'Idai' zikloiak Afrika hego-ekialdean eragin duen hondamenaz ohartarazi du NBEk

Mozambikeri, Zimbabweri eta Malawiri kalte egin dien «klima hondamendia» hego hemisferioan gertaturiko handienetakoa izan daiteke, Nazio Batuen Erakundearentzat

Hainbat emakumezko ur edangarria bilatzeko ahaleginean, duela hiru egun, Beira inguruan (Mozambike). JOSH STEY / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Idai zikloiak sortutako ekaitz tropikalak Afrika hego-ekialdea astindu du azkeneko bost egunetan, eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak atzo jakinarazitakoaren arabera, «klima hondamendi bat» eragin du Zimbabwen, Malawin eta Mozambiken. Azken horretako gobernuarentzat, 600.000 herritar ingururi eragin die. NBE, berriz, areago joan da: 1,7 milioi laguni kalte egin die Mozambiken, 920.000ri Malawin, eta 15.000ri Zimbabwen. Mozambikek 28 milioi biztanle dauzka , eta Malawik, hemezortzi. «Aurreikuspenak betetzen badira, hego hemisferioan gertaturiko hondamen klimatiko handienetako bat izan daiteke», ohartarazi zuen atzo Clare Nullis Munduko Meteorologia Erakundeko kideak. Antzera mintzatu zen Lola Castro MEP Munduko Elikadura Programakoa, eta adierazi «inoiz ez bezalako hondamendia» dela Afrika hego-ekialdean gertatutakoa. NBEren agentziak dira bi erakundeak.

Hildakoei dagokienez, iturri ofizialek adierazi dute 98 pertsona hil direla Zimbabwen, 84 Mozambiken, eta 56 Malawin. Baina Filipe Nyusi Mozambikeko presidenteak herenegun nabarmendu zuenez, litekeena da herrialde horretan 1.000tik gora izatea hildakoak. Haren esanetan, «tamaina handiko giza hondamena» da gertaturikoa. Erreskate lanetan dabiltzan laguntza humanitariorako agentziek zenbait hedabideri azpimarratu dietenez, bizirik irautea lortu dutenetako asko oso urrutiko eremuetan geratu dira harrapatuta. Errepideak txikituta daude; eraikinak aurrean eraman ditu zikloiak, eta herrixkak urpean daude.

Joan den ostegunean sartu zen zikloia Mozambiken, Indiako ozeanotik, eta orduko 170 kilometroko abiadurako haizeteek Beira kostaldeko hiria txikitu zuten. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearearen arabera, eraikinen %10ek soilik eusten diote zutik. Save the Children GKE gobernuz kanpoko erakundeak modu oso grafikoan azaldu du zikloiak nola eragin dion 500.000 biztanleko hiriari: «Uharte bat da ozeanoan». Kontuan hartu behar da, gainera, zikloia heldu baino lehenago euri asko egin zuela inguru horretan.

Horregatik, egoera zein den deskribatu du Herve Verhoosel MEPekoak: «Teilatuak jendez lepo daude, baita Beiratik kanpo dauden lur eremu garaiagoak ere. Barne ozeanoak kilometroka eta norabide guztietan ari dira hedatzen». Caroline Haga Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko teknikariak azpimarratu zuen, atzo, NASArekin eta Europako Espazio Agentziarekin jarri direla harremanetan, satelite bidez kaltetutako eremuen «irudi oso bat» lortzeko ahaleginean. Batzorde bereko Matthew Cochranentzat, «mundua» oraindik ez da «hondamenaren larritasunaz» jabetu.

Mozambiken gertatu izan dira uholde larriak, eta zikloiek astindu izan dute. 2000ko otsailean eta martxoan, adibidez, 700 bat pertsona hil ziren euriteen ondorioz. Gainera, lantzeko moduko 1.400 kilometro koadro lurri eragin zieten uholdeek. Oraingoan ere hamaika labore eremu txikitu ditu zikloiak. Hain justu, orain ziren ereindako uzta jasotzekoak. Nullis MEPekoarentzat, Beira inguruan orain ez dute ura non drainatu. «Hau guztia ez da azkar desagertuko».

Laguntza eskaera

Hondamenari aurre egiteko, laguntza eskatu die Munduko Elikadura Programak haren nazioarteko bazkideei: 12,3 milioi inguru Mozambikerako, eta bederatzi bat milioi euro Malawirako. Oraingoz ez dute zehaztu Zimbabwerako diru kopurua.

EB Europako Batasunak, berriz, 3,5 milioi euro eman ditu zikloiak kalte egindakoei laguntzeko. Christos Stylianides Laguntza Humanitario eta Krisi Kudeaketarako Europako Komisarioak atzo zehaztu zuenez, diru hori erabiliko dute lan logistikoetarako eta biktimak artatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.