Atzo goizaldean hautsi zuen Israelek Hamasekin adostutako menia, Gaza bonbardatu eta hainbat errefuxiatu esparruri eraso egin ondotik. Gaur goizaldean ere jarraitu dute erasoek, eta, bi egunotan, laurehun pertsona baino gehiago hil dituzte eta seiehun lagun baino gehiago zauritu.
Eraso horien ondorioz, bertzeak bertze, gazatarrek zail dute kanpoaldearekin harremanetan jartzea, estaldura eta Interneterako konexioa ez baitira batere egonkorrak. Ibrahim Talal Abu Saif (Jaffa, Palestina, 1985) Gazako herritarra da, eta bonbardatu berri duten eremuetako batean du bizitokia, Jabaliako errefuxiatuen kanpalekuan. BERRIArekin egindako elkarrizketan ere nabarmen sumatu ditu estaldura eta Internet arazoak.
«Hitz egiten ari naizen leku honetan bertan bonbardaketa egin dute oraintxe, eta txikituta dago guztia. Beldurra ematen du kalera irteteak eta sarraski hori dena ikusteak», kontatu du. Kanpadenda batean bizi da egun, urtebete baita etxea suntsitu ziotela. «Hemen inork ez dauka etxerik, eta nik zortea dut nire denda zutik dagoelako oraindik».
Kaleak erabat suntsituta daude Abu Saifen inguruan, eta azaldu du «izugarrizko tristura» eragiten diola kanpoa ikusteak. Gaza hegoaldean bizi zen lehen, gune humanitario batean, Israelgo armadak hara bidali baitzuen bertze gazatar anitzekin batera. Orain urte bat, baina, etxea eraitsi zioten, eta iparralderantz jo zuen. Hegoaldean bizi du familia. «Ongi daude oraingoz, baina ezin dugu elkar ikusi, eta nik ez daukat dirurik haiek iparraldera ekartzeko». Izan ere, Israelgo armadak blokeatu egin du Gazako hegoaldearen eta iparraldearen arteko lotura.
«Minutuz minutu bizi gara, orduz ordu asko jota, baina ez dugu aukerarik egunez egun bizitzeko»
IBRAHIM TALAL ABU SAIFGazako herritarra
Dena den, Abu Saifek salatu du «inon» ez daudela seguru; «ez hegoaldean, ez iparraldean». «Ihes egiteko erraten digute, eta guk ere hori egin nahi dugu, baina ez dakigu nora. Leku seguru batera? Ez dakigu zein den leku segurua». Abu Saifek ez du sinesten jada leku segururik existitzen denik Gazan, eta etsitu egin du etorkizunari buruz galdetu zaionean. Ez du etorkizunik ikusten, esperantza eta fedea «zeharo galduta» baitauzka. «Ezin dugu biharko planik egin, ezin dugu etorkizunik irudikatu; ez dugu sinesten inoiz helduko denik. Minutuz minutu bizi gara, orduz ordu asko jota, baina ez dugu aukerarik egunez egun bizitzeko. Amesteko luxua lapurtu digute, eta lehen aldia da hori sentitzen dudana».
Laguntza humanitarioaren falta handia sumatzen du Abu Saifek, baina aitortu du «guzti-guztia» dutela faltan. Israelek laguntza humanitarioaren sarbidea ukatu du Gazan, eta, orain, deus ez da sartzen Gazara. «Ez dugu ez jatekorik, ez urik, ez argirik, ezta laguntzarik ere».
Gordea dutenarekin bizi dira oraingoz, gaur arte biltegiratzea lortu dutenarekin; hala kontatu du Gazako herritarrak. Merkatuan, gainera, geroz eta garestiago saltzen dituzte produktuak; bederatzi euroan zegoen tomate kiloa gaur Abu Saif erostera joan denean. «Frutek eta barazkiek kanpotik etorri behar dute, hemen ez baitago lurrik ezer landatzeko moduan, baina alferrik da, ezin dira honaino sartu».
Erietxeekin ere gauza bera gertatzen da, biltegian duten materialarekin artatu behar dituztela gaixoak. Biltegian, baina, geroz eta material gutxiago gelditzen da. Hiru ospitale txiki dituzte iparraldean, eta «lepo» daude hirurak. «Larrialdi egoeretan bakarrik joan gaitezke hara, baina hiru-lau bat mediku daude guztira, eta arreta hagitz mantsoa izaten da».