Hezkuntza Katalunian. Xavier Besalu. Kataluniako Eskola Segregazioaren Aurkako Ituneko partaidea

«Ikasleen %100 atzerritarrak direnean, integrazioa ezinezkoa da»

Katalunian, duela bi urtetik indarrean dago Eskola Segregazioaren Aurkako Ituna. Besaluk uste du orain dela garaia balio al duen ikusteko.

DANI CODINA.
Irati Urdalleta Lete.
Bartzelona
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eskola segregazioari aurre egiteko ia 200 neurri. Horixe da, finean, Kataluniako Eskola Segregazioaren Aurkako Ituna. 2019an sinatu zuten, Sindic de Greugesek —Kataluniako herritarren defendatzaileak— sustatuta, eta haren alde egin zuten alderdi guztiek, PPk, Ciutadansek eta CUPek izan ezik. Sindikatuei dagokienez, USTEC —publikoko irakasleen artean nagusia— izan zen hutsune nagusia, eta guraso elkarteen artean, FaPaC —hezkuntza publikoko gurasoen elkartea—. Halere, guraso elkarte batzuk ez zeuden ados, eta sinatzea erabaki zuten. Gainerakoan, eragileen babesa izan zuen. Behin ituna lortuta, hura praktikan jartzeko ekintzak zehaztu behar ziren, eta horretan aritu zen Xavier Besalu kulturarteko heziketan aditua eta Kataluniako Eskola Kontseiluko kide izandakoa (Sant Julia de Ramis, Herrialde Katalanak, 1953).

Ikusi gehiago:Generalitateari bi hilabete eman dizkiote eskolen %25 gazteleraz izateko

Nolakoa izan zen itunerako bidea?

Sindic de Greugesek jarri zuen eskola segregazioa mahai gainean modu nabarmenean. 2017an, bi txosten egin zituen. Hezkuntza Departamentuarekin hitz egin zuen, eta horrek esan zuen heldu beharreko arazoa zela. Ituna 2019an sinatu zen. Nire ustez, 2018ra arte Kataluniako politikak eskola segregazioa ez zuen mahai gainean jarri lehentasun gisa.

Beraz, aurretik sinatutako akordioan eta legean ere ez?

Ez, ez. Kataluniako indar nagusiak biltzen dituen legea da, baina ez zion heltzen eskola segregazioaren gaiari, eta stand by egoeran uzten zuen sare bikoitzaren edo hirukoitzaren kontua —publikoa, itunpeko pribatua eta pribatua—.

Itunak zer neurri biltzen ditu segregazioari aurre egiteko?

Ituna ona da, baina bi urte hauetan pasatutakoak ez ditu asko aldatu gauzak. Aurten lehen aldiz martxan jarriko da. Zer dioen? Bat: ikastetxe guztiek kalitate baliokidea eduki behar dute. Bi: eskola aukeratzeko askatasunaren aurretik dago kohesio soziala eta eskolatze orekatua izatea diru publikoarekin finantzatutako ikastetxeen artean. Horretarako, hainbat neurri jartzen ditu. Zeintzuk?

Planifikaziorako batzorde bat dago, eta eskola postuak planifikatzen dituzte, erroldaren, dauden lekuen eta orekaren arabera. Hezkuntza bermeen batzordea ere badago. Ikasturte osoan iristen diren matrikula guztiek hortik igaro behar dute; kontuan eduki behar dute gurasoen aukera, baina baita eskolen osaera ere.

Eta eskola publiko eta itunpeko denetan leku batzuk gorde behar zaizkie hezkuntza behar espezifikoak dituztenei.

Esaten da atzeman behar direla hezkuntza behar espezifikoak dituzten ikasleak, eta horientzako leku batzuk gorde. Hemen, gurasoen aukeratzeko askatasuna ere badago, eta horiekin hitz egin behar da, eta esan: «Eskola hau aukeratu duzue, baina atzerriko ikasleak ez pilatzeagatik edo zure umeak integrazio hobea eduki dezan, hobe da bestean eskolatzea». Ezin da derrigortu.

Neurriak martxan al daude?

Batzuk bai, baina, orokorrean, ez. Ez da astirik egon, baina garai hau funtsezkoa da ikusteko ea itunak funtzionatzen duen.

Ikasle atzerritarren %80k eskola publikoetan ikasten dute; orokorren, ikasleen %67k jotzen dute sare publikora. Itunpekoei gehiago eskatu behar al zaie?

Noski. Sare publikoan, eskola batzuetan %90 atzerritarrak dira edo ez dute ia batere, hiri berean. Itunpeko zentro oso elitistak daude, baita lan sozial izugarria egiten dutenak ere. Itunak ez badu eraginik itunpeko ikastetxe pribatuetan, porrota izango da, hori delako ardatz nagusia segregaziorako; ez bakarra, baina bai nagusia.

Kuotak debekatzeko, proposatzen duzue finantzaketa handitzea. Nahikoa al da?

Erreparoa diot itunpeko zentro pribatuak gehiago finantzatzeari. Egokia litzateke administrazioak kontrolatzea kuotak izateko izan behar dutenerako: ordu bat gehiago ordaintzeko —itunpekoetan publikoetan baino ordubete gehiago dute egunero—, ez besterik.

Itunak dio hezkuntza proiektuengatik ere egiten direla bereizketak. Eskolei autonomia gehiago emateak ez al du eragingo segregazio hori areagotzea?

Eskolek autonomia eduki behar dute, baina haien hezkuntza proiektuak herriko edo auzoko herritarrentzat pentsatutakoa izan behar du. Proiektu batzuek segregazioa sustatzen dute, oso desberdinak direlako edo ez datozelako bat herritarrekin.

Zer ondorio ditu segregazioak?

Ondorioak Kataluniako gizarte osoarentzat dira. Hezkuntzaren oinarrizko egitekoetako bat da egungo Kataluniako munduan bizitzeko prestatzea, eta hori kulturaniztuna da. Pobreei edo atzerritarrei blindatuta dauden eskolek ez dute ondo egiten haien lana. Ghetto diren eskolentzat zein diren ondorioak? Pisu handia du irakasleen imajinarioan, eta, normalean, hezkuntza maila baxuagoa da. Ikasleen %100 atzerritarrak diren eskoletan ezinezkoa da integrazio lan bat egitea.

Orain, epaileek eskolen %25 gazteleraz ematea derrigortu dute. Zer garrantzi dauka katalanak etorkinen integrazioan?

Euskal ereduak —garai batean behintzat— segregazioa bultzatu du; hemen, saihestu egin zen. Ia-ia seguru nago hizkuntzaren araberako eskola eredu bakarra mantenduko dela, eta ikusi beharko da nola izkin egin inposizio juridikoari. Garrantzitsua da ikasle guztiek —baita atzerrian edo atzerritar jatorriko familietan jaiotakoek ere— bi hizkuntzak menperatzea; bestela, aukera gutxiago edukiko dituzte eta beti atzerritar gisa ikusita egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.