Bi neonaziri eraso egiteaz akusatuta, 39 urteko irakasle italiar batek urtebete pasa darama preso Hungariako segurtasun handiko kartzela batean: tratu gizagabea ematen diote han, eta, gainera, neurriz kanpoko zigor bat bete behar izateko arriskuan da.
Ilaria Salis iazko otsailaren 11n atxilotu zuten, Budapesten, bi neonaziren aurkako erasoan parte hartu zuelakoan Ohorearen Eguna deiturikoan. Preseski, egun horretan omenaldia egiten diete Armada Gorriak Budapest askatzea galarazteko borrokatu ziren soldadu alemaniarrei. Urtero, herrialde anitzetatik ailegatutako ehunka neonazi biltzen dira egun horretan, Adolf Hitlerren tropen omenezko desfile batean.
«Guretzat pentsaezina da hori gertatzea, baina Hungariako agintarientzat ez», adierazi du Salisen abokatuetako batek, Eugenio Loscok. «Nire bezeroak kontramanifestazio antifaxista batean parte hartu zuen, eta eskuineko bi ultra zauritzeagatik atxilotu zuten, baina biak berehala sendatu ziren: batek zortzi egun baino ez zituen behar izan, eta bertzeak, berriz, bortz».
Zenbait eskutitzetan, Salisek salatu du modu ankerrean eduki dutela preso, desnutrizioak jota dagoela, eta eskubiderik oinarrizkoenak urratzen dizkiotela, kartzelan ez baitago batere higienerik, ez eta inongo osasun arretarik ere. Atxilo hartu ondoan, oinetakoak eta arropa konfiskatu zizkioten, eta kartzelazainek emandako jantzi zikin eta kirasdunak eta orratz takoidun botak paratzera behartu.
Bortz astez, ez zioten eskuoihalik, xaboirik eta komuneko paperik eman, ez eta tanpoirik ere. Are, ziegak zimitzez josiak daude, eta dermatitisa eragin diote; labezomorroak eta arratoiak ere badira nonahi. Bertzalde, presoak hetsiak izaten dira egunean 23 orduz.
«Nire bezeroak kontramanifestazio antifaxista batean parte hartu zuen, eta eskuineko bi ultra zauritzeagatik atxilotu zuten, baina biak berehala sendatu ziren».
EUGENIO LOSCOIlaria Salisen abokatuetako bat
Loscok xeheki kontatu du Salis zer-nolako baldintzetan den: «Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, preso bakoitzak gutxienez lau metro koadro izan behar ditu berarentzat, baina Salisek bertze zortzi emakumerekin bizi behar du leku hagitz txiki batean. Ez du jarduera bakar bat ere egiten ahal, ez hungariera ikastaroetara joan, ez lanik egin. Bertzalde, epaitegira eramaten dituztelarik, eskuburdinak paratzen dizkiete eskumuturretan eta orkatiletan; eskuburdinak, halaber, uhal batekin lotuta daude, eta zaindari batek heltzen dio uhalari. Horrez gain, Salisek debekatua izan zuen senideekin elkartzea joan den irail arte, eta, hortik aitzinera, hilabetean behin bakarrik ikusi ahal izan ditu, tartean kristalezko pareta bat dutela».
Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua «urratzen ari dira, argi eta garbi», haren arabera debekatua baitago tratu gizagabea eta apalgarria ematea. «Proportzionaltasunerako eskubidea ere urratu» dute. «Hungaria ezin da zuzenbide estatutzat hartu», erran du Salisen abokatuak.
Neurriz kanpoko interpretazioa
Neurriz kanpoko interpretazio juridiko bat oinarri hartuta, Hungariako justiziak uste du erasoa jasan zutenen zauriak hiltzeko modukoak ere izan daitezkeela, nahiz eta hagitz arinak izan.
Loscok Italiako adibidea ekarri du hizpidera: «Italian, norbait giza hilketaz akusatzeko, beharrezkoa da frogatzea hiltzeko asmoa zuela eta egindako erasoa norbait hiltzeko modukoa zela egiatan. Salisen kasuan izandakoak 'lesio arin larriagotutzat' joko lirateke, eta lau urteko kartzelaldia ezarriko litzaioke gehienez. Haatik, kartzelan 24 urte emateko arriskuan da; izan ere, 'lesio larriagotu anitz' eragiteagatik hamabi urteko zigorra paratu ohi da, baina hori halako bi izateko eskatzen dute, ikertzaileek uste baitute gaizkile talde baten barrenean jardun zuela».
Iragan urtarrilaren 29an hasi zuten epaiketa, Budapesten, eta Salisek erran zuen errugabea zela. Bere burua erruduntzat jo izan balu, ordea, fiskaltzak zigor apalagoa eskainiko ziokeen, 11 urtekoa «baino ez». Horrez gain, Hungariak Italiari eskatu dio estradita dezala 24 urteko gazte italiar bat, Gabriele Marchesi, hark ere erasoan parte hartu zuelakoan.
Hura estraditatu ala ez erabakitzeko, Milango Apelazio Auzitegiak Budapesti galdetu zion zenbait gauza argitu zitzala, kontuan hartuta atxilotuen baldintzak hagitz gogorrak direla Hungarian, ez dagoela bermerik bidezko epaiketa bat izateko; azkenean, joan den ostegunean, auzitegi horrek erabaki zuen Marchesi ez estraditatzea, argudiatuta Hungarian «neurriz kanpoko zigorra» jasoko lukeela. Aske utzi zuten.
Salisen kasuan ere, haren abokatuek eta senideek eskatu dute hura ere askatu dezatela, edo, bederen, aukera eman diezaiotela atxiloaldia etxean betetzeko, Italian. «Neurri hori jasoa dago Europako legedian, 2009ko 829 esparru erabakian, preseski, eta bai Italiak eta bai Hungariak onartua dute». Hungariako auzitegiak, ordea, erabaki zuen neurri hori ez aplikatzea; beraz, etxeko atxiloaldia Budapesten betetzeko modua ematea galdegin zuten Salisen abokatuek joan den ostegunean, nahiz eta sorgin ehiza bat abiatua den antifaxista italiarraren aurka. Baina epaileak ez zuen eskari hori onartu, argudiatuta ihes egiteko arriskua dagoela. Hortaz, espetxean da oraindik ere.
Harik eta Salis askatzearen aldeko kanpainak Italiako eta nazioarteko komunikabideetan oihartzuna lortu zuen arte, ez Italiako Gobernuak ez herrialde horrek Hungarian duen enbaxadak ez zioten erreparatu Salisen kasuari, Hungariako lehen ministro Viktor Orban Giorgia Meloniren aliatua baita, azken batean.
Edozein modutan, prentsak eta iritzi publikoak azken hilabeteetan egindako presioa dela medio, Italiako Gobernuak Budapesti eskatu behar izan dio errespeta zitzala Salisen eskubideak. Halere, gobernuko sektore batek —Matteo Salviniren Legak, bereziki— Hungariako sistema defendatu du, eta «zigor eredugarria» eskatu irakasle italiarrarentzat.