NBEren 71 urteko historian inoiz ez du emakume batek erakundea zuzendu. Eta idazkari nagusia aukeratzeko kanpainan horretan indarra jarri badute ere, beste gizon batek ordezkatuko du Ban Ki-moonNBEko idazkaritza nagusian. «Hori da beteko ez dudan baldintza bakarra». Antonio Guterresek (Lisboa, 1949) erronka askori aurre egin beharko dio urtea hastearekin batera NBEko gidaritza hastean. Besteak beste, Siriako gerra eta iheslarien krisia kudeatu beharko ditu. Azken afera horretan badu eskarmentua, 2005. urtetik UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria izan baita. Segurtasun Kontseiluak izendapena aho batez onartu ostean, Batzar Orokorrak berretsi beharko du hurrengo astean.
Ingeniaritza eta fisika ikasketak ditu Guterresek. Urte gutxi iraun zituen irakaskuntzan, 1974. urtean Alderdi Sozialistan izena eman baitzuen. Urte horretan kargugabetu zuten Antonio de Oliveira Salazar Portugalen, eta azkar murgildu zen politikagintzan. Alderdi Sozialistako idazkari nagusia hautatu eta hiru urtera, 1995ean, lehen ministro kargua hartu zuen, 2002ra arte.
Nazioarteko diplomaziari ekin zion Guterresek 2005. urtean, NBEko iheslarien agentziako buruzagitza hartzean. Errefuxiatuen krisiari heldu behar izan dio Guterresek, eta erakundearen erantzuteko gaitasuna hobetzea egokitu zaio. Herrialde aberastuek baliabide gehiago jartzeko ahalegina izan da berea. «Ezin diegu ihes egitea eragotzi. Aukera bakarra da haien etorrera nola kudeatuko dugun erabakitzea».
SOSLAIA. Antonio Guterres
Iheslarien idazkari ulerkorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu