Ilargiaren urruneko aldeko laginak Lurreratzea lortu du Txinak

Lurraren satelitea esploratzeko Chang'e-6 misioak arrakastaz amaitu du ia bi hilabeteko bidaia. Egitasmo horri esker, lehen aldiz ikertuko dute nola dagoen osatuta Ilargiaren eremurik aldenduena.

Chang'e-6 misioko espaziontziaren itzulerako modulua, gaur, Txina iparraldeko Barne Mongolian lurreratu ostean. JIN LIWANG / EFE
Chang'e-6 misioko espaziontziaren itzulerako modulua, gaur, Txina iparraldeko Barne Mongolian lurreratu ostean. JIN LIWANG / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko ekainaren 25a
17:48
Entzun

Txinak beste urrats bat egin du espazioko misioetan ere erreferentziazko potentzia gisa indartzeko. Arrakastaz amaitu du, gaur, Ilargiaren alderik urrunena esploratzeko Chang’e-6 misioa, eta, hala, Ilargiaren eremu ezezagun horretako laginak biltzea eta Lurrera ekartzea lortu duen herrialde bakarra bihurtu da. Ia bi hilabeteko bidaiaren ostean, espaziontziaren itzulera modulua Txina iparraldeko Barne Mongolia eremu autonomoko desertu batean lurreratu da, 14:07an —Euskal Herrian 08:07 zirela—. Adituen esanetan, lagin horiek oso baliagarriak izan daitezke eguzki sistemaren sorrerari buruzko galderak erantzuteko.

Xi Jinping Txinako presidenteak misioaren emaitza ospatu du eskutitz baten bidez. «Lorpen hau beste mugarri bat da Txina espazioan eta zientzian eta teknologian potentzia bilakatzeko ahaleginean». Agintaria prest agertu da nazioarteko elkarlanerako, besteak beste urruneko espazioa esploratzeko misioak garatzeko, «gizadiaren mesedetan».

Txinako mitologian Ilargiko jainkosa denaren izena hartu duen misioak ikerketarako eremu zabal bat zabalduko duela espero dute adituek. Nanjing Unibertsitateko Ingeniaritza Aeroespazialeko irakasle Kang Guohuak Txinako Global Times hedabideari adierazi dionez, Ilargiaren alde urruneneko laginak balio zientifiko handikoak dira, eremu horren berezitasunengatik, eta ikuspuntu berri bat emango dutela iragarri du.

(ID_13949216) CHINA LUNAR EXPLORATION MISSION
Chang'e-6 misioaren ibilgailu esploratzailea, Ilargiaren hego polotik hurbil lurreratuta. CNSA / EFE

Chang’e-6 misioko esplorazio ibilgailuak Ilargiaren hego polotik gertu lur hartu zuen, Aitken haranean. Haran hori da Ilargiko zaharrena eta sakonena, eta han hartutako laginetatik Ilargiaren sorrerari eta haren eboluzioari buruzko informazioa eskuratzea espero du Kangek, baita zeharka eguzki sistemaren sorrerari buruzkoa ere. Lagin horietan izotz arrastoak baldin badaude, horietatik ura, oxigenoa eta hidrogenoa erauzteko aukera izango dute zientzialariek, eta Ilargiaren bilakaerari buruzko informazio ugari emango die.

Catherine Haymans astronomo eskoziarrak BBChedabideari azaldu dionaren arabera, «Ilargiaren jarduera geologikoa oso desberdina da Lurretik hurbilen dagoen aldean eta urrunen dagoenean». Aurpegi urruneneko laginek Ilargiaren erdigunearen osaera ulertzen lagunduko dutela uste du. «Lurraren antzekoa al da? Horrek baiezta al dezake Lurra eta Ilargia gauza bera izan zirela dioen teoria?». Ilargiaren sorrerari buruzko teoriarik hedatuenak dio satelitea duela 4.500 milioi urte sortu zela, Lurrak jasan zuen talka baten ondorioz.

Zailtasun ugari

Lurraren satelitearen alde urrunera misio bat bidaltzeko, hainbat zailtasun gainditu behar dira. Batetik, distantzia, eta, bestetik, lurraldearen irregulartasuna. Oso eremu gorabeheratsua da, krater erraldoiz josia.

Chang’e-6 misioaren arrakastaren aurretik, Txinak egin izan ditu beste urrats nabarmen batzuk espazioan. 2021ean, Tiangong espazio estazioaren lehen modulua jarri zuen Lurraren orbitan —sei astronauta hartzeko gai da estazio hori—, eta, urte berean, Zhurong ibilgailu esploratzailea bidali zuen Martera. Herrialdeak proiektu bat du 2030a baino lehen misio tripulatu bat bidaltzeko Ilargira, eta han base bat eraikitzeko, aurrerago.

Ez da Ilargian tokia hartu nahi duen bakarra. Txinarekin lehia bizian ari dira AEBak, Lurrean ez ezik, baita Ilargian ere. NASAren asmoa da astronautak bidaltzea Ilargiaren lurrazalera 2026. urtearen amaierarako, eta, horretarako, Artemis 3 misioa ari da garatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.