Eguerdiko ordu biak izateko hamar minuturen faltan, bero dago Costa Rica iparraldeko Los Chiles herrian, Nikaraguako Corra herritik lau kilometrora. Erdialdeko Amerikan gorantz jarraitu asmo duten papergabe batzuek zuhaitzen azpian hartzen dute babes, eta beste zenbaitek Casa Esperanzara, migratzaileentzako jantoki batera, jo dute. Han, mahai baten bueltan daude Lizbeth (Ekuador), Victoria (Kolonbia), Antonio eta Ibrahim (Venezuela), eta Xiomara eta Zayra (Kolonbia). Lizbethek eta Victoriak —emakume trans bat da— bakarrik ekin zioten bideari, Antonio eta Ibrahim —bikotea dira— Perutik irten ziren, eta Xiomara eta Zayra ahizpak euren seme-alabak amaren zaintzapean utzita joan ziren etxetik. «Ezegonkortasunak, egoera ekonomiko kaskarrak eta segurtasunik ezak» bultzatuta utzi zituzten euren jatorrizko herrialdeak, eta helmuga bera daukate guztiek: AEB Ameriketako Estatu Batuak.
ARTIKULU ERLAZIONATUAK
Xiomarak eta Zayrak, 33 eta 23 urteko ahizpa kolonbiarrek, iragan maiatzaren 16an ekin zioten bideari. Lau egun eman zituzten Dariengo oihanean barrena, aurreikusita zeukatena baino bi egun gehiago; zazpi haurrekin zihoazen bi emakumerekin egin baitzuten topo, eta haiekin batera jarraitzea erabaki zuten. «Ez genuen nahikoa janari hartu, eta emakume horiek gurekin partekatu zuten sobran zeukaten janari apurra», azaldu du Zayrak. «Etengabe ibili, ibili eta ibili arren, irudi du oihana ez dela inoiz amaitzen», gehitu du Xiomarak.
Kolonbiaren eta Panamaren artean dagoen oihan erraldoi bat da Dariengoa: 108 kilometro luze da, eta Erdialdeko Amerikako oihanik handienen artean hirugarrena da. Txalupaz hasi ohi dute migranteek Kolonbiatik Panamarako bidea; gero, oihana oinez zeharkatzen dute, egun batzuetako ibilaldian; eta, azkenik, mendialdera igo behar izaten dute Panamara iritsi aurretik. «Ezagutzen genuen oihana gurutzatu duen jendea, baina ez dute azaltzen egiaz gertatzen dena», kontatu du Ibrahimek. Haren arabera, «infernua» da baso tropikalaren barruan ezkutatzen dena.
Costa Ricako Migratzaileentzako Zerbitzu Jesuitako langile humanitarioen arabera, Kolonbiako eta Panamako gobernuek ia ez dute botererik oihanean; talde kriminalen eta komunitate indigenen lurraldea da, eta horien gehiegikeriak jasan behar izaten dituzte handik igarotzen diren migratzaileek. Besteak beste, lapurretak, iruzurrak, sexu erasoak, bahiketak eta hilketak. Ez da trantze atsegina han ikusi eta bizitakoak gogora ekartzea. «Hildakoak, hildakoak eta gorpu hilak edonon», esan du Ibrahimek, eta isildu egin dira guztiak. «Denetarik ikusten da han, denetarik», gehitu du zertxobait geroago Zayrak. Dariengo migrazio ibilbidea hastekoa den norbaiti zer esango lioketen galdetuta, aholku hau eman du: «Norbaitek oihana gurutzatzeko asmoa badu, mentalki eta fisikoki prestatu dadila. Garrantzitsua da arropa gehiegi ez eramatea, ur eta janari nahikoa hartzea, eta oinetako egokiak janztea».
Antzera mintzatu da Osmaslys, alboko mahaian bakarrik eserita dagoen gazte venezuelarra: «Ez diot inori gomendatzen Darien gurutzatzea. Jakin izan banu, ez nuke inondik inora ere bide hori egin izango». Haren bikotea UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jarritako erizaindegian dago, oihanean egindako zaurien ondorioz. Ondoko mahaiko gazteen gisan, AEBetara heltzea da 23 eta 25 urteko bikotearen helburua, behin hara iristean lanean hasi eta euren etxeetara dirua bidaltzeko.
Miseriaren negozioa
Ibilbidea egin dutenen arabera, talde kriminalek eta indigenek ezartzen dituzte Dariengo oihaneko arauak, baita milaka pertsonaren miseriari etekina ateratzeko moduak ere. Antoniok azaldu duenez, oihana hasi baino lehen, Kolonbian, zain egoten dira zenbait gizon. Guztiek kamiseta berdea eramaten dute, eta eskaintza bat egiten diete migratzaileei, praktikan baztertu ezin dezaketena: oihana gurutzatzen laguntzen diete, buruko 350 dolar ordaintzearen truke. «Zenbaki bat jartzen diote euren zaintzaren pean dagoen migratzaile taldeari», gehitu du.
Hasierako ordainketa horretaz gain, bidean ere kobratu egiten dutela dio Ibrahimek. Hark esandakoa baieztatu du Lizbethek: «Ur botila 10 dolarrean saltzen dute, eta zu mentalki txikitzen saiatzen dira: esaten dizute ez zarela iritsiko, motxilak pisu handiegia duela…». Kolonbiako aldea bukatu eta Panamako mugara iritsi bezain pronto, baina, atzera itzultzen dira kamiseta berdedunak. Bandera zuritik —oihanaren Kolonbiako aldea bukatu eta Panamakoa hasten dela adierazten du— aurrera, bakarrik jarraitu behar dute. Eta, Ibrahimen eta Antonioren arabera, orduan hasten da oihanaren «zatirik gogorrena».
Jantokian dauden migranteekin eta laguntza humanitarioa ematen duten elkarteekin eta herritarrekin izandako elkarrizketetan jasotakoaren arabera, migratzaileei bidean egiten dizkieten lapurretak, iruzurrak, sexu abusuak eta bahiketak ez dira gertaera bakanak, sistematikoki errepikatzen diren erasoak baizik. Edonork jasan ditzake, baina arriskuak biderkatu egiten dira zenbait pertsonarentzat, hala nola haurrentzat, emakumeentzat eta transentzat: bortxatzeaz aparte, sexu trafikorako bahitzen dituzte horietako asko.
Iparraldeko gidariak
Hegoaldeko EMI Sur zentroan —Costa Ricako Gobernuak irekitako zentro bat da, Panamatik iristen diren migranteak hara eramaten dituzte— autobusa hartuta iritsi dira Los Chilesera Casa Esperanzan dauden migratzaileak. Hamabi ordukoa da Paso Canoastik iparralderako bidaia, eta pertsonako 30 dolar balio ditu. Behin Los Chilesen, bi aukera dituzte migranteek: Nikaraguako mugazainei 150 dolar ordaintzea, eta, Nikaraguan daudela jada, Santo Tomastik Hondurasko mugaraino autobusa hartzea —pertsonako 40 dolar balio ditu—; edo Los Chilesen jarduten duen sare kriminaleko kideen autoetan muga irregularki pasatzea.
Gobernuen arteko akordioak medio, bi herrialdetako herritarrek soilik igaro dezakete Nikaraguako muga doan: Venezuelakoek eta Haitikoek. Gainontzekoek, mugazainek eskatutakoa ordaindu behar dute derrigor, baina bidesaria ordaintzea ere ez da berme bat. Victoria bi aldiz saiatu da Nikaraguan sartzen, mugazainei 150 dolar ordainduta, eta bi aldiz itzularazi dute Costa Ricara. Hori bai, dirua hartu ondoren.
Herri horretan lan egiten duen langile humanitario batek —segurtasun arrazoiak medio, ez du bere izena agertzerik nahi— esan duenez, legez kanpoko gidari horiek autobus geltokian egoten dira zain, migranteen autobusa noiz etorriko, eta ibilgailutik jaitsi ahala erakartzen dituzte. Buruko 120 dolar kobratzen dizkiete autoan herrialde batetik bestera eramateagatik.
Iparralderantz jarraitzeko asmoa dute Antoniok eta Ibrahimek eta Zayrak eta Xiomarak. Helmugara iristeko banan bana igaro behar dituzte Nikaragua, Honduras, Guatemala eta Mexiko. «Urduri jartzen naiz herrialde horietan gertatu dakigukeenari buruz pentsatze hutsarekin», aitortu du Ibrahimek. Lizbethek eta Victoriak, berriz, Los Chilesen gelditzea erabaki dute, diru pixka bat bildu arte.