Igande odoltsuan paraxutisten buru izan zena hil da, 80 urterekin

Paraxutistek hamalau zibil hil zituzten 1972ko urtarrilaren 30ean, eskubide zibilen aldeko erakunde batek deitutako protesta baten aurka tiro eginda. Bloody Sunday Trust elkarteak argi utzi du ez dutela «negarrik» egingo haren heriotzarengatik.

'Bloody Sunday' egunean hildakoen senideek egindako protesta, Derryn, 2010ean. STRINGER / EFE
'Bloody Sunday' egunean hildakoen senideek egindako protesta, Derryn, 2010ean. STRINGER / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urriaren 16a
13:55
Entzun

Erresuma Batuko armadak hamalau zibil hil zituen Derryn (Irlanda), 1972ko urtarrilaren 30ean. Hain zuzen, paraxutisten erregimentuak tiro egin zien NICRA Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Aldeko Erakundeak deituriko manifestazioan parte hartzen ari zirenei: hamahiru lagun momentuan hil ziren; hamalaugarrena, berriz, hilabete batzuk geroago. Bloody Sunday (igande odoltsua) deritzon gertakari hori. Momentu horretan, Mike Jackson zen erregimentu horren buruetako bat. Derry Journal hedabideak jakinarazi duenez, atzo zendu zen, 80 urterekin.

Bloody Sunday Trust elkarteko presidente Tony Dohertyk argi utzi du, «senideen eta armada britainiarrak hildako pertsonak maitatu zituztenen izenean», ez dutela «negarrik» egingo Jacksonen heriotzarengatik. «Pertsona errugabe askoren exekuzioa agindu zuen; Nazioarteko Zigor Auzitegiaren akusatuen aulkian egon behar zuen, gerra krimenengatik», salatu du.

1972ko urtarrilaren 30eko arratsalde hartan, epaiketarik gabeko espetxeratzeen aurka deitu zuen manifestaziora NICRAk. 15.000 pertsona inguru atera ziren kalera. Agintariek manifestariei debekatu egin zieten errepublikanoak nagusi ziren auzietatik ateratzea, eta mugetan barrikadak jarri zituzten, zeharkatu ez zitzaten. Hori dela eta, manifestari talde bat harriak jaurtitzen hasi zen mugan zeuden barrikadetara, eta horietan zeuden soldaduek erantzun egin zieten: gasa, gomazko pilotak eta ur kanoiak baliatu zituzten hasieran, eta, gero, soldaduek barrikadak zeharkatu zituzten, eta tiro egiten hasi ziren.

Gertakari horien ostean, hainbat domina eman zizkioten Jacksoni. Are, Britainia Handiko Armadako Estatu Nagusiko buru izendatu zuten. Laudorio horiek guztiak arbuiatu dituzte orduan hildakoen senideek. «Ez da dolurik egongo; haren estatua eraistea nahi dugu», nabarmendu du Dohertyk.

Bestalde, Colum Eastwood SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristako diputatuak ordu hartan hildakoen senideak ekarri ditu gogora: «Zalantzarik gabe, oso oroitzapen zailak ekarriko dituzte gogora, baita justizia eta egia eskatzeko ahaleginean igaro behar izan zituzten urte gogorrak ere».

Hiru ikerketa

50 urte hauetan, hainbat txosten egin dituzte gertakariaren inguruan. 1972ko otsailaren 1ean, Edward Heath Erresuma Batuko lehen ministroak John Widgery Auzitegi Goreneko presidentea hautatu zuen Derryn gertaturikoari buruzko txosten bat egiteko. Bi hilabete geroago amaitu zuen txostena. Tiroketan parte hartu zuten soldaduekin hitz egin ostean, Widgeryk ondorioztatu zuen manifestazioaren antolatzaileek «egoera arriskutsua» eragin zutela eta horren aurrean soldaduek ez zutela izan «tiro egin beste aukerarik». Askok leporatu zioten gertatutakoa «zuritu» izana.

Biktimen senideek egindako presioaren ondorioz, beste ikerketa bat jarri zuten martxan, 1998an; Tony Blair lehen ministro laborista zen orduan agintean. Mark Oliver Saville epaileak hartu zuen ikerketaren ardura. 12 urte geroago argitaratu zuten txostena. Honako hau zioen: «Ez dugu ez egoerarik ez adibiderik aurkitu soldaduen tiroketa justifikatzeko».

Hirugarren ikerketa igande odoltsu hura gertatu eta 40 urtera jarri zuten martxan. Kasu horretan, Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak abiatu zuen txostena, eta 30 detektibek parte hartu zuten. 2016an, kasuari loturiko dokumentuak helarazi zizkioten Ipar Irlandako Fiskaltzari.

Azkenik, duela bost urte, paraxutista ohi bat auzipetu zuten, bi lagun hiltzeagatik eta beste lau hiltzen saiatzeagatik. Bloody Sunday-n hildakoen familiek adierazi zuten garaipen bat zela soldadu ohiaren aurkako karguak aurkeztu izana, baina nabarmendu zuten «izugarrizko atsekabea» sentitu zutela jakitean gainerakoen aurkako akusaziorik ez zutela aurkeztuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.