitzarmenaren aurka egon daiteke, turismoa mugatzea aurreikusten baitu: Bartzelonara heltzen diren gurutzaontziak murriztea, esaterako.
Kataluniako gobernu berria
- Albert Dalmau
Presidentetza sailburua.- Silvia Paneque
Lurralde, Trantsizio Ekologiko eta Etxebizitza kontseilaria.- Nuria Parlon
Barne kontseilaria.- Alicia Romero
Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.- Miquel Samper
Enpresa eta Lan kontseilaria.- Ramon Espadaler
Justizia eta Kalitate Demokratikoko kontseilaria.- Jaume Duch
Atzerri eta Europako Batasuneko kontseilaria.- Eva Menor
Berdintasun eta Feminismo kontseilaria.- Olga Pane
Osasun kontseilaria.- Monica Martinez Bravo
Giza Eskubideak eta Gizarte Inklusioko kontseilaria.- Oscar Ordeig Mollit
Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura kontseilaria.- Esther Niubo
Hezkuntza eta Lanbide Heziketa kontseilaria.- Nuria Montserrat Pulido
Ikerketa eta Unibertsitate kontseilaria.- Sonia Hernandez
Kultura kontseilaria.- Francesc Xavier Vila
Hizkuntza Politiken kontseilaria.- Berni Alvarez
Kirol eta Jarduera Fisikoko kontseilaria.