Errefuxiatuen krisia

Iheslarien ihesbide eta hilerri

Uda sasoia hurbildu ahala, gero eta jende gehiago saiatzen da Mediterraneoa zeharkatzen Europara iristeko. Aurten, 44.200 pertsona iritsi dira. Azken egunetan, 3.000 lagun erreskatatu dituzte

Libiako Ilargi Gorriak zabaldutako irudia, Mediterraneoan hildako gorpuak jasotzen, otsailean. EFE.
Adrian Garcia.
2017ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Europaren Eguna ospatu zuten atzo, Robert Schuman Frantziako Atzerri ministroaren eta EB Europako Batasunaren bultzatzaileetako baten adierazpena gogoratzeko. Schumanek bere adierazpenean nabarmendu zuenez, Europak izate geografiko bat ez, baizik eta giza eskubideak oinarri zituen herrialde multzo bat izan behar zuen. Brexit-ari eta eskuin muturraren indarraldiari egozten diote orain EBren gainbehera, baina Bruselak hartutako politikek beraiek lurperatu dituzte batasunaren sortze printzipioak. Errefuxiatuen krisia da adibide: Europako agintariek ateak itxi dizkiete zaurgarrienei, eta gotortze politikek Mediterraneoa hilerri erraldoi bat bihurtu dute. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuen arabera, aurten bakarrik, 1.500 pertsona ito dira itsasoan. Baina kopuruek errealitatearen zati txiki bat besterik ez dute erakusten. Gorpu asko ez dira sekula aurkitzen, eta desagerpen guztien inguruan ere ez dago jakinarazpenik.

Turkiak eta EBk akordioa egin zutenetik, Greziako mugaldea hermetikoki itxita dago, eta Europara ailegatzeko Mediterraneoko zeharkaldia erabiltzen dute errefuxiatuek. Ondorioa begi bistakoa da: 2015ean, 3.700 hildako zenbatu zituen Mediterraneoan IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak. Iaz, 5.000 baino gehiago. Turkiaren eta EBren arteko ituna 2015eko martxoan sartu zen indarrean.

Eguraldi onak eta uda sasoiak lagunduta, espero da datozen asteetan gero eta jende gehiagok saiatzea bidaia arriskutsua. Joan den asteburuan, Italiako larrialdi zerbitzuek 3.000 pertsona erreskatatu zituzten hogei operazio ingurutan. 44.209 dira aurten Europara itsasoz iritsi direnak, IOMren arabera. Azken egunotan ere izan dira ezbeharrak: UNHCRren arabera, 245 pertsona desagertu dira Libiatik Italiarako bidaian.

Afrika iparraldetik Italia izan ohi dute helburu giza trafikatzaileek. Izan ere, Libiako gerra zibilak utzitako anabasa aprobetxatzen dute, jendez gainezka dauden txalupa zaharrak bidaltzeko.

Espainia eta Maroko

Halere, badaude Espainian lehorreratzeko asmoa dutenak ere. Baina Marokoko eta Espainiako larrialdi zerbitzuak ez daude ongi prestatuak. Horixe salatu du Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak. 2015eko abenduaren eta 2016ko abenduaren artean Espainiara iritsi nahian itsasoan 388 pertsona hil zirela ohartarazi du erakundeak. Horietatik 122 adingabeak ziren. GKEak jasotako lekukotzen arabera, Guardia Zibilaren eta Marokoko Marinaren operazio batean uretara eroritakoak ez zituzten erreskatatu, eta itota hil ziren.

Baina itsasoan bakarrik ez, Ceuta eta Melillara —Marokon dauden Espainiaren enklabeetara— sartu nahi dutenek ere jauzi arriskutsua dute. Erakundeak salatu du urtebetean sei pertsona hil direla hirietara sartzeko hesiak gainditu nahian. Larri zauritutakoak, berriz, 739 izan dira, horietatik 98 adingabeak. Espainiako lurretara sartzeko saialdietan, Melillan 258 pertsona itzularazi dituzte unean bertan Marokora; Ceutan, berriz, beste 311.

Itsasartea gurutzatzeak dituen berezko arriskuez gainera, pertsona asko hil ditu Marokoko eta Espainiako gobernuen jarrerak. Caminando Fronterasek salatu du bi herrialdeen arteko koordinazio falta handia dela, gauetan ez dituztela erreskate lanak egiten eta erreskate operazioak abiatzeko denbora gehiegi behar izaten dutela.

Izan ere, Europak tapoi lanak egingo dituen herrialdeak nahi ditu. Batasuneko elkartasun sortze-printzipioen aurka joan arren, EBko estatu kideak arrakastatsutzat dute Turkiarekin egindako ituna, eta eredu hori erabili nahi dute beste herrialdeekin. Esaterako, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak iradoki du Tunisiarekin edo Egiptorekin egin zitekeela antzeko zerbait.

EBk migrazioari buruzko bilkura bat egingo du uztailean, Erroman, Libiako ordezkariekin, nahiz eta huts egindako estatua izan; hainbat fakziok eta gobernuk botere lehia betean daude. Errefuxiatuak igarotzen diren herrialdetako ordezkariak ere gonbidatu dituzte. Angelino Alfaro Italiako Atzerri ministroak esan du «Libiaren egonkortzeari buruz» hitz egingo dutela.

Baina etxe barruan ere badu EBk zertaz arduratu. Grezia iheslarien kanpaleku erraldoi bihurtu dute; 60.000 pertsona inguru daude harrapaturik, baldintza kaskarretan. Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeen plataforma batek atzo salatu zuen Greziako Gobernuak uharteetako iheslariak diskriminatzen dituela: ukatutako asilo eskaera bati uko egiten badiote, eta, helegitea jartzen badiote, borondatezko itzuleratik kanpo uzten dituzte, eta, horrenbestez, Turkiara deportatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.